Gorrotoak ematen duen logika bitxia
Fama kontu harrigarria da: badira ederki dakitenak zer-nolako ospea duten lagun eta ezagunen artean, eta badira ulertzen ez dutenak berek ispiluan ikusten duten hori eta jendeak ikusten duena ez direla nahitaez berdinak (ispiluan ageri dena, bertzalde, ez da nahitaez egia objektiboa; eta hala balitz ere, ez litzateke, segur aski, irudi inportanteena. Nik, adibidez, gizon erakargarri bat ikusten dut goizero nire etxeko komuneko ispiluan, ia-ia sex-symbol bat, baina munduko emaztekien %99 ez datoz bat nire irudipen horrekin eta, egia erran, nik arrazoi dudala eta haiek oker daudela jakiteak ez nau sobera kontsolatzen). Eta badira bertzeen fama –txarra izan ala ona izan– xarmantki erabiltzen dutenak beren onurarako. Fama da aurreiritzien elikagai nagusietarik, eta haren ondorioak latzak izaten ahal dira. Badakit zertaz ari naizen.
Behin, artean institutuan nintzelarik, matematika irakasleak –ohikoak zituen digresio xelebre haietarik batean– erran zigun Santo Tomas eguna zela. “Diotenez”, gaineratu zuen, “Santo Tomas hain intelektuala zen, ezen asexuala baitzen; harengandik ikasi beharko lukete batzuek, buruan gauza bakarra dute-eta”. Eta orduan, nire harridurarako, ikaskide guziek burua biratu zuten niri begiratzeko. Nonbait, ordura artio nik jakin ez arren, lizuna izatearen fama nuen. Ez nuen merezi, jakina, baina nerabeen artean horrela funtzionatzen zuten gauzek –ez dakit aditza orainaldian paratu beharko nukeen, ez bainaiz aditua gaurko nerabeen kontuetan–: gelako goapoak sexuari buruzko txiste bat kontatuz gero, maltzur bihurri xarmagarria zen; goapoen rankinean zazpigarrenak kontatzen bazuen –nik, alegia; zazpi mutil baikinen klasean–, zerri hutsa zen.
Bidegabeko nire ospe horrek ondorio izugarriak izan zituen. Institutuan, telebistako lehiaketa bat irabazi genuen. Ez nolanahikoa, saria Miamirako bidaia bat baitzen. Are gehiago, erran liteke niri esker irabazi genuela; edo, tira, guziei esker irabazi genuen, baina azken pausoa nirea izan zen. Azkar azalduta: saioan, Nafarroako geografia, arte eta historiari buruzko galderei erantzun behar izaten genien; talde bakoitza, hiruna laguneko hiru azpi-taldetan banatzen zen, hau da, taldeak hiru aukera izaten zituen galdera bakoitzari erantzuteko: lehenbiziko azpi-taldeak asmatuz gero, 30 puntu ziren; bigarrenak zuzeneko erantzuna ematera, 15 puntu; hirugarrena bazen asmatzen zuena, 5. Azken-azken saioan, gure lehiakideek beren txanda bukatua zutelarik, azken galderari erantzuteko tenorea ailegatua zitzaigun. Galtzen ari ginen: aldea 20 puntukoa zen, eta hondar galdemodu hori historiari buruzkoa. Ni lehendabiziko azpi-taldean nintzen, eta historia nire ardura zen; beraz, erantzukizun guzia nire bizkar gainean zegoen. Galdera aditu eta bai, zuzen erantzun nuen.
Hura bai poza! Aulkietarik zutitu gabe, elkar besarkatzen hasi ginen, edo ziren. Gure azpi-taldean, ni ezkerreko aldean nengoen jarrita, eta ondoan, eskuinean, bi neska ziren: eta erantzuna ontzat ematen zuen txirrina aditzearekin batera, nire eskuineko neskak niri bizkarra eman –naski beldur zen kameren aitzinean titi bat ukitzera ausartuko ote nintzen– eta bere eskuineko neska besarkatu zuen; ondorioz, nik, telebista gure bozkarioa zuzenean emititzen ari zen bitartean, nire buruarekin ospatu behar izan nuen gure garaipena. Bortz minutu (niri bortz ordu egin zitzaizkidanak) eman nituen bibaka, besoak inarrosten, eta zera oihukatzen ongi, gora, irabazi dugu –eta, hortzen artean– norbaitekbesarkanazalafaborez, hoberenak gara, hauamaitudadilalehenbailehen, biba, aupa gu. Esperientziak, bistan da, sentimenduen ikuspuntutik elbarri utzi ninduen, eta harrezkeroztik ezgauza bihurtu giza-harremanetarako
Ipuin batean, Jorge Luis Borgesek kontatzen du (OHARRA: testuaren kohesioa hobeki trinkotze aldera, idaztekotan egon naiz lehiaketa hark eragin zizkidan zauriak sendatzeko asmoz hasi nintzela Borges irakurtzen, baina bortxatuegia iduritu zait, eta, aldi berean, errazegia), kontua Borgesek kontatzen duela Ekialdeko bidaiari batek istorio sinestezinak asmatzearen fama zuela: haren etsaiek erraten zuten beti ahotan izaten zituen herrialde horietarik bakar bat ere ez zuela zapaldua, eta, gorrotoak ematen duen logika bitxiarekin, gehitzen zuten herrialde horietan uko egina ziola egiazko erlijioari.
Joan den igandean, Europako hauteskundeak izan dira. Aitzineko astean, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak adierazi zuen (eta, hauteskundeen ondoren, berriz erran du) bozketa horietako emaitzak ezin direla estrapolatu –edo, hain hitz potoloa erabili gabe, ezin direla ekarri– Nafarroako balizko hauteskunde batzuetara. Nolanahi ere, gorrotoak ematen duen logika bitxiarekin, berak dagoeneko estrapolatu egin ditu EHBilduren datu onak, eta nafarrei eskatu die gobernagarritasunari buruz hausnar dezatela. Gobernagarritasunari buruz egin behar dugu gogoeta beraz, baina norbaitek jakinen ez balu hitz luze horrek zer erran nahi duen eta hiztegi batean bilatuko balu, ez luke, halere, ongi ulertuko zer eskatzen ari zaigun gure lehendakarixa maitea: Yolanda Barcinak benetan eskatu digu pentsatzeko zer-nolako hondamendia etorriko litzatekeen erresuma foral eta espainolera inoiz abertzaleak gobernura ailegatuko balira; erran nahi zuen orain oasi zoragarria den hau holokausto kanibal bihurtuko litzatekeela, eta balizko gobernu hori noizbait osatuko balitz –jainkoak gorde gaitzala– agintari berriek herritar guziak behartuko lituzketela, foru agindu baten bidez, Elhuyarreko aditz taula ikastera, osoa, baita subjuntiboaren nor-nori iraganaldian –nenkion, henkion, zekion, genkizkion…–.
Hemendik 2015era bitarte, susmoa dut, zernahi erabilita, abertzaleen fama txarra puzten saiatuko direla gure agintari txit gorenak, 2015eko hauteskundeetan UPN maite ez dutenek kasualitatez (eta oraingo emaitzak estrapolatu gabe) zer ospatua izanen balute ere, inork ez dezan Bakartxo Ruiz edo Maiorga Ramirez besarkatzeko tentaziorik izan.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]