Bildu, gurinezko egunak

Bildu, gurinezko egunak –

Sabin Etxean aspaldian ez da giro. Genovan ere ez. EH Bilduk lortutako emaitzek harridura piztu dute Bilboko egoitzan. Bigarrenean, sumina. Bilduren egoitzan, berriz, poztasuna neurritsua da. Atzean gelditu da berunaren usaina. Orain, gurinaren urrinak blaitzen du giroa.

Jeltzaleek urteetan erakutsitako sendotasuna pitzatzen hasia da. «Gurekin jendea aspertu egin dela diote», aitortzen dute foro pribatuetan. Bai, beldur dira, kezkatuta oso, hegemonia galtzeko arriskuak izutu egin ditu. Lekuz kanpo dabiltza. Bestetik, popularrek erabilitako gerra zikin guztiak kontrako efektua izan du: Bilduren mezua indartu baino ez du egin. Eta gainera, Espainian ere ez dute Sanchezen porrota lortu. Jokaleku honetan, sozialistak ere leku bila dabiltza; oreka arras zailean: «Zu gabe gaizki, baina zurekin ere ez». Madrilen Bilduri, fokuetatik at, kuku egiten dioten bitartean, Gasteizen eta Iruñean zeharka begiratzen diete: harreman arriskutsuak omen dira (momentuz).

Bildu, gurinezko egunakBesteen demerituak baino, EH Bilduk ere zerbait ongi egin duelakoan nago. Izan ere, bere hazkundea izugarria izan da. Oso atzera joanda ere, emaitzak benetan deigarriak dira. Esaterako, duela 44 urte, Francoren osteko lehen udal hauteskundeetan, 1979an, Herri Batasunak izugarrizko ilusioa piztu zuen. Horren ondorioz, 164.516 boto eta 267 zinegotzi eskuratu zituen Hego Euskal Herrian (botoen %13,7). Hirugarren indar politikoa izan zen, jeltzaleen eta sozialisten atzetik. 2023an, emaitzak biderkatu egin dira: 366.048 boto, 1.395 ordezkari, eta lehen indar munizipalista da botoen %27rekin. Lau hamarkada luze hauetan gauza asko, gorabehera ugari eta gertaera lazgarri eta pozgarri dezente gertatu dira Euskal Herrian. Horrek guztiak eragina izan du, jakina, ezker subiranistak gizartean eta bozkalekuetan izan duen eboluzioan. Baina zeintzuk dira EH Bilduk orain bizi duen eztialdi horren gakoak? Hona, xume-xume esanda, apunte solte batzuk, norbaiti akaso interesgarri gerta dakizkiokeelakoan. Lehenik zerrenda ditzagun faktoreok: gizartearen eboluzioa egoki interpretatu izana (estrategia aldaketa), hazkundearen sendotasuna, mezuaren argitasuna eta buruzagiek erakutsitako jarrera.

Gizartearekin bat. Euskal gizarteak bizkarra eman zion ETAren estrategiari. Jasanezina zen etikoki eta politikoki. Ezker abertzalea ere horretaz ohartu zen. Beranduegi? Seguru baietz. Baina estrategia aldaketa, azkenean, gauzatu zen. Askok eta askok aspaldi esaten genuena frogatu zen: borroka armatuaren trabarik gabe, askoz hobe. 2011ko urrian ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen. Azaroan, Espainiako hauteskundeetan, Amaiur hautagaitzak sorpresa ikaragarria eman zuen: 334.498 boto eta zazpi diputatu eskuratu zituen. Ordurako Bildu legeztatua zuen Auzitegi Konstituzionalak.

Orduan gauzatzen hasi zen Arnaldo Otegik Uruguaitik ekarritako estrategia: fronte zabalaren teorizazioa; alegia, indar desberdinen arteko batura —Sortu, EA, Alternatiba, Aralar, independenteak…— behar da helburu amankomun batzuk lortu nahi badira.

