Gorrotoaren begi okerra? Edo ezkela ote? (I)
Gorrotoaren begi okerra? Edo ezkela ote? (I) –
Euskaldunok fokuaren azpian gaude, edozein komisarietako galdeketetan bezala. Nafarroan gorrotoa, ezinikusia, herra, gaizki nahia hedatu dute. Deboilatu nahia zabaldu da. Nahia eta beharra gainera.
Egoera tamalgarri honek hainbat gidari politiko eraman ditu gaur zuria eta bihar beltza esatera. A=B garatzera, edo girbina eta aurkia nahastera. Ez zaie koherentziak axola.
Beti beren aldia da, gezurra izan egia izan, beti dute arrazoi. Ai, Nafarroa gaixoa! Euskaldunok komisariako foku azpian gaude! Eta “komisarioen” menpe.
“Komisario” horien bultzadaz, jende aunitzek pentsatzen du euskara ez jakiteak galarazten diola postu bat erdiestea. Euskara diskriminatzailea dela eta euskaldunok karta markatuekin ari garela.
Egiazko kontua besterik da: Administrazioak ia inon eta ia inoiz ez duela baloratu ere egiten euskaraz jakitea. Eta enpresa pribatuan inoiz ez.
Egia esateko, ezin aparkatuz dabilen auto gidariaren sindromeaz jota dago, non gidaria atzera eta aurrera dabilen eta beti ezindu batendako gorderik dagoen lekua hutsik ikusten duen! Kaguen! Ez zekiat zertarako jartzen dituzten ezinduendako aparkaleku horiek. Beti hutsik egoten dituk! Hori ez balego aparkatu nian aspaldian autoa (Ez da konturatzen bera baino lehen 39 lagun pasa direla bertatik eta libre izan balitz, bera 40.a izanik, 39 lagunek berak baino lehen harrapatua zuketela toki bakar hori)
Euskaraz jakinda, D ereduko eskoletan postu bat erdiesten duten maisu-maistrak urlia eta sandiarentzat ez dira oso argiak, ez daitezke izan, euskaldunak baitira eta denok dakigu euskaldunok motzagoak garela. Euskaraz hezirik, denok dakigu ezintasun bat garatu dugula gure arima eta burmuinean. Hori gauza jakina da, eta aspalditik datorren ustea. Euskaldunoi ere kolonialismoaren eraginez, sartu digute muinetaraino “egia” den kontu hori.
Postu hori berari zegokion, erdalduna alde batetik eta bestetik, berriz, kulturaduna eta jantzia. Nola eta zergatik eman diote euskaldun horri postu hori? Jakizu zertarako. Baina erraz zaio antzematea zerbait susmagarri egiten ariko dela. Susmagarria da.
Jende anitzek pentsatzen du mundu erdia gazteleraz ari dela, eta aipatuko dizu Hego Amerika guzia; eta Estatu Batuetan gazteleraduna dela bigarren komunitatea, 40 milioikoa, eta gaztelera aitzina ari dela gainera esanen dizu. Filipinetan ere gazteleradunak omen, eta Afrikan, aldiz, Marokon, Saharan eta Ginean. Eta zer esan munduan barrena gazteleraz ikasten ari diren jende aldrak?
Eta guzi hori kontutan izanda ere, aipatuko dizute gaztelera arriskuan dagoela Nafarroan eta EAEn. Are gehiago, Katalunian debekatu egin omen dute erdaraz aritzea. Gaztelera lorietan, edo hil hurren. Batean bai, bestean ez, berdin zaie.
Eta hori sinetsiko dizute, eta amorruz botako dizute. Eta ez da jende gutxi. Nafarroako Partidu bateko gidari goren-goreneko batek esan zidan orain ez dela asko: Kataluniako egoera ez duzu ezagutzen, ni askotan izana naiz eta familiakoak ere baditut bertan eta ez dakizu bertako egoera zein latza den!
Gaztelera dunendako egoera latza, alajaina! Begi okerrak? Edo begi ezkelak?