Guardiako hezkuntza akordioa

Guardiako hezkuntza akordioa –

Asteburua heltzeko gogoz geunden. Laguardiako upategi batean geneukan zita, ardo eta ardo artean mundua konpontzeari ekin genion. Ez genien gai korapilatsuei ihes egin: matxismoa, immigrazioa eta COVID-ANTICOVID zein terraplanismoaren erliebeko koska guztiei kosk egin genien. Eta iritsi zen gaia, hezkuntza. Arnasa hartu genuen, sakon. Gai honi helduko diogu? Ez gara borrokan hasiko? 1993an Ikastolako patioan jolas egiten genuen gutako gehienok, gure gurasoak Ikastolak publifikatu ala ez eztabaidatzen ari zirela. Ez pentsa burges txikien hausnarketak zirenik, denak langile klasekoak ziren: etxeko langileak, metalekoak eta irakasleak. 30 urte geroago Arabako Errioxan gai izan gara gaiaz pertsona helduak bezala eztabaidatu eta gure kezkak adierazteko. Hau da lorezaina, fisioterapeuta, metaleko langile bat eta lau irakasle hezkuntzaz sakon hitz eginez  Oinarrizko Hezkuntza Akordioetara iritsi gara, gure desakordio eta guzti.

Guardiako hezkuntza akordioa
Ark: Mikel Arrazola

Laguardiako Akordioa: Euskal Herri osorako hezkuntza euskalduna, euskara eta euskal kultura ardatz izango duena; Madril eta Pariseratik baino Europa iparraldetik eta gure herriko hamaika ikastetxetatik elikatuko dena, hezkuntza eraldatu, modernizatzeko; inklusioa, segregazioarik eza, jatorri, arraza, genero edo klase soziala ez dadila aitzakia izan inor baztertzeko; eta gure herriko hezkuntza sistemaz, euskal publikotasunaz guk erabakitzea. Hausnarketa bukatuta, aspaldiko partez elkarren aurpegiak ikusi eta Sarri-Sarri dantza egiteko aukera izan dugu.

Astelehena iritsi eta astelehenarekin iritsi naiz eskolara. Bost eguneko astea izan dugu, intentsoa, pasioz betea, ederra. Asteburuan amestutakoa astelehenetik ostiralera praktikara eramaten saiatu gara. Ondokoak ere egia berdaderoak dira, astebetean eskola txiki batean bizitakoak: ikaskuntza kooperatiboa hobetzeko hausnarketa; “Euskal kulturaz gozatzen” agenda kulturala osatzea; ikasle greba dela eta ikasleen eskubideen inguruko eztabaida; irakurmena hobetzeko estrategia bateratuak; gaikako hezkuntza gainditzen hasteko proiektu bateratuen koordinazioa; hezkidetza batzordearen esku-hartzea gatazka bat bideratzeko; euskara batzordea martxan jarri eta “Eusliderrak” aukeratzeko erabakia; patioan ikasleak nola dauden behatu, ebaluatu eta emozioak kudeatzen lagundu; IKKI, laguntza behar duten ikasleen banan-banako jarraipena; HIPI programak (ikasle etorri berriei euskara erakusteko programa) ez duela funtzionatzen enegarren aldiz konstatatzea; eskola eraberritzeko planoak ezagutu eta bi hamarkadaren ostean gauzatzeko esperantzari eustea; eta abar.

Astebetean hamaika ekintza gure ikasleei onena eskaintzeko asmoz. Aurrerapausoak bezala frustrazioak. Galderak. Zergatik ez dute ikasleek euskaraz gehiago hitz egiten? Zer gehiago egin euskal kultura transmititzeko? Zer egin ikasle etorri berriek euskara ikasi eta hezkuntzan arrakasta izan dezaten? Zergatik gaude irakasleok eta hainbat ikasle barrakoietan eta ez ganorazko eraikin batean? Zergatik gertatzen dira oraindik jarrera homofobo eta matxistak? Zergatik langile gehienok ez daukagu plaza finkorik? Zergatik ikasle etorri berriek ez dute internet etxean?

Gaur urriak 12 da, Hispanitate Eguna eta etxean gaude. Gaur Espainiako inperioaren eguna ospatzen da. Telebista piztu: desfile militarra, errege erreginak eta bandera handi bat mastilean. Zer gaude, oraindik Colonen garaian? Edo frankismoan? Zein balore sustatzen ari da telebista? Zein hizkuntza eta kultura bultzatzen du sistemak? Telebista erabiltzen badute, hezkuntza ez al dute erabiliko? Norbaitek uste du Estatuek eta kapitalak ez dituztela erabiltzen eskura dituzten tresna guztiak beraien ideologia zabaltzeko? Hezkuntza noren esku dago?

Harro gaude, nola ez gara bada egongo gure eskolan egiten dugun lanarekin harro? Ziur gure antzeko helburuak, ahaleginak eta frustrazioak dituztela Euskal Herriko eskola eta ikastola askotan. Zerk egiten du huts? Erantzuna erraza da: hezkuntza sistemak eta beronen atzean dagoen sistema kapitalista, hetero-patriarkal eta zentralistak. Badakigu Euskal Errepublika bat behar dugula gure hezkuntza sistema osoki gurea izan dadin… Eta bitartean?

Bitartean aukera bat ireki zaigu, behar dugun hezkuntza sistemarantz urrats berriak emateko. 1918an Oñatin Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzen hasteko elkartu zituen ehunka lagun Eusko Ikaskuntzak, ordutik hona bidea egin dugu, gogorra bezain oparoa. Urriaren 22 eta 23an Gasteizen zita jarri du berriz ere EIk. Arabar Errioxako mahastietan bezala hazia ereiteko ordua da, fruitua jaso eta behar dugun hezkuntza lortzeko tresna berriak eskuratu ditzagun.

30 urte geroago eskola eta ikastolako patioetan jolasean ari dira belaunaldi berriak. Gure seme-alabei ez diegu herentzian hezkuntza sistema eta euskaldunon arteko gatazka hau utzi nahi. Hausnarketa honetan ideia eta pertsona guztiok dugu lekua, ez du balio baloia zulatu edo pira egiteak. Laguardiako akordiotik, Euskal Herriko Hezkuntza Akordiora.

Guardiako hezkuntza akordioa Guardiako hezkuntza akordioa Guardiako hezkuntza akordioa Guardiako hezkuntza akordioa

LAB sindikatuko Hezkuntza arduraduna