Gu eta gutarrak

Gu eta gutarrak –

Sarrionandiak aspaldi idatzi zuen honakoa: “Igual, hasieran bertan ekibokatu ginen, mundura euskaldun sortzean”. Eta gustura galdetuko nioke Josebari zer esan nahi zuen, zerk betetzen zuen bere gogoa 80ko hamarkadan idatzi zuen poema hartan euskaldun hitza erabili zuenean. Zeren, berrogei urteren ondoren, oraindik ez baikara gai hitz horren esanahiaren inguruan ados jartzeko.

Gu eta gutarrak
Arg: Ingo Joseph

Euskaldun hitzaren inguruko eztabaidak pizten direnean, korronte nagusi bi agertu ohi dira: hitzaren morfologian oinarritzen direnena, eta errepresentazio zabalago bat onartzen diotenena.

Hitza ikuspuntu morfologikotik aztertuz, euskara izena eta –dun atzizkia agertzen dira. –dun atzizkiak izenondoak sortzen ditu, eta lagun daukan izenak adierazten duen adieraren jabe dela azaltzen du. Edukitzearekin du zerikusia. Baina gerta liteke atzizki hori duten hitzak, erabileraren poderioz, lexikalizatu eta izen edo atributu gisa erabiltzea; eta hori da euskaldun hitzaren kasua. Hots, inork ez du “pertsona euskaldun bat etorri da” (izenondoa) esaten, “euskaldun bat etorri da” baizik.

“Ez dute beren bizitza euskaraz gauzatuko, ez dira euskaldun izango, baina gutarrak dira”

Baina badira, aurretik aipatu bezala, ikusgune morfologikotik azter daitekeenetik haragoko aitortza bat eskaintzen diotenak. Horietako baten hitzak, ikaragarri miresten dudan Joxe Azurmendirenak, ekarri zituen gogora Berria-n Hedoi Etxartek: “Euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna da. Euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena. Komunitate honek noizbait bere bizitza euskaraz egin ahal dezan ahalegina egiten duena, eta abar”. Alegia, euskara jakin edo erabili ez arren, gure hizkuntzaren aldeko jarrera agertzen duten horiek ere euskaldunak dira.

Izango da joko dogmatiko honi helduz oker nabilela usteko duenik; baita, ikasle batek esan zidan bezala, definizioka aritu beharrean, euskaldun izatea bakoitzaren erabakiko zerbait dela iritziko duenik ere. Hau da, euskaldun izatea sentimendu bat dela, bakoitzaren ikuspegiaren edo norberari komeni zaionaren araberakoa. Baina, kasu honetan, uste horretatik urrun dago nire gogoa. Euskararen lur honetan bere erabilera izaten ari den bilakaera kezkagarriak, hitzak zuzen erabiltzera eta taxuz aztertzera garamatza, kasurik arantzatsuenetan ere bai; gauzak diren bezala esatera, erreminik sortu gabe, baina epelkeriatan erori barik.

Euskaldun hitzari errepresentazio zabalago bat onartzen dioten horien teoriari helduz, Joxe Azurmendiren hitzei tiraka, euskara jakin edo erabili ez arren, euskaldun izan nahi duten edota beren ingurukoak zein ondorengoak euskaldun izan daitezen lan egiten duten horiek ere agertzen dira. Kontuan hartu behar da Euskararen Herrian askotariko errealitate soziolinguistikoak daudela, eta egun euskaraz bizi diren leku askotan lehen haziak jarri zituztenak euskaraz ez zekiten horiek izan zirela; bai eta hainbat tokitan oraindik lanean dihardutenak ere. Talde horrentzat Soziolinguistika Eskuliburuak jasotzen du definizio bat, oso gogoko ez dudana, hotz samarra iruditzen zaidana: euskararen atxikimendu komunitatea. Esango nuke euskaldun ez diren, baina, era berean, euskararen alde ikaragarrizko lana egiten duten eta euskarak beharrezko dituen horiei egin beharreko aitortza horren bila asmatutako erreferentzia dela. Bada, kolektibo horrentzat, Soziolinguistika Klusterraren baimenarekin, jatorragoa eta gertukoagoa den hitz bat erabiliko nuke: gutarrak. Hau da, ez dute beren bizitza euskaraz gauzatuko, ez dira euskaldun izango, baina gutarrak dira. Ez pareko espaloikoak, ezta urrun sentitzen ditugunak ere, ondoan eta bidelagun dauzkagunak baizik.

