Greba da demokrazia sindikalaren oinarria
Greba da demokrazia sindikalaren oinarria –
ELAn azken urteetan gure Idazkari Nagusi izan den Txikik, eman dituen azken elkarrizketetan behin eta berriro errepikatu du bere agintaldiko frustrazio nagusia LABekin izandako harremana izan dela. Esango nuke ELAn frustrazioa kolektiboa dela, oso ondo ikusten dugulako elkarlanaren potentzialitatea, eta izugarri pairatzen dugulako eguneroko konponezina.
Gure arteko azken polemika eskola jantokien kontura izan dugu, bai jantoki publiko zein pribatizatuetan. LABek ELAk deitutako grebak antidemokratikoak direla esan du, iparra galdu omen dugu, eta bide batez, burujabetzari uko egin diogula aipatu du gatazka horren balorazioan.
Eskola Jantoki pribatizatuetan LABek CCOO eta UGTrekin batera lan-hitzarmena sinatu zuen, grebak deituak genituenean, grebek jarraipen oso handia izango zutela aurreikusten genuenean eta kolektiboarentzat oso garrantzitsuak ziren hainbat aldarrikapen konpontzeke utzita, besteak beste Eusko Jaurlaritzak inposatutako jantokien kudeaketa ereduaren aldaketaren baitan langileen lanpostuak beraiek arriskuan zeudela. Eskola Jantokien kudeaketa ereduaren edozein aldaketetan langileen lanpostuak bermatzea ezinbestekoa zen ELArentzat, eta horretarako hemendik gutxira argitaratuko diren jantokien zerbitzuaren esleipenean langileen egonkortasuna bermatua izatea ezinbesteko baldintza zen grebak bertan behera utzi aurretik. Horregatik deitu genituen 3 greba egun guk bakarrik, ondoren Eusko Jaurlaritzak jantoki ereduaren aldaketari oraingoz uko egin duenean bertan behera utzi ditugun arren.
Kudeaketa publiko zuzena duten eskola jantokietan sindikatu horiek iaz grebei amaiera eman zien akordioa egin zuten, hemen ere langileen lanpostuak bermatu gabe, eremu honetan behin-behinekotasuna %70ekoa dela kontuan izanik. Eremu publikoan ere jantoki ereduaren kontura lanpostuak arriskuan zeuden eta beste sindikatuekin batera mobilizazioak adosten saiatu ginen. LABen Hezkuntzako arduradunekin greba deialdiak adostu ere egin genituen, aurretik gertatutakoari buruzko iritzi ezberdina izan arren, baina LABen zuzendaritzak betoa jarri zion akordio horri, baita sektore horretan izan daitekeen edozein elkarlani. Esparru honetan jadanik langileek bi greba egun egin dituzte, jantoki eredu aldaketarik epe laburrean egongo ez den arren prekarietate tasa horiek onartezinak direlako.
Inork ezin du ELArengandik espero hitzarmen baten zilegitasuna onartzeagatik 4 urtetan mobilizazioei uko egitea, langileen lanpostuak arriskuan daudenean edo langileen lan-baldintzak lehiaketa publiko batean jokoan baldin badaude. Askatasun sindikala eta demokrazia ulertzeko modu kuriosoa da hau, enpresa batean gehiengoa duen sindikatuak ordezkaritza txikiagoa dugunoi mobilizazioak egitea eragoztea, horretarako langileak prest daudenean. ELAk ez du hitzarmenik sinatzen langileen gehiengoaren ordezkaritzaren babesik ez badu, baina ELAk ez du itxarongo gehiengoaren baimenik langileak mobilizaziora ateratzeko. Halako jarrera autoritarioak enpresariengandik espero ditugu, baina ez beste sindikatuengandik.
Eskola Jantokietan gertatutakoa negoziazio kolektiboa ulertzeko desadostasun sakon baten beste adibide bat da. Bestelako adibideak ere badauzkagu, Gipuzkoako zahar egoitzetan ELAk 35 greba egun deitu dituen bitartean LABek 4 besterik ez ditu egin, hots, langileak 31 egunetan zehar grebarik ez egitera deitzen dituzte ELAk langileen ordezkaritzaren %60 duen sektore batean. Eztabaida ez da gehiengoa dugun esparruetan mobilizazio eredua inork inposatu diezaiokeen gutxiengoan dagoenari, kontua da ea lan baldintzak hobetzeko greben balioan sinisten dugun.
Bi gatazken arteko konparaketak gehiagorako ere ematen du. Zahar-egoitzetan LABek joko zikina egitea egotzi digu patronalarekin gure grebak bertan-behera uzteko baldintzak negoziatzeagatik. Munduan toki gutxitan gertatuko da grebalariek grebarik egiten ez dutenekin batera negoziatzea patronalarekin grebak bertan behera uzteko baldintzak. Eta hori egozten diguten momentu berean, Eskola Jantokietan Eusko Jaurlaritzak jantoki eredu aldaketa eztabaidatzeko bilerak deitu ditu ELA kanpoan utzita eta LABek ez du inolako arazorik izan bileretara joateko. To demokrazia eta koherentzia!
Euskal langileok sindikatu abertzaleon arteko elkarlana behar dugu, baina abertzale izateaz gain erreibindikatzaile ere izan behar dugu eta mobilizazio ereduan ados egon behar dugu, eta horretarako greben balioa batean eta bestean zein den argitu beharko dugu. Gurean argi dugu grebak ezinbestekoak direla aseezina den patronal honen aurrean lan baldintzak hobetu ahal izateko, grebek patronalaren iritzia aldatu arte iraun behar dutela eta langileek greban iraun ahal izateko greba-kutxa indartsu bat behar dugula. Prekarietatea hedatzen ari den lan-merkatu honetan langileek grebak egitea da gizarte demokratiko baten seinale, eta horrelako egoera batean jendeak prekarietateari aurre egiteko beldurrak itota grebarik ez egitea autoritarismoaren ondorio, harritzekoa da autoritarismo hori sindikalismotik etortzea.