Gu prest gaude

Gu prest gaude –

Utopiarantz ibili nahi, eta distopian ainguratu nahi gaituzte. Eskubide guztiak guztiontzat nahi ditugu, eta gutxi batzuen pribilegioa da haien eskaintza. Guzti hau aldatzeko aukerak irekitzen dituzten markoak nahi ditugu, eta hezurretaraino patriarkalak eta kapitalistak diren Frantzia eta Espainia da inposatzen digutena.

Gu prest gaude

Guzti honi buelta emateko hiru konstatazio onartu behar ditugula uste dugu. Lehenik eta behin, Espainian eta Frantzian helburu horretara gerturatzea ezinezkoa dela onartzen hasi behar dugula diogu. Ondorioz, eta bigarren konstatazio moduan, euskal errepublika derrigorrezko instrumentua dugula. Eta, azkenik, gaur egungo erakundeekin eta berauek kudeatzeko ditugun instrumentuekin bakarrik, euskal errepublika lortzeko gai izango den mugimendu herritarra sortzea ezinezkoa dela.

Independentismoari iritsi zaio tenorea gorago aipatutako hiru konstatazioak barneratu eta askapenerako bidea beste orube batean hankak jarrita pentsatzeko; aukera leihoa Madrilen egon beharrean Euskal Herriko jendartean baitago.

Azken urte hauetan, independentismoak asmatu du burujabetzari zentraltasuna eman behar zaiola esanda. Azken finean, burujabetza falta baita dugun arazo nagusia. Ezin baitugu edozein alorretan guk erabakitakoa aurrera atera. Ezin dugu, patriarkatuan, kapitalismoan eta Espainia eta Frantzia barruan bizi garelako, besteak beste.

Horrela, Euskal Herriko errepublikanismoari beste urrats bat egiteko garaia iritsi zaiola uste dugu: burujabetza aldarrikatzetik, hau da, gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek eman diezazkigutela erregutzetik, praktikan jartzera pasatu behar dugu. Konpainia elektrikoek, gizonek, kapitalak, Espainiak, Frantziak, erdarek… lapurtu dizkiguten burujabetzak berreskuratzen hasteko ordua iritsi da. Norbanako eta komunitate moduan aske jokatzen hasteko garaia iritsi zaigu. Burujabetza iraultzari hasiera eman behar diogu. Burujabe praktikak egingo gaitu.

Ikastolek, Rosa Parksek, intsumisoek, langileek eta beste hainbatek egin zuten moduan, burujabetzak praktikara eramaten hasiko garela adierazi nahi dugu. Gurea den hori erabiltzen hasiko garela, alegia.

Burujabetza iraultzak talka sortuko du alor diferenteetan, gure burujabetzak berreskuratu nahi ditugunon eta gure burujabetzak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko duen konfrontazioa konfrontazio egokia izango da jendartea mobilizatu, polarizazioa sortu eta euskal errepublikaren aldeko gehiengo aktiboa sortzeko.

Ehun-etik zerbait egin nahi duenari ekiteko aukera ematen diogu. Burujabetza iraultzaren protagonista izateko aukera ematen dugu. Horretarako gure webgunean (Ehun.eus) izena eman ahalko duzu. Izena eman, maiatzaren 14an Donostiako Trinitate plazan ekitaldi publiko batean azaldu eta lehenengo ekintza non eta noiz izango den argituko dugu. Hasi da burujabetza iraultza eta zu zara protagonista.

Miren Aranzabal Beitia eta Haizea Fernandez Gomez

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua

Gu prest gaude