Gipuzkoan, zergatik jaitsi da EHBildu?
Analisi gutxik espero zutena gertatu da Gipuzkoan: EH Bilduren jatsiera, eta ez txikia, Hauteskunde Orokorretan Amaiurrek izan zituen emaitzekiko: 15.500 boto eta hiru puntu galdu ditu guztira. EAJk, aldiz, 2009ko Hauteskunde Autonomikoekiko 1.800 botoko igoera txiki bat lortu du. Datu hauek are esanguratsuagoak dira beste herrialdeetako joerekin alderatzen baditugu. Araban eta Bizkaian Eh Bilduk Amaiurren emaitzak hobetu baititu (2.000 eta 6.000 botoan) eta EAJ jaitsi egin baita 2009ko Autonomikoetatik (5.500 boto Araban eta 12.000 boto Bizkaian).
Neronenek eta beste batzuen analisiek EAJ eta Eh Bilduren arteko hegemoniaren bataila Bizkaian zentratzen zuten. Egindako analisien arabera, lurralde honetan zuen EH Bilduk kopuruz hazteko aukera handiena, eta halaxe da. Ordea, hauteskunde hauek argi utzi dute espero ez zen fronte batean pattaldu dela ezker soberanisten koalizioa, eta EAJ izan dela bere hegemonia Gipuzkoan zalantzan jarri diona.
Esan dezakegu bi faktore nagusik erabaki dituztela Hauteskundeak EAJren alde: PSEk izan duen beherakadak eta Gipuzkoako emaitzak. Zer gertatu da, baina, Gipuzkoan?
2009ko hauteskunde autonomikoetan EAJk 112.101 boto jaso zituen, eta joan den igandekoetan 1.800 gehiago. Foru Hauteskundeetan eta Hauteskunde Orokorretan izaten ari ziren gorakada baieztatu besterik ez da egin. Hau da: Foru Hauteskundeetan 2007tik 2011ra 9.000 boto igo zituen; 2008ko Hauteskunde Orokorretatik 2011koetara 6.000 boto berri lortu zituen. Alegia, frogatuta dago Bilduren eta Amaiurren presentziak ez diola EAJri inolako boto galerarik ekarri, inongo hautes-ziklotan. Esan daiteke, beraz, jeltzaleek lortutako emaitza ez dela, berez, hain harritzekoa.
Eta ez hori bakarrik: esan daiteke ezker soberanisten orain arteko emaitza bikainak ez direla EAJren bizkar izan, eta, ondorioz, jeltzaleen 1.800 botoko igoera horrek ez duela zerikusirik EH Bilduren beherakadarekin. Baina ez da hori esan daitekeen bakarra: orain arte, hauteskunde autonomiko batzuetan elkarrekin lehiatu gabekoak ziren ezker soberanisten koalizioa eta Sabin Etxeko alderdia. Ez genekien terreno horretan nola jokatuko zuten boto emaileek.
Orain bai, zenbakiei dagokionean behintzat. 2009an Eh Bildun aurkeztu diren alderdiek batuta 95.055 boto atera zituzten (Alternatibaren datuak ezin gehitu, EBren barruan aurkeztu ziren eta). Hori bai, D3M ren botoak ilegalak izan ziren (47.908). Ibarretxek Ezker Abertzale eta EAko zenbat boto-emaile erakarri zituen egoera hartan? Izan ere, alderdi espainolistei aurre egiteko alternatiba bakartzat aurkeztu baitzen. Ezker Abertzalearen boto-emaileak Aralarrera batzuk eta abstentziora beste batzuk joan zirela badakigu. Ez dakigu EAJra zenbat joan ziren orduan. Bestalde, 2009ko emaitzari Hamaika Bat alderdiak izan zezakeen pisu elektorala kendu beharko litzaioke (2011ko Foraletan 8.660 botokoa izan zena).
Datu-festan gal ez gaitezen, igandeko emaitza interpretatzeko beharrezko genukeen datuaz galdetuko dugu: EAJk Amaiurren boto-emailea erakarri du? Arrazoizkoa da neurri batean bai pentsatzea, baina nik asko erlatibizatuko nuke datu hori. Aldiz, uste dut 2009tik 2012ra EAJk boto abertzale bat galdu duela, eta litekeena dela PSEko trasbase bati esker gainditu izana orduko emaitzak. Hara: Donostian EAJk 4.000 botoko igoera izan du, eta PSEk 7.000 botoko jaitsiera, Amaiurrek 3.200 galdu dituen bitartean, eta PPk 1.000 irabazi. Hau da, Bilduren kudeaketaren kontrako estrategia latzenak erabili diren herrietan (Zarautz kasu), EAJk gorakada nabarmena izan du, eta estrategia hori berak kapitalizatu du gune horietan.
