Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara

Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara –

Iragan mendeko bigarren erdiko musika popularra du erakusgarri orain urte gutxi Sondikako La Olan sortutako Music Legends jaialdiak, izan ere, Bilbon ibilbide luzeko artistak oholtzaratzen dituen izen bereko zikloa du oinarri.

Ekainaren 29 eta 30ean, bi egunetan hamabi talde eta bakarlari izango dira jaialdian jotzen, eta kantu banarekin aurkeztuko dugu bakoitza.

Rock doinuak zaharrunoen kontua dela onartu genuen Azkena Rock jaialdiaz mintzo ginela, eta beste horrenbeste esan behar dugu oraingoan ere. Bluesera lerratutako Sondikako Music Legends jaialdian, aiton-amonak izango ditugu oholtzan, Jeff Beck (73 urte) eta Steve Winwood (70 urte) afixa buruetatik hasita. Eskarmentu handiko musikari bikainak guzti-guztiak.

Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara
Jeff Beck-ek zuri kantatu nahi dizu.

Jeff Beck izango da jaialdiko izar nagusia, ez alferrik The Yardbirds kultuzko taldean gitarra jole izandakoa da, Eric Clapton eta Jimmy Page bezala (tumatxa hi!); eta bakarkako ibilbide oparoa osatu du azken mende erdian -bere ibilbidea laburtzen du “Still On The Run” dokumental plazaratu berriak-, historiako gitarra jolerik bikainenetakotzat jotzen dute.

Beste horrenbeste esan daiteke Steve Winwood teklatu joleaz ere, zeinak Spencer Davis Group, Traffic eta Blind Faith talde entzutetsuetan jo zuen bakarka abiatu baino lehen -arrakasten zuzeneko bilduma bat plazaratu berri du-. Hauxe da, izan ere, Music Legends ziklo eta jaialdiko ezaugarrietako bat, talde ospetsuetako kide izan eta eskarmentu handiko musikariak oholtzaratzea.

Afixa buruak bezala, 40. hamarkadan jaioak dira Wilko Johnson, John Cale eta jaialdiko amona, Mavis Staples ere.

Dr. Feelgood taldeko gitarra jole izana da Wilko Johnson hilezkorra. Minbiziak jota larri izan da orain gutxira arte, baina borrokalari nekaezin, aurrera egitea lortu du, oholtza gainetik jeitsi beharrik gabe –“The Ecstasy Of Wilko Johnson” dokumentalean Julien Temple zuzendariak kontatzen duenez-. The Who taldeko kantari Roger Daltreyrekin batera “Going Back Home” plazaratu zuen 2014an, azken lana izango zelakoan, eta hura atzean utzi eta “Blown your Mind” aurkeztu berri du orain, gitarra jotzeko duen era bereziarekin baina ez beti bezain pub-rock doinu bizi-biziekin.

John Cale galestarrak ere, aurreko guztiek bezala, iragan loriatsua du, ez alferrik The Velvet Undergroundeko gidari izana da Lou Reed maisuarekin batera. Ikasketa klasikoak egin eta viola jolea izanagatik ere, rockaren abanguardian ibili izan da beti -berak ekoiztuak dira Stooges-en debut lana eta Patti Smith-en “Horses”, besteak beste-, eta sailkaezin, estilo zein disziplina anitzeko egitasmoetan parte hartu izan du.

Baxu jole legez nabarmendutako musikaria eta orain artekoak baino apur bat gazteagoa da Deep Purple taldeko kantari Glen Hughes -gerora baita Black Sabbath-ekoa ere-, goitizenez “rockaren ahotsa”, Joe Bonamassarekin batera Black Country Communion supertaldea sortu zuena. “Resonate” du bakarkako azken lana, 2016koa, eta “Performs Classic Deep Purple Live” Sondikara dakarren bira.

