Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen

Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen –

Europako Batzordearen arabera, “gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala sexu bietako langileek jasotzen duten soldaten arteko aldea da. Langile guztiek orduka jasotzen dituzten diru-sarrera gordinen batez besteko aldearen gainean kalkulatzen da”.

Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen

LABen iritziz, soldata arrakala sistemak sorturiko tresna bat da emakumeak bigarren plano batean edukitzeko, lan berdinagatik gutxiago kobratzeko eta emakumeok egiten ditugun lan guztiei balio sozial eta ekonomikoa kentzeko. Laburbilduz, sistemak emakumeok ekonomikoki esplotatzeko tresna bat da.

Honen inguruan mito asko daude, emakumeok etorkizun laboral eskasa daukaten ikasketak aukeratzen ditugula, gutxiago kobratzen dugula lan gutxiago egiten dugulako, zaintza lanetan aritu ahal izateko lanaldia murrizten dugula….

Instituzioek, patronalak eta zenbait enpresak sinestarazi nahi digute soldata arrakalaren kontrako borrokan denok batera ari garela, denok erantzukizun berberak izango bagenitu bezala eta egiturazko arrazoirik egongo ez balitz bezala.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeok era subsidiarioan erabili gaitu beti, egiturazkoak diren zaintza lanak merkatuaren ordez geuk egin ditzagun dohainik. Emakumeak lan merkatura sartzen joan garen heinean, kapitalak tresna berriak sortu ditu emakumeok zaintza lan horietan jarraitzeko eta zaintza lanen banaketari ez heltzeko. Zaintza integralerako sistema publiko eta doakorik ez daukagu eta emakumeak lan merkatura sartzeak ezdu ekarri gizonek lan hauek erantzunkidetasunez betetzea.

Diskriminazioa sexuaren arabera ordainsarian egiten den bereizkeriatik harago doa. Soldata arrakala deitzen bazaio ere, ez du soilik soldatan eragiten.

  • Kontratazioetan, hainbat sektoretara emakumeen sarbidea oztopatu egiten da. Industrian ia ez da emakumerik kontratatzen eta sektorea guztiz maskulinizatuta dago, aldiz, zaintza lanei lotutako enpleguetan gehiengoa emakumeak dira.
  • Lan feminizatuak nagusiki azpikontratatzen dira, eta bigarren soldatatzat edo osagarritzat hartzen dira. Enpleguei ematen zaien balioa ezberdina da eta maskulinoak diren lanei balio handiagoa ematen die.
  • Emakumeok zuzendaritza guneetatik at gaude, %40-%45etik beherago.
  • Kategorietan kristalezko sabaia ez da oztopo bakarra. Garbiketa lanetan (sektore guztiz feminizatua) kale garbiketan edo goi mailako kategorietan gizonak baino ez daude. Emakumeok eraikin barruan, izkutuan eta baldintza kaxkarragoetan lan egiten dugu.
  • Promoziorako aukera gutxi dugu, zaintza lanetan aritzeko baimenek eta lizentziek eragin zuzena dutelako.

Eta bai, lan berdina egiteagatik emakumeok gutxiago kobratzen dugu. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernua bide guztietatik ahalegintzen ari dira soldata arrakalarekin amaitzeko haien plangintzetan parte har dezagun, horrela euren jarduna zurituko dutelakoan. Baina ez doaz arazoaren muinera eta soldata arrakalaren kontrako borroka enpresen borondatearen esku uztea adar jotze hutsa da.

Ikusten dugunez, maila guztietan eremu honen inguruko araudiak onartuta egon arren, azken hamar urteotan ez da aurrerapenik egon eta soldata arrakalak bere horretan dirau. Soladata arrakala eta sexu-diskriminazioa egiturazkoak dira, sistema sostengatzen duten zutabeak.

Egoera aldatzeko aliantza feminista ezinbestekoa da eta, horregatik, mugimendu feministan buru belarri gabiltza, sindikalismo feminista indartzen. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!

Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen
Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen

2 pentsamendu “Kristalezko sabaitik ez da argirik sartzen”-ri buruz

  • Azken portu 2019-04-04 17:28

    Oso larria da LAB-eko ordezkari bat “kristalezko sabaia” bezalako pitokeriekin lardaskan ibiltzea. Langile klasearen arazoak oso bestelakoak dira eta denbora galtzen ari zarete.
    Ez duzue lotsarik!

  • 1) “Kontratazioetan, hainbat sektoretara emakumeen sarbidea oztopatu egiten da. Industrian ia ez da emakumerik kontratatzen eta sektorea guztiz maskulinizatuta dago, aldiz, zaintza lanei lotutako enpleguetan gehiengoa emakumeak dira.”

    – Sarbidea oztopatzen bada, zuzenean salatu epaile baten aurrean.
    – Industrian ia ez da emakumerik kontratatzen ia emakumerik ez dagoelako industriaren inguruko ikasketetan. Eta horren arrazoia zein den? Galdeiozu zure inguruko neska-lagunei, eta seguru asko, era sinplean azalduko dizute.
    -Zaintza-lanei lotutako enpleguetan gehiengoa emakumeak dira. Adibidez magisteritza ikasten dutenen artean, esan nahi duzu, ezta? 18 urteko neskak derrigortu egiten omen dituzte magisteritza ikastera.
    -Nire lagun baten kasua, mutila bera, izugarrizko kurrikuluma duena. Eskolaz eskola dabil haurreskoletan lan bila. Zuzenean esaten diote, mutila denez, ezin dutela kontratatu, amak orokorrean ez direla gizon baten fio, euren seme-alabak zaintzeko. Kristalezko ukabilkada.

    2) Lan feminizatuak nagusiki azpikontratatzen dira, eta bigarren soldatatzat edo osagarritzat hartzen dira. Enpleguei ematen zaien balioa ezberdina da eta maskulinoak diren lanei balio handiagoa ematen die.

    – Lan feminizatuak azpikontratatzen dira, lan maskulinizatuak azpikontratatzen dira, eta lan ez-binarioak azpikontratatzen dira.
    – Enpleguei ematen zaien balioa ezberdina da, noski. Ez zaio berdina ordaintzen mediku bati eta erizain laguntzaile bati. Bide batez, gehiengoa dira medikuntza ikasten dutenen artean, neskak direnak.

    3) Emakumeok zuzendaritza guneetatik at gaude, %40-%45etik beherago.

    – Emakumeok zuzendaritza guneetatik at zaudete, %40-%45tik beherago. Eta ni ere, mutila izanik, zuzendaritza guneetatik kanpo nago. Asmorik ere ez dut zuzendaritza gune batean egoteko.
    – Ba al dakizu zein izan ohi den biderik normalena EHko enpresa gehienetan zuzendaritza gune batera ailegatzeko era? Bai, orduak sartu eta sartzea. Eta ez dakit zergatik, baina horrelako astokeriak egiten dituztenen artean, gehiengoa mutilak dira. Nire bizitzaren lehentasunen artean ez dagoenez zuzendaritza gune batera heltzearena, ba, hor konpon ordu extrak, hor konpon aste osoa beste herrialde baten egotea eta hor konpon gaueko 9etan etxera heltzea.
    – Gure etxean argi dugu, neskak orduak sartzen ditu bolo-bolo eta enpresan gorantza doa urtez urte. Nire erabakia kontrakoa izan da. Kristalezko sabaia dudala salatu beharko dut!

    4) Kategorietan kristalezko sabaia ez da oztopo bakarra. Garbiketa lanetan (sektore guztiz feminizatua) kale garbiketan edo goi mailako kategorietan gizonak baino ez daude. Emakumeok eraikin barruan, izkutuan eta baldintza kaxkarragoetan lan egiten dugu.
    Promoziorako aukera gutxi dugu, zaintza lanetan aritzeko baimenek eta lizentziek eragin zuzena dutelako.

    – Glovo eta Deliveroo bezalako langileak, etxegintzako obreroak, kaleak eraikitzen dituztenak, autopistako errepideak margotzen dituzten gizonezko kanpotarrak, meatzariak, eta abar. Behe mailako kategorietan daude gizonezko horiek. Eta askotan, enpresa horietako ofizinetan, bero-bero gizonezko eta EMAKUMEZKOAK 21 gradu zentigradutan lanean, goxo-goxo, ordenagailuaren aurrean.

    Bai, kristalezko sabaiaren kontua izango da. Edo agian feminismoaren kristalezko betaurreko moreek itsutzen gaituztela izango da.