Sare sozialak arautzearen kontra (eta alde)

Sare sozialak (eta bereziki twitter) arautzearen zergati eta ondorioetan arakatzen duen erreportaje landua argitaratu du gaur Berriak. Elkarrizketatu dituzten hiru adituen arabera, askok esaten dutenaren kontra, sare sozialak jada araututa daude beste edozein adierazpen publikori ere eragiten dioten legeen bitartez. Zentzu horretan, zigorrak gogortzeko baliatu lezake Madrilek sare sozialen (birr)arautzea,  zentsura eta kontrolerako mekanismoak ezartzearekin batera. Gainera, “biktimekiko errespetua” eta “terrorismoa goratzea” komodinen aitzakian, mehatxuak eta irainak ez ezik komeni ez zaizkien mezuak ere zentsuratu ahal izango dituzte. Zalantzarik gabe, helburu horrekin egindako arau multzoaren kontra nago. SARE

Baina badu beste aurpegi bat ere. Egun, araudi konkreturik gabe, tokian tokiko epaileak edota Guardia Zibilak nahieran egindako interpretazioak zehazten du zein adierazpen den delitu eta zein ez, nor behar den atxilotu eta nor isilarazi, betikoen interesen arabera. Azken hilabete honetako atxiloketak ikusi besterik dago: soilik esparru ideologiko jakin batzuetako txiolariak jazartzen dituzte. Ikuspegi horretatik, (taxuzko) erregulazioak arauon erabilera politikoari trabak jartzeko mekanismoak ezarriko lituzke, baita mehatxu eta irainak neurtzeko jatorria edo ideologia baino irizpide objektiboagoak eman ere. Hartara, Pernando Barrena edo Ortega Lara mehatxatzeak ondorio berberak izan beharko lituzke.

Gisa honetako araudi bat proposatuz gero, kontraesan askorekin bada ere, apika alde nengoke. Dena den, ez dut uste sare sozialen arautzea ahotan duten ordezkari politikoen adierazpenek asmo hori ezkutatzen dutenik; lehenengo bidetik doan araudiaren kontra borrokatu beharko dugulakoan nago.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.