Gure txinatarrak
Gure txinatarrak –
Txinatarrek gobernatzen duten ostatu batean egiten ohi dut hamaiketakoa. Hori, jakina, ez da salbuespena Iturrama auzoan, gero eta gehiago baitira halakoak. Lehenago, hemengo jende batzuek eramaten zutenean, franko desastrea zen tokia. Duela hiru bat urte ekialde emakume batek bereganatu zuenetik inguruko ostatu arrakastatsuena bilakatu da. Zerbitzu arina, tratu adeitsua eta, txinatar ostatuek halako famarik ez badute ere, garbitasuna eta jan-edan kalitatezko eta ongi prestatuak. Eta gainera, Foru Ogasunaren ondoan. Astegunetan, hamaikak aldera, batzuetan zaila izaten da txanda hartzea barraren aitzinean. Azken egunetan, ordea, ezagun du bezeroen beherakada. Harrigarria, zergadunen isuria ez baita apaldu Foru Ogasunean. Batetik, eskertzekoa da, itxoin behar izan gabe eskatzea eta mahaia berehala harrapatzea. Bertzetik, pena da ohartzea jendea zein izubera den. Zein manipula erraza den. Zein ergela, funtsean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020 otsailaren 5ekoa]
Betikoa! Toki guztietan beti maila altuagoan dagoela sentitzen duen jendea dago. Horiek, beheko manipulatu horiengatik barre egiten dute, izan ere, beheko horiek sistemak kontatzen dien guztia sinesten dute. Ez da hala ordea goiko horiekin gertatzen, gauza guztietan badakite egia zein den, ez dira izutzen arrazoia erabiltzen dutelako, arrazoia erabiltzen duten bakarrak direlako. Gure artean, Euskal Herrian, normalean goiko orojakile horiek ezker abertzalekoak izan ohi dira. Ez duzue inguruan horrelako pertsonajerik? Besteok, manipulatuak eta ezjakinak, sistemak esandako guztia irensten duguna, aho zabalik egon behar izaten dugu inguruan ditugun orojakile horiei entzuten.
Baina, baina, ze obsesio duzu zuk ezker abertzalearekin? Txinatarren taberna batean bezero beherakada egon dela salatzen duen artikulu batean ezker abertzalea zertara dator?
Eta zuk zerorrek taberna txinatarrera sartzeari uko egin badiozu birusa dela eta, ezjakina zara, zalantzarik gabe. Birusa ez da jatorriagatik kutsatzen, horrenbeste jakingo duzu, ezta?
Koronabirusaren afera dela eta, gurean jende asko farmazia industriaren etekinak handitzeko “asmakizunak” direla esanez dabil, gaiak inolako axolarik sortzen ez dien plantak eginaz. Niri horrelako arropuzkeriak botatzea errespetu falta iruditzen zait, betiko orojakileen handikeriak. Baina pentsatzen egoten naiz: birusa gurera bete-betean iritsiz gero jende hori nik izango ditudanak baino kalitate hobeagoko maskarekin agertuko litzateke kalera. Eta gaitzak etxeko pare bat eramanez gero ikusi egin beharko litzateke zer esaten duten ahobero horiek, Urkulluk izango luke errua ziurrenik, kapitala pertsonen biziaren gainetik jartzeagatik. Nagusitasun hori ezin dut jasan eta Aingeru idatzi honekin muga-mugan dabil. Jendeak beldurra izatea normala da eta horregatik ez da ergela.
Ez, ergela ez da beldurra duena. Epaltzak hori ez du esan. Ergela da beldur horrengatik txinatarren negozioetara sartzeari uko egiten diona.
Eta obsesionatua zaude, bai.
Epaltzak hori esan du. Izubera izatea, funtsean, ergela izatea dela.
“Bertzetik, pena da ohartzea jendea zein izubera den. Zein manipula erraza den. Zein ergela, funtsean”
Jendea ergela da. Bera eta bere elite intelektualekoak dira argiak. Amen.
Gaixotasuna ez zaigu kutsatuko txinatar baten ondoan gaudelako, gaixo baten ondoan gaudelako baizik, bere jaioterria edozein delarik.
Hori ez dakiena, ezjakina da. Ezjakintasunak manipulagarri eta ergel egiten gaitu. Hori esatea ez da handikeritan aritzea, hortan handikeria ikusten duenak bere konplexuak agerian utzi besterik ez du egiten.
Gaixotasun bati izua edukitzea normala da, baina zenbat eta izu gehiago, ondo INFORMATZEKO behar are eta handiagoa dago. Informatu beharrean txutxumutxuetan bere izua elikatzen duena ERGEL HUTSA da, sentitzen dut.
Tristea da, negozio on bat aurrera eramaten dakien jendea ezjakinen jokabide penagarri horrekin kaltetua izatea.
Eta zein dira ba horretan handikeria ikusten dugunon konplexuak?
Ados nago diozunean “Gaixotasun bati izua edukitzea normala da, baina zenbat eta izu gehiago, ondo INFORMATZEKO behar are eta handiagoa dago.”
Jendea ergela dela esatea ordea…
Ezjakinak guztiok gara, arlo batean ez bada, beste batean. Beldurrak eragindako ezjakin horiek pedagogia behar dute, ez inork iraintzea. Une batean edo bestean gutako edozein izan daiteke “jendea” deitzen zaion masa horretako partaide eta ez dut uste horregatik bizi osorako ERGEL etiketa merezi dugunik.
Azken lerroarekin ere ados, jokabideak dira penagarriak baina alda daitezke. Jendea etiketatzen dugunean, ordea, konponbiderik ez dutela ari gara aditzera ematen.