Otsailak 13

Otsailak 13 –

Otsailak 13

Ez da deus aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, arnasa hartu, lo;
leuna du azala eta, azpian, odola,
hortz eta azkazalen erreserba ona du,
hezur hauskorrak, artikulazio luzakorrak.
Torturatzeko, hau guztia hartzen da kontuan.

Ez da deus aldatu.
Gorputzak dardar egiten du
hala Erromaren fundazio aurretik nola geroztik ere,
hala Kristo aurreko XX. mendean nola ostekoan ere .
Torturak berdin dirau, lurra txikitu den arren,
dena hementxe bertan gertatzen dela ematen duen arren .

Ez da deus aldatu.
Biztanle-kopurua handitu egin da soilik,
erru zaharrei berriak gehitu zaizkie,
benetakoak, balizkoak, une batekoak, baliogabeak ;
baina oihu gorputzak jaurtikia
errugabearena izan da eta izanen;
betidaniko izari eta neurrien arabera.

Ez da deus aldatu.
Agian moduak, zeremoniak, dantzak,
baina burua babesteko, eskuek
keinu bera egiten dute beti.
Gorputza uzkurtu egiten da, libratzeko borroka egiten du,
luze erortzen da lurrera, belaunak tolesten ditu,
ubeldu egiten da, puztu, lerdea eta odola dariola.

Wislawa Szymborska Nobel saridunaren olerkia, otsailaren 13aren, Torturaren aurkako  egunaren karietara; Joseba Arregi, Gurutze Iantzi eta Mikel Zabalza gogoan, baina baita hain ezagunak ez direnen beste torturatu askoren kasuak ere: justizia, egia eta erreparazioa aldarrika.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020 otsailaren 11koa]

Otsailak 13

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.