Greziako ispiluan begira (hau ez da Grezia baina…)
Aurreko postean, norabide batean edo bestean bide egiteko ahalmena aitortzen nion, nolabait, Jaurlaritza berriari.
Eusko Legebiltzarrak bere autonomia eta mugak ondo eta indarraren mehatxuz markatuak izan arren, paper garrantzitsua jokatuko du hiru herrialdetako herritarren norantzan, baina ikusteko dago zein noranbidetan.
Zentzu sozioekonomikoan bizi dugu greziartze honek ere hautes joeretan eragina izango duela pentsatzekoa da.
*
Greziako hauteskundeak interez biziz jarraitzeko faktore eta arrazoi asko zeuden: Europaren eta merkatuen xantaiari men egitea ala ez egitea zegoen auzitan, baina baita Grezia norabide batean edo bestean bideratzea ere.
Demokrazia Berria eta Syriza ziren hauteskundeak irabazteko hautagai nagusiak, eta biek ala biek, erdibide posiblerik gabeko eztabaida jarri zuten mahai gainean.
Greziaren ispiluan begira, EAJren eta EHBilduren lehiak ez ote dute, ezberdintasunak ezberdintasun, taxukera bera izan ahal? Xantaia baretuago, egoera ekonomiko ez hain larria Euskal Erdi honetan… baina norabide borroka ez ote da garbitasun berarekin azaltzen? Sistemaren sozio-ekonomiko-politikoaren defentsa ala ez, kudeaketa ereduen arteko talka ez da bakarrik programatikoa.
EHBilduren programa ez da Syrizarena. EAJrena Demokrazia Berriarena ez den bezala. Baina norabide talka agerikoa da ekonomia, kultura, parekidetasun, ingurumen, bizikidetza … ereduan.
*
Greziako hauteskundeek lehiaren polarizazioa izan zuten, PASOKen erortzea, Demokrazia Berria Syrizari ozta-ozta gailendu zitzaion… Autonomia Erkidegoko hauteskundetan, Grezian bezala, bestelako alderdi batzuekin izan ditzakeen ezberdintasun identitario edota sozialak gaindituta EAJk PSE eta PPren boto poltsatik erakarriko ditu botoak, eredu sozioekonomiko baten defentsako botoa ere izango delako (edo hori izango delako batez ere): eredu soziokonomiko eta politiko baten babesa izango da EAJren hauteslegoak bilatuko duena.
EHBilduri eztabaida ez zaio desegokia: beste eredu politiko baten aldeko espazio ia guztia bereganatzeko aukera ematen baitio honek (Ezker Anitzak izan dezakeen ordezkaritzarekin batera).
*
Berriz esango dut, badaezpada ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba ez dira Grezia. EHBildu ez da Syriza. Besteak beste, Syrizako Stavros Karagkounis-ek Ezker Anitzaren ekitaldietan parte hartu duelako asteburu honetan.
Baina nago bizi dugun greziartze sozioekonomikoak ere Greziako hauteskunde emaitzen antzeko isla izango duela Urriaren 21ean.
Hori horrela izanda, zer diote, badaezpada ere, Confebaskek eta EAJk erreskateaz?