Mavis Staples gospel kantariari amona deitu diogu, 78 urterekin bera baita Music Legends jaialdiko artistarik nagusiena, baita gure kuttunena ere. The Staple Singers taldean hasi zuen bere ibilbidea iragan mendeko 50. hamarkadan, ahizpak taldekide eta Martin Luther King lagun zutela.

Luzez itzali samar egon ostean, bere ospeak dirdira berreskuratu du azken hamarkadan, batez ere Wilco taldeko Jeff Tweddyk ekoiztutako “You Are Not Alone”plazaratu zuenetik -aurretik Prince eta Ry Cooder ere izanak ditu ekoizle!-. Geroztik, sasoi betean, beste hiru argitaratu ditu, “One True Vine” (213an), “Livin´on A High Note” (2016an) eta “If All I Was Was Black” (2017).

Music Legends Fest, aiton amonak oholtzaraMusikari anglosaxoiak nagusi diren jaialdian AEBetako artista bakarra dugu Mavis Staples (ondoko argazkian duzuna), beste guztiak europearrak baitira. Bizkaian abiatuko du Europako udako bira Staplesek.

Aspaldian asko hitz egin da emakumeak  rock jaialdietako oholtzak zapaltzen ez dituela-eta. Ez da Music Legends festibalaren kasua. Mavis Staplesekin batera, Ana Popovic ere izango da taldeburu, eta emakumez osatutako talde batek ere joko du Sondikan, Moonshakers bizkaitarrak. Aparte, John Cale eta Jeff Becken taldekideen artean ere badira musikari emakumeak (Rhonda Smith, Vanessa Freebairn-Smith…).

Ana Popovic serbiarra da, Belgradon sortua, egun AEBetan bizi bada ere; azken aldian blues gitarra jole legez sona erdietsi du. 2016ko “Trilogy” zuen azken lana, baina jaialdian urte hasieratik atontzen dabilen lan berriko kantuak joko dituela aurreikus dezakegu.

Nazioarteko taldeen sorta Siniestro Total galiziarrekin osatzen da -1981etik ez dira gelditu!-. Gaixotasun bat medio, taldeko bateria ordezkatu behar izan du Julian Hernandez beti dibertigarriak gidatutako boskoteak. Hamar hatzbeteko “El mundo da vueltas” dute azken lana, orain bi urtekoa.

.

Etxeko uzta

Music Legends jaialdiaren heren bat etxeko uztak osatzen du, hamabitik lau taldek; soinu tankerari dagokionez oso anitzak gainera.

Motxila 21 down sindromea duten gazte nafarrek 2005ean sortutako taldea da, besteak beste Kutxi Romero eta El Drogas ere taldekide dituena. Moonshakers talde bizkaitarra lau emakumek osatu zuten 2015ean, eta bi lan dituzte argitaratuak, azkena aurtengo “Visitantes”.

Europan zehar Euskal Herrian baino ezagunagoak diren Dead Bronco Getxokoak dira, AEBetako hegoaldekoa ematen badute ere -bertakoa dute kantaria, Matt Horan-, punkez zipriztintzen duten hilbilly eta bluegrass doinuak jotzen baitituzte banjo eta mandolinaz. “Driven by Frustation” ilun samarra dute azken lana.

Bukaerarako utzi dugu Gari, seguruenera jaialdiko hamabi taldeetatik ezagunena baitugu, Music Legends jaialdian nagusiki euskaraz abestuko duen bakarra. Bilbotartutako legazpiarrak 2o16ko “Estutu” du azken lana, eta Maldanbera taldearekin joko du, laukotean. Jeff Beck edo Glenn Hughesek ez badute iragan makala, Hertzainak taldeko abeslari ohia ere ez da atzean gelditzen, ez horixe.

Gari eta Maldanbera

.

Mavis Staples

.

Steve Winwood

.

Moonshakers

.

Glenn Hughes

.

Siniestro Total

.

Motxila 21

.

Jeff Beck

.

Ana Popovic

.

Wilko Johnson

.

John Cale

.

Dead Bronco

Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara Music Legends Fest, aiton amonak oholtzara