Guernica eta Gernika
Guernica eta Gernika
Josi Basterretxea Kazetaritza irakasleak, atzoko egunez, Gernika eta Guernica izan zituen mintzagai Euskalerria irratian.
.
Zaldia, zezena, ama, umea, gizona, gorpuzkiak, negarra… lorea. Horra hor gaurko erretratua. Sarraskiaren argazkia. Gerraren irudia. Gernika, pintoreak ikusita.
Laurogei urte. Data biribila. Ongi da gogoratzeko. Gauza hauek gogoratu egin behar dira. Kontu hauekin ikasi egin behar da.
Zaldia, zezena, ama, umea, gizona, gorpuzkiak, negarra… lorea. Horiek dira Picassoren protagonistak. Urtetan, beldurrak eta errepresioak zigortutako gizon-emakume isilak.
Baina, hitz egin dute horiek azkenerako. Tantaka eskuratu da haien informazioa. Gaur ezagunak dira barbaroen ekintzak. Ezagunak dira hiltzaileak. Jada ez dago dudarik: nork zer egin zuen, zergatik eta zertarako.
Laurogei urte igaro dira bonbardaketatik; laurogei, koadroa pintatu zela. Hezur-haragizko Gernikari zor zaio olio-pinturazko Guernica. Opari ona litzateke laurogeita batgarren urteurrenerako.