Gipuzkoako eta Bizkaiko 3 zentro teknologikok Elhuyar Zientzia Azokarekin hitzarmena sinatu dute
Gipuzkoako eta Bizkaiko 3 zentro teknologikok Elhuyar Zientzia Azokarekin hitzarmena sinatu dute –
Gipuzkoako CIC nanoGUNE-k eta CFM-Materialen Fisikako Zentroak, eta EHUk eta Ikerbasquek sortutako Bizkaiko BCMaterials zentroak, Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egin dute gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko helburuarekin.
Ikasturte berriarekin, CICnanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboak, CFM_Materialen Fisikako Zentroak (CSIC eta UPV/EHUren arteko zentro mistoa) eta BCMaterials-ek (Basque Center on Materials, Applications and Nanostructures, Ikerbasquek eta UPV/EHUk sortutako zentroa), ekimenean modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu dute. Hala, hiru ikerketa-zentroek proiektu estrategikotzat jo dute Elhuyar Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura-zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko. Bide horretan, ekimenak behar besteko neurria eta irismena izan dezan, sinatzaileek oso garrantzitsutzat jotzen dute Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sareko eragileak elkartzea.
Hitzarmenari esker, 2020ko maiatzaren 9an Bilbon ospatuko den Elhuyar Zientzia Azokaren laguntzaile izango dira Gipuzkoako 2 ikerketa-zentroak eta Bizkaiko ikerketa-zentroa. CICnanoGUNE-n, CFM-n eta BCMaterials-en bi eguneko egonaldiaz gozatu ahal izango dute Elhuyar Zientzia Azokako irabazleek, ikertzaileak eta euren jarduna gertutik ezagutzeko.
Horrenbestez, gaur goizean sinatu dituzte lankidetza-hitzarmenak nanoGUNE-ko zuzendari Txema Pitarkek, Materialen Fisikako Zentroko (CFM, CSIC zentro mistoa eta UPV/EHU) zuzendari Daniel Sánchez Portalek, BCMaterials-eko zuzendari Senen Lanceros Méndez-ek eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abril Olaetxeak.
Gipuzkoako eta Bizkaiko 3 zentro teknologikok Elhuyar Zientzia Azokarekin hitzarmena sinatu dute