Kuraia

Azken egunotan mirespen handia sentitzen dut idazten dutenengandik. Berri txarren aurrean, bidegabeko zaratarekin, nere gorputza korapilatu egiten da eta isiltasuna eskatzen dit. Ez da isiltasun lasaia, deserosoa, sumindua, nahasia baizik. Hau gertatzen zaidan bakoitzean, gogoratzen dut Paul Austerren nobela baten hasiera. Emakumea eta haurra galdu duen gizon batek, ez du ez indarrik ez ilusiorik, gau batez grazia handiko pertsona bati entzun dion arte. Barre zotinka egiten du eta bere bizitza hasten da, berriro. Gaur ni ere beste diztira batek erreskatatu nau.

Sofan erdi lo nengoela, ETBtik zetorren zaratatik honakoa ulertu dut: langile aljeriar batzuk euren lankideekin egon eta laguntzeagatik, terroristek emandako askatasunari uko egin ziotela. Tentuz entzuten jarri naiz, baina, ez dute behar bezain beste azpimarratu langile hauen meritua. Eta azpimarratzekoa da, nere ustez. Oraintxe bertan, Euskal Herriko lantegietan gatazka asko daudenean, zoritxarrez, kasu askotan, egiazta daiteke zein erraza den lankideen arteko elkartasuna ahultzea. Aljerian ez zegoen lanpostua edo soldata arriskuan, bizitza baizik. Haien jarrera bai dela harrigarria eta balioduna.

noiz behinka, une batean, arnas batean, norbaitek aukeratzen du kementsu bizitzea.

Gaur ama existentzial esnatu zait eta galdetu dit zein ote den izatearen zentzua. Zentzurik ez duela erantzun diot. Orain aldiz, beste gauza bat esango nioke: noiz behinka, une batean, arnas batean, norbaitek aukeratzen du kementsu bizitzea. Eta horrek behartzen gaitu isiltasunean ez jarraitzera eta idaztera edo esatera beti egongo direla batez bestekoa baino hobeak diren gizakiak. Ekintza ausart gehienak ikusezinak dira eta egileak ez dira ohartzen egiten ari direnaz, baina mundua (oraingoz) salbatzen ari dira.

HASI-MASIAK