Eta begirada morfologikoari helduz, argi dago euskaldun hitzak baduela euskararen jabe izatearekin zerikusia, egiten diola erreferentzia bat gure hizkuntza jakiteari. Baina euskara edukitzea nahikoa da euskaldun izateko? Alegia, erabilerak, jarduteak, ez al du axola? Hori hala balitz, unibertsitate garaian ikasi nuen latinari esker, esan al dezaket latin hiztuna naizela nahiz eta sekula erabili ez dudan?

Horren harira, Iñaki Segurola zenak honakoa idatzi zuen: “Euskalduna euskara duena dioen ipuina jende askok sinetsi du. Bada garaia publiko informatuak gauzak diren bezala konta ditzan behingoz: euskaldun hitzak, sortzez edo jatorriz bederen, euskara(z) egiten duena esan nahi du (…) Eta bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako”. Eta nik tesi honekin egiten dut bat. Euskaraz jarduteak egiten gaitu euskaldun. Eta ez hori bakarrik, euskaraz hitz egiteak hartzaileak ere euskarara hurbiltzen ditu; haiek ere hizkuntza horretan aritzeko bidean jartzen ditu. Euskaldun izateko bidean.

Edukitze hutsera mugatzen bagara, bide horri helduz jarraitzen badugu, Bermeon, ustezko euskararen arnasgune batean, gertatzen ari den horrekin egingo dugu topo. Bizkaiko kostaldeko herri euskaldun horretan Soziolinguistika Klusterrak egindako 2021eko kale neurketak datu esanguratsu asko utzi ditu, baina nik bat, gai honekin zerikusia duena, ekarriko dut gogora: 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, nahiz eta euskararen ezagutza %84,3 izan, %8,6k baino ez du kalean erabiltzen. Berriz diot, %84,3k jakin eta %8,6k erabili. Hortxe biak: eduki, bai; jardun, ez.

Beraz, ez dut uste euskara eduki baino ez egiteko egoeran gaudenik, hori izango baita heriotzara eramango duen bidea. Izan gaitezen euskaldun, urra dezagun bidea gutarrekin batera, gure hizkuntzaren alde; dakigunok hizketan eta denok lanean.

Gu eta gutarrak  Gu eta gutarrak  Gu eta gutarrak  Gu eta gutarrak  Gu eta gutarrak

Pilotari ohia; gaur egun, euskara irakasle IRALE

Zer duzu buruan “Gu eta gutarrak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-12-28 10:12

    Milesker Ibai zure hausnarketa gurekin zinezkotasunean partekatzeagatik. Horren beharra baitugu.
    Fokua Bermeon jarriz geroz interesgarria litzateke informazio gehiago edukitzea oraiko egoera konprenitzeko, zer pasa den konprenitzeko.
    Pentsatuko nuen Bermeo izango zela eskualde tradizioz eta errealitatez biziki euskalduna Ondarru edo Lekeitio bezala.
    Bermeok kanpotikako erdaldun etorrera handia jaso ote du? Ala belaunaldi berriak hasi ote dira “beren baitarik” euskara baztertzen? Zergatik euskara ikasten dute latina bezala?
    “beren baitarik” prudentziaz diot zeren baitakigu ez dela sekula bere ama hizkuntza naturalki abandonatzen eta latina bezala ikasten.