Nire hipotesia da, Amaiurretik EAJra joan den kopurua gutxietsi gabe, batez ere PSEtik etorri den Bilduren kontrako boto erabilgarriari esker lortu dutela jeltzaleek beste herrialdeetan 2009ko emaitzekiko izandako jaitsierari Gipuzkoan buelta ematea: PPk ia aurrekoetako emaitzak mantendu ditu, eta PSEk 24.000 galdu. Gainera, Bilduren kontra izandako estrategia horrek ez dirudi Bilduren boto-emaileak jeltzaletzeko egokiena. Beste helburu biri erantzuten die, nire ustez: aipatutako boto-segmentuak erakartzea, eta Bildurenak desaktibatzea.
Baina, zergatik jaitsi da horrenbeste EH Bildu? Lehen zergatia ia berehalakoa: Gobernuetan Bildu egiten ari den lana ez zaielako bere boto-emaile batzuei gustatu. Nago, 2011ko udaberrian izan ziren emaitzak ikusita, sortu ziren esperantzak oso handiak izan zirela, eta esperantza horiek errealitate batekin egin dutela topo.Bilduren lanaren pertzepzioa, jendarteko sektore batzuetan, aldaketa txikia ekarri izanarena da, beste alderdiak bezalakoa izatearena, eta beharrezko proiektuei baino, atez atekoa bezalako aferetan denbora galtzen ari denarena.
Pertzepzioa diot, zintzoak izanda, ez baita egia hori horrela denik. Ez nire iritziz. Baina gertaera oso argigarri batek arrazoitzen du nire iritzia: Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian eta herrietan oso kudeaketa ona egin du, eta egiten ari da. Gestio hutsaren ikuspegitik, gauden krisi egoeran, aurkezten ari den zenbakiak onak dira, oso onak kasu batzuetan. Ilunak bilatu nahi dituenak ere aurkituko ditu, jakina. Baina orokorrean ez da EAJ edo PSE baino okerrago egiten ari. Aitzitik, haien kudeaketa ereduaren begietatik, oso ondo doaz gauzak.
Baina hori da, hain zuzen ere, arazoa. Bilduri ez zaio botoa eman kudeaketa egokia egiteko. Horretarako ere bai, jakina. Baina, batez ere, Bilduri botoa politika eta eredua aldatzeko eman zaio. Ez bakarrik EAJ-PSEren eredua aldatzeko, baita Bilduren baitan dauden alderdien politika egiteko modua alda zedin ere. Eta hor du herrena Bilduk: herritarrek ez dutela aldaketa hori perzibitzen, eta ustezko boto-leialtasun ikaragarri hura ere ez dela hainbesterakoa baieztatu da boto-emaile desmotibatuek babesa emateari utzi diotenean.
Berriz diot, pertzepzio bati buruz, eta ez errealitate osoari buruz ari naizela hizketan. Ez da ikusten Bilduren proiektua zein den. Zeren aurka dagoen bai: azpiegituretan, batik bat. Baina zeren alde dagoen oraindik ez da ikusi. Eta agian horixe da normal eta naturalena, denbora behar baita aldaketa sakonetarako. Garai zailegiak dira urte t’erdian egindako lanaren ondorioak ikusarazteko. Arazoa horretara mugatzen den Bilduk datorren urteetan egingo duen lanak esango du, uzten badiote, behintzat.
Analisi hau Gipuzkoako Hitzarako egina da, eta post honen bertsio motzago bat 2012ko urriaren 26ko alean izan zen argitaratua. Jatorrizkoa Toliati blogean.
Kontutan hartu beharreko beste datua partaidetzarena da eta udalerrietako eta foru aldundirako 2011eko emaitzak. Orduko datuekin alderatuz partaidetza %4 igo da Gipuzkoan, beraz Bilduren jeitsiera handiagoa da. Bildu eta Aralarren baturak orduan 134.500 bozka lortu zituen, orain 114.500. 20.000 bozka gutxiago %4ko partaidetzaren igoerarekin.
Hausnarketarekin guztiz ados egon da, bozken trasbasea ongi ikusteko herri guztien datuak hartu behar dira kontutan. PSE-tik ere bai baina adibidez nabari dena PP-tik joan direla EAJ-ra bozkak ikusi daiteke. Herri txiki askotan alderdi espainiarren presentziarik ez dago eta hor EAJ-k ere bozkak irabazi ditu, beraz hauteskunde autonomikoetan alderdi jeltzalera pasatu dira Bilduren %4-%9 bitarteko botuak. Eta galera hori herri txiki, ertain eta handietan ikusi daiteke.
Neurtzea galera hori zergatik gertatu den zaila da. Hauteskunde autonomikoak izateak eragina du ezbairik gabe, baina Araba eta Bizkaian ere hala ziren eta bertan jeitsiera, 2011ko maiatzekoekin alderatuz, 10.000 botoena izan da eta Araban berriz mantendu egin da.
Gestioak eragina izan du ezbairik gabe eta ongi diozun bezela zeren aurka dagoen ongi ikusi den bezala ez da ain ongi ikusten ongi egiten ari dena, eta gauza asko dira. Adibidez diruaren kudeaketa eta benetan hori da Diputazioak egin dezakeen gauzarik hoberena eta bere hezkuduntzetan dagoena.
Atez atekoak desgastea ekarri du. Martxan oraindik ez dagoen herrietan, baita martxan dagoen herrietan Hernanin izan ezik. Antzuolan, Usurbilen, Oiartzunen…ere galera etorri da, baina ez oraindik ez dagoen lekuetan baino gehiago. Zarautzen etori da galerarik nabariena eta agian polemika eta aurkako propaganda gehien eduki duen herria izan da.
Jendearen perzepzioa da Bilduk atez atekoa inposatu egin nahi duela, eta hori bere egiteko moduaren aurka doa. Gainera jendea ez dago esfortzu gehiago egiteko prest, nahiz eta esfortzu txikia izan benetan, baina perzepzioa da lana ekartzen duela, molestia eta gainera betebeharra. Hori ez da jendearen gustoko.
Bozketan horrek zer eragin izan duen zaila da neurtzea, baino galerak hortik etorri daitezke. Jeitsiera %7koa izan da. %39tik %32ra eta esan liteke gutxienik %5a atez atkoaren ‘inposaketa’ nahiaren ondorioz edo perzepzioaz izan daitekeela.
Hala ere hori guztia esan eta gero esan nahi nuke Bilduren emaitzak bai Autonomi Erkidego guztian eta baita Gipuzkoan ere oso ona edo onak izan direla.
Tira, nire ustez, zaborren kontuagatik edo jeltzale-sozialisten koalizioaren propaganda zabor eta zabarraren eraginez EHBilduri bozka ukatu dion (eta bereziki hari ordez EAJri eman dion) jendeak ezkerretik gutxi du.
Inolako kontzientziarik ez al du EHBilduren boto-emaile batek, konturatzeko noiz ari zaizkion gezurretan eta, demagun, zaborrena ez dela bazterreko kontu bat, berebiziko garrantzia duen eta denon esfortzua eskatzen duen arazo bat baizik? Moduak modu, gainera, EAJk hobeto egingo lukeelakoan egon al daiteke bere burua “ezkertiartzat” duen inor??
Norberak ikusiko du zer duen buruan…
Nik ezin ditut urriaren 21 gaueko Martxelo Otamendiren hitzak burutik kendu: “Egunkari batean lan egingo ez banu, esango nuke Gipuzkoan komunikabide indartsu batek irabazi dituela hauteskundeak”.
Uste dut EAJk baldintza ezin hobeak izan dituela oraingo honetan Gipuzkoan EH Bilduri aldea ateratzeko eta oraingoan lortu ez badu, are zailagoa izango duela datozenetan irabaztea.
Alde izan dituen faktoreen artean hauexek azpimarratuko nituzke:
Batetik, krisi baten hasierako etapan gaudela eta halakoetan jendearen lehenengo erreakzioa kontserbadorea izaten dela beti. Bakoitzak duen ondasun apurrari eusteko ahaleginean, ezkerretik proposatzen den aldaketa baino, eskuinak hitz ematen duen “ordena” eta “egoeraren berbideratze lasaia” izaten dira irabazle.
Bestetik, Gipuzkoan Bilduren aurkako kanpaina politiko eta mediatiko zenbaterainoko bortitza izan den kusi dugu. Hain justu, gobernatzeak desgaste sakona ekar lezakeen garaian.
Kontun izan behar da baita ere PSEtik eta PPtik jaso dituen bozak.
Eta azkenik, EAJk “gestore onaren” izena mantentzen du oraindik gizartean. Bera egon da azken 30 urteetan Jaurlaritzan, haiek joan direnean PSEk penagarri egin du eta berriz ere jeltzaleek itzuli beharko dute gu krisi honetatik ateratzeko. Haiek ezagutzen dute ondo txiringitoa nola kudeatzen den. Haiek eramango gaituzte lehenagoko egoerara berriz ere.
Beraz, konturatzen garenean EAJk gizartearen gehiengo zabalaren kontrako politikak hartuko dituela, lehengo egoerara itzultzea ezinezkoa dela, politika eta gizarte eredu berriak behar direla eta EAJ ez dela gestore ona ezbadada gutxi batzuek aberasteko (azken urteetako aberastasun kontzentrazio datuek argi erakusten dute zein gizarte eredu garatu duten), zein emaitza jasoko ditu Gipuzkoan?
Nik uste EH Bilduk EAE gobernatzeko babes handia jaso duela Gipuzkoan, espero nuena baino handiagoa egia esan. Eta aurrerantzean, planteatzen duen alternatiba orkorra lantzen eta garatzen asmatzen badu, are emaitza hobeak lortuko ditu.
Nik ere uste dut Bilduri denborak on egingo diola, atez-atekoaren mamuarekin ezingo dutelako etengabe jokatu oposiziotik eta horrek jendartetik hurbilago utziko du kudeaketaren berri emateko orduan. Bestalde sozialistek eta popularrek, jeltzaleei bakarrik mesede egiten dien oposizio jokoa utzi beharko dute haien gainbehera geratu nahi badute.
Datorren hauteskunde zikloan ikusiko da hori eta bitartean Ezker Abertzaleak itsu-itsuan bozkatzera deitu duen militantziari bestelako eginbideak eskaini beharko dizkio, batzuen kezkak usatzeko.
Nik kritika apurtxo bat egingo nioke gizarteari. Denok aldaketaren alde egiten dugu (aberatsei zerga gehiago, euskera indartzeko, gehiago erreziklatu…) eta egiaren orduan gobernu batek hori egiten duenean zigortu. Ba jarraitu dezala sistema kapitalistak eta berdin jarraituko dugu pobreak pobreago izaten eta aberatsak aberatsago. Euskera desagertzera joera izango du erabilera asko jaisten den bitartean. Eta AHT-aren alde egingo dugu zeren atez-atekoaren kontrakoa egongo gara. Zertarako erreziklatu?
Gorkaren laburpena: zehatza eta egokia iduritzen zait.
Nire ustetan ere: gizarteak konfidantza gehio du –oraindik, oraingoz– eskuin indarrengan, eskuinak aterako gaitu zulo hontatik, etabar.
Diru kontuak, ekonomia, beti izan da kontserbadorea. Nunnahi eta beti. Begira iezaiogun: Estatu espainiarrean, Katalunyan…Beraz, euskal eskuinarengan du konfidantza euskal gizarteak.
Zenbat eta ahulagoa sentitzen den norbera, orduan eta behar haundiagoa du norbaitek salbatua izateko. Hori horrela dela uste dut sikologikoki; eta beraz, baita soziologikoki.
Horri erantsi: gizarte kontsumista batean bizi gerala, kontsumistak gara, eroso/komodo bizi nahi dugu, komodoa eta askotan utzia/alperra (atez atekoak arreta eskatzen baidit, euskaraz bizitzeak neure konpromisoa baidarama berekin, haurrek heziketa ardura…hobe bestek egin dezatela, nik ordainduko dut.
Ze gertatzen da? Oraindik ez garela aski eskarmentatu, egoera ez da behar ahina gaiztatu, erreakzionatzeko, inarrosteko…(depresioan ere, askotan tamalez beheko erreka jo behar izaten omen da, erreakzionatzen hasteko; batzutan beranduegi…Alkoolismoa etabar).
GuardiaCivil sargento hark esan OMEN zuena (erderaz, noski): oraindik, oraindik ere beldurra haundiagoa da gosea baino; gosea beldurra baino haundiagoa denean, kasu orduan !!
EHBilduk nire arreta eskatzen dit, mugitzea, neure burua inarrostea, nolapaiteko intsumisioa…
Ai, letxe: intsumisioa. Soldaduskara ez joateko ere, intsumisioa batzurena zen gero, ez erabateko, ez orokorra; ez horixe.
Beraz, ez da inungo iraultzarik eginen botoz –soilik. Bilduren lana (ikaragarria) da gizartea inarrostea, iñaustea :-)) eta bideak izan badirela erakustea. Noski, gizarteak egin behar du bidea; gainerakoan ezinezkoa eta egitekotan ere, ALPER ALPERRIKAKOA izanen litzateke.
Herritarrak kaikuak eta engainagarriak dira. Eta horretaz baliatzen dira Bildu ez diren alderdi maltzurrak.
Horra despostismo ilustratua maite duten batzuen irakurketa xinplosoa.
Nire analisia da kanpaina osoan zehar Bilduk “eskuinetik” (hau da bozka-emaile identitarioki euskalduna eta ideoplogiaz zentro.-ezkerrekoa) jarri duela jomugan eta ez duela aktibatu; eta horrek ezkerretik (Ezker Abertzaleko betiko jende bat, edota ezker-muturreko marjinetan dagoena) bozka batzuk daldu arazi egin dizkiola (eta beste jende asko inoiz baino gogo gutxiagoz joan dela bozka ematera).
Ezker-muturreko edota ezker erradikaleko bozkaren desaktibazio hori, inon baino gehiago Gipuzkoan ikusi da, Bilduk gobernatzen duen tokian
Hori horrela izan denaren daturik ez dago eta ezin da jakin. Aldiz herriz herri Bilduk galdu dituen bozkak EAJ-ra joan direla ikusi daiteke argi eta garbi.
Non Iñigo? Zarautzez gain nik ez dut halakorik ikusten. Artikulu-egileak ere ez.
Herriz herri ikusi daiteke hori. Batez ere nabaria da tendentzia herri txikietan eta hori ispilu da herri ertain eta handietarako. Anoeta esaterako, Irura, Zarautz, Azpeitia, Zumaia, Deba, Azkoitia, Orio, Beasain, Oiartzun, Antzuola…Gipuzkoako herri guztietan.
Kudeaketa ona? Ezin jakin alor guztietan nolakoa izaten ari den, baina Bilduren kudeaketa gertutik ezagutzen dudan alor batean, alegia, kulturan, esango dizuet negargarria izaten ari dela. Bilduri eman diot botoa, eta ezin esan zer nolako tripako mina eragiten didan ikusteak Bildu zer ari den (des)egiten kultura alorrean. Murrizketak murrizketen atzetik, besterik ez. Ez dut uste horrek bozka askorik kenduko zizkionik (ezta nirea ere) baina esan beharra neukan. Gipuzkoako kulturgintza itotzen ari da eta GFAk flotagailuak kendu ditu. EAJ izan balitz izugarriak esango genizkion, Bildu denez ixilik gaude.
Aupa! Pozten naiz artikulu baten harira hain eztabaida aberasgarria sortzeaz, bai ados bai desados daudenen ahotik. Argitu nahiko nukeen kontu bat da idatzi hau hauteskundeen biharamunean egina dela, eta jakina hor ideiak edo intuizioak aipatzen direla ez ondorioak. (Trasbaseen kontuei buruz ikus Asier Blasen zuzeuko “Biharamuneko gomendioak”-en iruzkinak, bereak).
Nik gogoeta bat gehitu nahiko nuke: zein dira iritzi publikoaren eraikuntzan Bilduk dituen tresnak? Ezagutzen al du bere hautesleria? Igual klabe batzuk egongo dira hor.
Kudeaketaren pertzeptzioari buruz, bi norabidetan ikusten dut kontua: politika egiteko forma zaharren erabilera (boto emaile “moderatuagoa” alden dezakeena); proiektuaren edukien gabezia (boto emaile “erradikalagoa” alden dezakeena). Ez dakit bietan nondik doan gehiago.
Orokorrean bat nator egindako irakurketarekin, baina esaldi baten gainean gogoeta egin nahiko nuke: “…aldaketa txikia ekarri izanarena da, beste alderdiak bezalakoa izatearena, eta beharrezko proiektuei baino, atez atekoa bezalako aferetan denbora galtzen ari denarena.”
Hain zuzen ere hor erakutsi du Bilduk gainerako alderdiekiko aldea. Arazo larri baten konponbidea zein den garbi edukita arduraz eta ausardiz jokatzeko gaitasunak bereizten du. Jakina zen aldaketa bukatu dadin arte nolako presioa eragingo zuen, baina ala ere ideiak botoen aurretik jartzen jakin dute.
Horrek egiten du ezberdin eta aldaketa sakonak beste alorretan ere emateko gaitasuna daukan indar politiko bakarra dela erakusten du.
Arazoa, zuk diozun bezala pertzepzioan dago. Gauzak ondo egitea beharrezkoa da, baina jendeak ondo egiten ari zarela jakitea ere bai. Komunikazioan gehiago inbertitu beharko dute.
Apustu garbia eta ausarta egin du Bilduk zaborraren auzian. Ea beste horrenbeste egiten duen euskararenean ere.