Azken 25 urteotan euskal gizartea asko aldatu da, zentzu guztietan. Bilduk oso modu egokian interpretatu du aniztasun hori. Eta boto-emaileek ere halaxe aitortu diote. Horratx bi adibide garbi. Oiongo alkatea —Jose Ramon Villanueva— Bildukoa da, Cadizen jaitako euskalduna. Bai, eta alkatea da non eta Oionen; hau da, Logroñotik bost kilometrora dagoen 3.400 bizilagunen herrian. Logroñon PPk gobernatzen du, gehiengo osoz. Bermeoko lehen agintaria ere horren adibidea da: Nadia Nemeh Shomaly jatorri palestinarra duen EH Bilduko alkate feminista eta euskalduna da.

Gizartearekin bat. Gizartearen isla.

Hazkundearen sendotasuna. Bilduren emaitzak ez dira abagune zehatz baten ondorio edota buruzagi argi batzuek egindako kanpaina xelebre baten emaitza. Ez. Azken urteotan, hauteskundez hauteskunde gauzatu den joera sendo baten adierazle garbia dira. Koskaz koska gorantz joan da, eta gainera oso modu orekatu eta naturalean. Sektore desberdinetara iristen ari delako seinale. Oraindik ere, gorabehera handiak daude eskualdetik eskualdera, baita zulo beltz batzuk ere (Nafarroako Erribera, kasu). Baina sendotasun horrek berme handia ematen dio eta herritarrek goranzko joera hori pertzibitzen dute, beste batzuengan beheranzko joera antzeman duten bezala.

Argitasuna. Uztailaren 23ko hauteskundeetan koalizio subiranistak oso garbi azaldu zuen bere mezua: «Gure esku badago ez dugu inoiz ere PP-Vox-en gobernua ahalbidetuko, horrelako gobernu batek jendearen bizi-baldintzak okertuko lituzkeelako». Jeltzaleen mezua, berriz, zalantzatiagoa izan da. Gainera, haien iraganak —PPren gobernuak behin baino gehiagotan ahalbidetu izanak— salatu egin ditu. Egoera makur honetan, jendeak mezu garbiak eskertzen eta saritzen ditu.

Horrezaz gain, EH Bilduk Madrilen izan dituen bozeramaileen argitasunak —Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Jon Inarritu…— asko egin du haien alde. Oskar Matutek harri eta zur utzi zituen Espainiako analista asko eta asko TVE1en izan zen eztabaidan. Bikain aritu zen: lasai, sendo eta aurkarien ahuleziak agerian utziz.

Erakutsitako jarrera. Arnaldo Otegik mindfulness-eko ikastaro batetik atera berria dela dirudi, behin eta berriz hauxe esan eta esan ari baita: «Ez gaude boterearekin obsesionatuta. Iritsiko da unea, baina ez edozein modutan. Ez dugu presarik. Guk printzipioak eta pragmatismoa lehenesten ditugu». Jarrera horrexek estresatzen ditu gehien jeltzaleak, ez baitakite zer gertatuko den hurrengo hauteskunde autonomikoetan, ezta noraino iristen diren subiranistek eta sozialistek esku artean dituzten negoziazioak ere.

Zerrendatutako faktore horiek eta gehiagok ere noski —hemen garatzeko tokirik ez, ordea— azaltzen dute, nire ustez, EH Bilduk bizi duen gurinezko garai hau. Herritar askok bestelako indar politiko bat antzeman dute haiengan, esaten dutena betetzen duten pertsonak direlako eta —momentuz bederen— euren artean aparteko istilurik gabe konpontzen direlako.

Estatuan bizi den abagune bereziak leku pribilegiatuan jarri du EH Bildu. Faxismoari stop esateaz gain, amnistia eta autodeterminazio eskubidea hizpide jarri diren honetan, bada garaia lurraldetasunaren auziari behingoz demokratikoki heltzeko eta euskal presoen salbuespenezko egoerari amaiera emateko.

Berunaren zama arinduz doa. Gurinaren urrina zabaltzeko garaia da.

berria bidez

Bildu, gurinezko egunak Bildu, gurinezko egunak Bildu, gurinezko egunak

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU