Gure historialarien… ekarpena
Gure historialarien… ekarpena –
Manuel Montero jauna ezaguna da askorentzat: historia garaikidean doktore, EHUko erretore ohia eta Bizkaiko egunkari nagusian sarri ekarpenak egiten dituena. Ez dut uste idazki labur hau irakurriko duenik, besteak beste, hainbeste urte hemen badaramatza ere,sekulan ez diot entzun hemen hizkuntza ofiziala den honetan hitzik esaten.
Berea Historia da. Oker ez banago zientzia arloan kokatzen da Historia, beste gai batzuk ez bezala. Baina ez da zientzia Fisika edo Kimika bezala. Halere sarri halatsu balira bezala hartzen ditugu historialarien ekarpenak. Aipatu artikuluan datuak baino gehiago bere “usteak” sartzen ditu. Eta ezin ahaztuko dugu historialariek datu batzuk eskura badituzte ere, beste asko ezezagunak dituztela, eta beren iritziak iritzi huts direla besteonak bezalaxe.
Martxoaren bateko artikuluxka batetan euskal autonomia ETAren bortizkeriatik jaiotako landaretzat hartzen du. Iritzi bat da, eskubide osoz ematen duena. ETAk zeraman borrokari amaiera bat emateko asmoz onartu zuen Espainiak Estatutua. Urrats bat gehiago ematea falta zaio: indarkeriaz lortutakoa ez da gurea, beraz itzuli dezagun. Bere autoritatea oinarritzeko hainbat datu dakartza Autonomia Estatutuak Madrileko Parlamentuan egin zuen ibilbideaz. Laburbilduta zera dio: zorte handia izan zuela Alderdi JELtzaleak akordio Suarez jaunarekin negoziatzean. Beste bat izan balitz, ez zen horren borobila izango. Nazionalistek eskatu guztia lortu bide zuten, Nafarroaren kasua izan ezik.
Esan ez dituen gauzak ere badira ordea: Estatutoak ezin izan zuela Nafarroa barne hartu eta hor ere bortizkeria eta inposaketa agian egon zela; ez du esaten, hau dela edo bestea dela, sinatu zen Estatutua kimatuta geratu dela bidean PP bera hasieran etsai zena gaur defendatzailerik sutsuena bilakatzeraino. Baina isilik pasatu du egia historikorik handiena: Historiako une batean erreinu independientea zen Nafarroa, egunotan Errusiak Ukraina bezala, inbaditu eta Espainiak bere egin zuela; eta aurreko mendeetan, beste bortizkeria asko barne, gauza bera egin zuela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin.