Gure herri handiaren izenak

Gure herri handiaren izenak –

Ana Malagonek, Berria egunkarian.

Donald Trump Etxe Zurira heldu zenetik hainbeste gauza gertatu dira Estatu Batuetan zaila dela denak gogoratzea, egunero dagoelako zerbait, asaldagarria beti. Hala ere, buruan bueltak ematen gelditu zitzaidan iazko udan Estatu Batuetako hegoaldean oraindik zutik dauden konfederatuen estatua eta banderak kentzea ala ez kentzearen afera. Kontserbadore zuriei ahotsa jarriz, Trumpek zera esan zuen, gaur egun esklabotzarekin lotzen ditugun ikur hauek «gure herri handiaren historiaren eta kulturaren parte» zirela. Ezohiko efektu bat eragin zuen nigan presidenteak: hausnartzen jarri ninduen. Normalean gogaitu besterik ez nau egiten.

«Gure herri handiaren historia eta kulturaren parte» diren pertsonaiak baditugulako guk ere, Euskal Herriko harri eta herrietan. Ez naiz historian aditua, tamalez. Historiak eta istorioak berrikustea ariketa sanoa iruditzen zait besterik gabe, norberarenak direnengatik hasita. Eta gure ikonoetan, «gure herri handiaren historia eta kulturaren parte» direnen estatua eta kale-izenetean zer ari garen gordetzen berrikustea lotsatzekoa, eta beraz, osasungarria izango delakoan nago.

Frankismoaren ikurrak kendu genituen (kendu genituelako… Ezta?) baina konkisten garaikoek gure kaleetan diraute, lurralde haietatik etorritako etorkinen bistara. Gugan genuen onena eman genuen beste batzuk makurtzeko. Eta benetan onak ginen. Hipokrisia ala handikeria, amnesia ala ezjakintasuna, autokritika falta ala arduragabekeria, ez dakit zerk eraman gaituen mendeetan zehar Amerikan eta Filipinetan gertatu zenaren souvenir hauekin gelditzera. Kale izendegikoak bide komertzialak ireki zituzten itsasgizonak, esploratzaile abenturazaleak, misiolari poliglotak edo gobernadore eskuzabalak besterik ez zirela izan pentsatzera. Ez zutela ezer lapurtu, inor bortxatu. Ez zioten hori ahalbidetuko zuen sistemari ekarpenik egin.

Juan Garaiek edo Urdanetak seme-alabak maitasunaren edo beroaldi partekatu baten fruitu izan zirela eta ez botere harremanen ondorio. Orduan ez zegoen #metoo mugimendurik. Martinez de Iralaren konkubinatoa bezalakoak, bai.

Gure herri handiaren izenak«Beste garai batzuk ziren, ezin duzu orainetik epaitu». Eta hori hala izanik, ez ote garen konfederatuen parean jartzen, eta iragana zuritzeak ez ote digun oraina iluntzen.

Pascual Andagoiakoaren kurrikulumak «indiarren bisitari» izan zela dio, eta ez zen mediku bisitak egiteko izango. Lan horretan «gogorra» izan zela irakurtzean eufemismo detektagailuaren argia piztu da. Plaza bat du Gasteizen. Pare bat supermerkatu gertu. Lana gogorra da bertan.

Katalina Erauso maitatzeak min ematen du. Hamabost urterekin komentutik ihes egin, eta, gizon bezala bizi izan zen arren, ziurrenik pirata holandarrak eta Txileko maputxeak egurtzeagatik jarri zitzaion kalea eta monumentua. Ez bere autobiografiak duen queer-tasunagatik. Pelikula egin zuten horretarako. Eta pastorala. Tira, agian ez. Ez zen horretarako izango.

Batek pentsa dezake Ramon J. Sender eta Werner Herzogen laguntzarekin Lope de Aguirre Amerikan gaizki egindako guztiaren ordezkari izendatua dela. Klaus Kinskiren aurpegi desatseginak asko erraztutako lana, bide batez. Batek pentsa dezake alaba hiltzeagatik edo Orinoco ibai inguruko sarraskiengatik ez zuela kalerik izango. Batek nahi duena pentsa dezake. Eta oker egon.

Funts eskaseko (eta norbaiti demagogikoa suerta dakiokeen) txosten honetan «gure herri handiaren historia eta kulturaren» ur hotzetan oin puntak sartu ondoren, Hoffenmeyer-Malagon teoria berresten dut: «Handiak izan ginen» garaien arrastoak uztearena baztertu beharreko arrisku-praktika da. Formula inokuagoekin giza-miseriak saihestu eta onargarriagoak diren emaitzak lor genitzake. Txori Isekariaren hiribidea bezalakoak. Adibidez.

.

Azaleko argazkian, Donostiako Urdaneta kalea. Sarrera barruko argazkian, Bilboko Juan de Garay kalea.
Gure herri handiaren izenak Gure herri handiaren izenak Gure herri handiaren izenak
historia, Kale izendegia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude