Gure demokrazia babes dezagun…
Gure demokrazia babes dezagun… –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Kanboko herriko etxearen paretan ezarri zuten banderola zabalean, irakur zitekeen herriak bere sustengua ekartzen ziela erasoak jasan zituzten herriko auzapez eta hautetsi guziei. Nahi ala ez, zenbait egun lehenago, leku hartan berean iragan zen gertakari batekin lotura egin nahian. Hitz guziak erabili ziren salaketetan: bortizkeria, ukaldiak, erasoak, demokaziaren haustea, etabar… Christian Deveze auzapezak gaitzespen lehiaketa bururatu zuen deklaratuz errekuperazio politikoa bazela Marienia proiektuaren aurkakoenganik.
Errekuperazio politikoa? Bai naski.
Laborariak kolektiboak jakinarazia zuen herriko kontseiluaren bilkuran parte hartuko zuela, jendarmeak etorriak ziren kopuru hainbat handian bazterrak zaintzeko. Herriko kontseiluaren bilkura hasi bezain laster, makilen eta joareen arrabotsarengatik bururaezina bilakatu zen. Denek nahiago genuke ez dadin holakorik gerta baina nola egin bestela?
Urte bat honetan galdegin hitzordua erantzunik gabe gelditu da. Naski ez da goxo bi orduz makilen eta joareen musika bortitza jasatea, ez da goxo ehun bat pertsona kontraerran ekarle ukaitea herriko etxean.
Baina non da bortizkeria? Non da demokraziaren urratzea? eztabaidagaian ala honek sortu zuen erreakzioan?
Hitz bortitzak erabili ziren, gertakaria zen baino gehiago eginez. Max Brisson senatariak aipatu zituen «errabiatuak», Jean Jacques Lasserre departamenduko lehendakariak kontatzen zigun manifestariak hautetsi bati mendekatu zitzaizkiola, Jean René Etchegarayk Kanboko auzapeza lurrera erorarazi zutela eta Claude Olive Angeluko auzapezak zioen «demokrazia eta gure herriaren funtzionamendua oztopatu zituztela»… Bederen! 0Eta beste hainbeste maila berekoak… BFM eta France info kateek informazioa zabaldu zuten etengabe, “le journal du dimanche” eta “Ouest France“ kazetek, besteak beste, sentipeneko tituluekin.
Zenbait egun berantago kanboko “herriko etxeak“, beste xehetasunik eman gabe, “herritar elkarrizketa“ bat antolatu zuen.
Beharrezkoa zen naski !!!
Demokrazia arriskuan genuen…
Kostaldeko hautetsi gehienak eta Errobi aldeko zenbait auzapez hurbildu ziren. “Herritar“ batzuk ere…berrogei bat, nonbait han. Testu honen helburua ez da bi gertakarietako parte hartzea baloratzea edo konparatzea, baizik eta azpimarratzea batzuek nahi zuten errekuperazioa ez dutela lortu.
“Fizela lodiegia zen“ baina entseatu dira. Sud Ouest egunkariko artikulu batean Deveze auzapezak berak salatzen zuen ez zekiela erraten nola erori zen, ez zekiela erraten norbaitek ala zenbaitzuek pusatu zuten… Gertakariaren irudi batzuk zabaldu dira sare sozialetan, zeinetan bortizkeriarik, ukaldirik ezta beste erasorik ere ez den agertzen. Baionako epaitegiak inkesta bat irekia luke, baina hor ere, zenbait egun berantago iduri du ez dela deus aterako hortik…
“Babes dezagun gure demokrazia“ lemak bere zentzu guzia hartzen du gertakari hauekin. Ez herriko etxean iragan direnekin, baina geroztik erabili diren manipulazioekin, emendatzeekin. Ez dituzte beren egileak handitzen…
Diren bezala ikus ditzakegu.