Paperezko liburuaren xarma

Liburuak

Liburu elektronikoa modan dago eta super cool da, hori ez dago ukatzerik. Ikaragarri erosoa da 800 orri baino gehiagoko eleberri bat apenas 100 gramo pisatzen duen gailu txiki batean eramatea. Gainera, beste 1.000 eleberri gehiago gorde ditzake! Etxeko liburutegi oso bat agenda txiki eta mehe baten tamaina duen gailu batean sar daiteke. Eta zer esanik ez gailu horretarako liburuek duten prezioaz! Askotan, paperezko bertsioa baino 10 bider merkeago dira! Baina abantaila sorta honek ez dio sekula itzalik egingo paperezko liburuaren xarma eta epeltasunari.

 

Liburu elektronikoa hotza da, zirkuituz josia, material arrotzez egina eta elektrizitatearen morroi. Non da liburu baten orriak banan-banan pasatzeko plazerra; paperaren lodiera eta ehundura behatzen artean sentitzea… Bai, paperezko liburu bat sentitu egiten duzu, bizia izango balu bezala. Haren bihotz taupadak sumatzera irits zaitezke, paper bihurtutako lurretik jaio den zuhaitzaren arima.

Eta usaina? Zenbait liburuk oso usain berezia dute, irakurketa osoan zehar lagun izango duzun usain atsegina. Denbora batera liburu hori berriro hartzean eta haren usaina berriro sentitzean, irakurketa horrek sortutako sentipenak eta garai horretan zure inguruan gertatutakoak etorriko zaizkizu burura berehala.

Hamaika kolore eta formatako bizkar ederrak apaletan lo. Ortzadarra etxeko egongelan. Liburu elektronikoak etxeetako liburutegiak heriotzara kondenatu ditu. Ba al da liburutegi bat baino gauza ederragorik etxe batean? Etxe bat ez da sekula etxe izango liburuz inguraturik ez badago. Apaletan, mahai gainean, mesanotxean, komunean… Baita ordenagailuaren pantaila zentimetro batzuk goratzeko bada ere! Liburuek epeltasuna ematen diote etxe bati.

Liburu elektronikoak ez du zure lagun izan nahi, ez dizu utziko arkatzez (o, arkatza!) ohartxoak idazten lerroen artan eta haren morroi bihurtuko zara zoazen lekura zoazela, elektrizitatearen menpe eta lapurtuko ote dizuten beldur. Esku luzeegiak dituztenentzat, gozoki atsegina da liburu elektronikoa, gainerako elektrotramankulu guztien antzera. Paperezko liburu bat, aldiz, ez da inolaz ere hain erakargarria, eta lasai asko eraman dezakezu hondartzara, parkera edo trenean. Horrez gain, lurrera eroriz gero, ez da hondatuko eta ez du informaziorik galduko. Bustitzen bada, bere soineko ederra zatartuko da, baina erabilgarri izaten jarraituko du; gehienetan.

 

UDAZKEN KOLOREAK