Gurasoak futbolaren minbizia dira

Gurasoak futbolaren minbizia dira. Gazteekin lan egiten dugun entrenatzaile, koordinatzaile, kirol-zuzendari, presidente etabarrek badirudi argi daukagula, askotan errepikatzen dugun esaldia bait da, mantra bihurtzeraino. Ez zaigu arrazoirik falta. Gurasoak ez dira gu bezalakoak, neurosirik gabeko gizaki prestuok:   Obsesio batek bizi ditu, eta obsesio horrek euren seme-alaben izena du.

 

Errealitatea begiratzeko erabiltzen dituzten betaurrekoak semearenganako amodio itsuak (gehienetan), edo semearen bizkar bizitzeko ametsak (batzuetan) desitxuratzen ditu. Jarrera horren ondorioak agerikoak dira, eta egunero ikusten ditugu: hasteko, besteen lanarekiko errespetu falta nabaria izaten dute. Entrenatzailearen jarduna etxeko Messiak jokatzen dituen minutu eta postuaren arabera epaitzen dute, eta larunbat honetan Guardiola dena datorren asteburuan putakume bihozgabe bat bilakatu daiteke. Halakoetan txarrenak apal ustekoak izaten dira, entrenatzailearengana hurbildu eta,  nik futbolaz ezer gutxi dakit, baina… esaldiarekin hasten direnak. Hori entzutean entrenatzaile batek bi gauza egin ditzake: atzera begiratu gabe korrika hasi, edo kriston txapa entzuteko prestatu. Bakarrizketa horretan, bere lana auzitan jartzeaz gain, guraso orojakileak semearen taldekideen lana ere kakaztuko du, etxeko Messiak ondo egiten duen guztia izorratzen dutelako. Gurasoen arteko ezinikusiak usu ematen dira, taberna zuloan edo harmailetan etxeko Messiaren aitak jokalari hau edo bestea larrutu duelako. Aurkariekin edo epailearekin izaten duen jarrera ere eredugarria izaten dela imajinatuko duzue.

Bestetik, mota honetako gurasoek ez dute erdibiderik izaten, eta etxeko Messiarekin gauza bera gertatzen zaie: edo sobera babestu eta Bolizko dorrean ostatu ematen diote, euren eldarnioaren babesean, edo gehiegi estutzen dute,semea nazkatzeraino. Gurasoen erruz futbola gorrotatzera heldu diren jokalarien zerrenda entrenatzaile baten erruz utzi dutenarena bezain luzea izango da, segur aski. Hala ere, ez nadin gogorregia izan. Azken finean, dena semeen hobe beharrez egiten dute.

Bihar, kontrakoa: gurasook, biba zuek!!!!

MARTITZENA 13