TxikEHn Bildu: kanpainako kukurrukua

“Gogora ezazue, gure etorkizunak independentzia du izena. Irten behar dugu, abeletxetik alde egin behar dugu. Goazen abeletxe arrotz honetatik, oraintxe!”

TxikEHn Bildu ekimena sortu duten lagunek idatzitako manifestu politikoaren amaierako hitzak dira aurreko esaldiak. Gehiena hain aurreikusgarria den hauteskunde kanpainako kukurrukua da TxikEHn Bildu ekimena. Oraindik ezagutzen ez baduzue, horra informazioa labur-labur:

  • EH Bilduren aldeko kanpaina egiten dute interneten.
  • Chicken Run filma hartu dute oinarri. Laura Mintegi “Ginger” oiloa da.
  • 1.105 jarraitzaile lortu dituzte Twitterren hilabete baten.
  • “V de Bildu” mugimendua sortu zuten 2011ko udal hauteskundeetan.
  • Jarraitzaileek animaliekin egindako bideo eta argazkiak partekatzen dituzte.

ZuZeuko galderei erantzun diete e-postaz TxikEHn Bilduko guruek. “Umoretik eta internauta bakoitzaren ikuspuntu pertsonaletik sortutako esku hartzeko gogoari merezi zuen lekua zabaltzea”. Helburu horrekin jarri zuen martxan lan talde txiki batek “V de Bildu”, 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen atarian. Internetek edukiak hedatzeko duen ahalmena  “irudimena eta umorea” erabiliz Bildu koalizioari bultzadatxoa emateko erabili zuten, V for Vendetta filma leitmotiv gisa erabiliz. Gaur egun, vdebildu.net webgunea eta youtube-ko kanala ezabatu badituzte ere, 1.286 jarraitzaile dituzte twitterren (@vdebildu). Proiektu berriak, TxikEHn Bilduk, ez du oraingoz marka hautsi (1.105 jarraitzaile urriaren 4ean).

Interneten, eta bereziki Twitter eta Facebook-en bazterrak nahasten dabiltzan irudiek, ez zuten hasiera baten sarean jaiotzeko asmorik izan: “V de Bildu gure buruetan hezurmamitzen hasi zenean, gure herrialdean garatzeko ekimen bezala ikusten genuen”. Berehala sumatu zuten giza baliabide eta diru gutxirekin jende askorengana heltzeko leku aproposena internet zela. Behin sareko dinamikara ohituta, eroso sentitzen dira bertan: “mundu birtualaren babesean jarraituko dugu”. Halere, adi, mundu birtualetik errealitatera jauzi egingo dutela iragarri baitute.

Galdera: Zein harreman duzue EH Bildu koalizioarekin?

Erantzuna: “V de Bildu”-ren kasua nahiko xelebrea da: publiko egin baino lehen, adeitasunez edo, Bildu koalizioko kideei gure ekimenaren berri eman behar genien; guk serio-serio gure pedrada azaldu eta haiek “nondik atera ote dira txoro hauek?” eta “zer arraiotaz ari dira anonymous hauek?”, pentsatuko zutela ziur gaude (haien aurpegiek behintzat hori esaten zuten”.

Oraingoan, errazago konbentzitu dituzte EH Bilduko lagunak. “Aurpegiak guztiz bestelakoak izan dira”, diote. Begi bistakoa da V de Bilduk emaitza onak eman zizkiola koalizioari, eta, batez ere, egileek azaldu dutenez, “kanal ofizialetan apenas indartzen diren tresnei” zukua ateratzea lortu zutela. Izan ere, ez da ohikoa alderdi politikoek umoreari lekua egin eta lotsa pixka bat galtzea (Mr. Spook-en salbuespena gogoan). Zuhur jokatzen dute interneten,  labaintzeko beldur. Zurrunkeria hori zartatu eta haize freskoa ekarri dute TxikEHn Bilduren egileek publizitate politikora; kukurruku ozena, hain zuzen ere. Koalizio independentistaren mezua era umoretsu, atsegin eta dibertigarrian zabaltzea lortu dute. Horregatik beragatik, eta EH Bilduren logo ofizialik ere ageri ez delako, parte hartzeko aukerei bide egin diete; “proiektu txiki honek ez luke inongo zentzurik izango webgunean ikusle hutsak bagenitu”.

EH Bildu koalizioaren “inolako baimen berezirik gabe” egiten dituzte irudi-muntaketak eta bideoak; “ziur lan dezente dutela hauteskunde-kanpaina prestatzen, gutaz arduratu behar izateko!”, diote TxikEHn Bilduren hariak mugitzen dituztenek.

V for Vendetta-tik Chicken Run-era

Urriaren 21eko hauteskundeetara begira, beste behin film batean oinarritutako kanpaina  egitea erabaki zuten, “asko errazten dituelako gauzak”. Zalantzak izan zituzten V for Vendetta filmari eutsi ala berria aukeratu. “Erakargarria iruditu zitzaigun aldatzea”, eta lehenengo proposamena “ta bakarra Chicken Run izan zen. “Manifestua oraindik idatzita ez zegoen arren, argi geneukan zein izan behar zen haren ildo nagusia eta filmaren argumentua honekin bat zetorren guztiz”. Oilo eta oilarrek Tweedy familiaren abeletxetik ihes egiteko duten nahia (oilasko-pastel izatetik salbatzeko) euskal herritar askok Espainiatik irteteko duten desioarekin lotu dute. Uztarketaren emaitza ikusgarriena TxikEHn Bilduren aurkezpen bideoa da.

Galdera: Ezagutzen zenuten kanpaina honen antzekorik?

Erantzuna: Ez, egia esan, ez dugu hau bezalako kanpainaren berri. Hala ere, ziur gaude honelakoak egon egongo direla, ia dena asmatuta dagoelako.

Galdera: Umorearekin errazago sartzen al da sarri irentsiezina den diskurtso politikoa?

Erantzuna: Gaur egun, politikari profesional eta alderdi gehienek bi motatako diskurtso politikoak jarri dituzte modan: alde batetik, diskurtso populistak eta, bestetik, irentsiezinak. Bi dikurtso mota hauen helburua jendartea politikagintzatik aldentzea da. (…). Baina badaude bestelako diskurtso politikoak eta politika egiteko beste moduak ere. Euskal Herrian, gainera, asko dakigu honetaz. Badaude bihotzetik esandako diskurtso errazak, gizarte-justiziatik sortutako diskurtso zintzoak eta badaude biziki sentitutakoak ere. Gure bideo eta argazki muntaketetan, umoreaz gain, honelako diskurtsoak ere badaude. Umorea politikagintzari hurbiltasuna eta erakargarritasuna eransten dizkiolakoan gaude. Politika eta umorea nahasten ez gaude oso ohituta eta, egia esan, bikote ederra osatzen dute!

TxikEHn Bilduk erabiltzaileek egindako argazki muntaiak eta propioak elkartu ditu sarean. Baldintza bat jarri dute: animaliak izan behar dira protagonistak. Hiru ataletan banatu dituzte edukiak: Lauraren Txorrotxioak, Abeletxe TB eta Azerien Uluak. Bakoitzaren atzean zera dago: Laura Mintegiren aipuak, bideo muntaiak eta lehiakide politikoen esanak, hurrenez hurren. Ohiko irudiez gain, greba orokor egunean, Zukgua aurkeztu zenean, edo Euskadi Pregunta saioaren ostean eduki bereziak sortu zituzten. Edozein erabiltzailek du TxikEHn Bildun bere lana argitaratuta ikusteko aukera.

Euskal Herriko komunikabideek ez dute, nere iritziz, behar beste aintzat hartu marketing politiko estilo baten aitzindaria izan daitekeen TxikEHn Bildu. Espainian, ostera, arrazoi ezberdinengatik bada ere, izan da begiak Laura oiloan jarri dituenik. Zeinbat perla utzi dituzte. El Confidencial Digitalen arabera, TxikEHn Bilduk “pequeño Bildu” esan nahi du. Artikulua biribiltzeko zera diote: “El Confidencial Digital ha tenido acceso al manifiesto que están difundiendo como parte de esa agresiva campaña”. Intereconomia kateak ere parrillan lekua egin die euskal oiloei.

Galdera: Haurrak doktrinatzen dituzuela diote Intereconomian. Zuek baino umore gutxiago dutela dirudi.

Erantzuna: Intereconomiaren pasadizoa dibertigarria da oso. Begi-bistan da TxikEHn Bildu ez dagoela haurrei zuzenduta. ¡Qué manía con que la animación digital es sólo para público infantil! Helduek ere animazioaz gozatzeko eskubidea dugu! (…) Intereconomiako hauek grazioso ustekoak dira, baina badirudi oraindik ez dituztela haien aurkari garen hauek ezagutzen! Goien dagoenak jotzen du kukurruku!

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra