Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Sarrera

Gipuzkoako Foru Aldundiak, iragan abenduaren 18an, hurrengo hamarkadetarako hondakin sorreraren prognosi edo aurreikuspena aurkeztu zuen ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensioren bitartez. Ondorioa eta erabakia aurrez iragarrita zeukaten, errauste planta eraiki beharra zegoela alegia, eta trajea, hau da, ikerketa neurrira egiteko, bazuten jostun egokia: Errauste planta justifikatzeko Xabier Garmendia Martinezengana jo du Foru Aldundiak.

Eta ez alferrik. Xabier Garmendia bera baita aurreko legegintzaldian bertan behera geratu zen errauste planta justifikatzen zuen prognosia bere garaian egin zuena. Ez du inporta errealitateak erakutsi eta ikerketa berrian jasotzen den moduan aurreko aurreikuspena ezkorregia zela jakitea. Ez du inporta azken urteetako Zero Zabor politiken ondorioz, egin behar omen den errauste planta lehen esandakoa baino %30 txikiagoa izan beharko lukeela aitortzeak. Ez du inporta… ala agian bai, inporta du. Errausketaren negozioari lotuta eta iragarpen ezkorrak egiteko arazorik ez duen norbait topatu beharra zegoelako bilatzen zen ondoriora iritsiko bazen: Gipuzkoak errauste planta bat behar duelako ondoriora iristeko.

Prognosia egiteko, beharrezkoak diren hainbat parametro aztertu dira, biztanleriaren garapena, jarduera ekonomikoaren garapena, e.a… Ezin zuen bestela izan. Baina, hurrengo hamarkadetan zenbat eta nolako hondakinak sortuko diren aurreikusteko bere biziko garrantzia daukaten beste zenbait parametro ez dira aintzat hartu. Hauen artean, Europar Batasunean ekonomia zirkular eta efiziente baterako trantsizioa egiteko erabakiak ekarri behar dituen aldaketa sakonak eta Gipuzkoako hainbat eskualde eta herritan gaikako bilketan egin den jauzi ikusgarriak daukan potentziala.

Helburua azterketaren aurretik ezarrita

Hauteskundeak irabazi bezain laster iragarri zuen Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusi berriak errauste planta, eraiki, eraikiko zela. Gerora etorri da proiektuari eutsi ahal izateko ikerketa eta txostena.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Ikerketak ze ondorio izango zuen inork ez zuen zalantzan jartzen. Jakin mina, aurrez erabakitakoa justifikatzeko erabiliko ziren kopuru eta argudio zehatzetan zegoen. Izan ere, Europako Batasuna lotesleak izango diren helburuak onartzear da eta hauek beteko ez zituen azterketa aurkeztea eskandalua litzatekeenez, errauste plantarentzako gutxieneko zaborra “nondik” aterako zuten ikusteke zegoen.

Aurreikuspen ezkorrak egiten aditua tartean edukita erraz konpondu dute arazoa. Hondakin sorrera izugarri haziko omen da Gipuzkoan hurrengo hamarkadetan. Birziklapenean aurrera egin arren errauste plantak behar beste bazka ziurtatuta edukiko du.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Kudeaketaren porrotaren iragarpena

Aurreko grafikan ikus daitekeen bezala, Foru Aldundiak bere politiken porrota iragarri du. Haatik ez da larritu Aldundia. Ez da dimisio eskaerarik egon. Bere burua kudeaketa on bat egiteko gai ez dela aitortu eta aurrera segitzen dute garrantzirik edukiko ez balu lez. Hondakinen kudeaketan jarduteko hierarkia bat onartuta dago. Hain zuzen, errausketa isurketaren aurrean defendatzeko Foru Aldundiak erabiltzen duen hierarkia bera.

Hierarkiaren azken eta azken aurreko mailekin hain kezkatuta dagoen Aldundiak ordea, maila garrantzitsuenari, prebentzioari, ez dio arreta handirik eskaintzen, eta, prebentzioan aurrera egin beharrean, bere politiken ondorioz geroz eta hondakin gehiago sortzea aurreikusten du. Foru Aldundiko arduradunen gaitasun edota borondaterik eza nabarmen uzten du datu horrek.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Prebentzioa, hau da, hondakinak gutxitzea da garrantzi handieneko maila hondakinen kudeaketa egoki batean. Gipuzkoako Aldundiak bere ezintasuna iragarri du.

“Despistea” prognosian

Edozein aurreikuspen egiteko, ezinbestekoa da aurreikuspen horretan eragin nabarmena izan dezaketen faktore guztiak identifikatu eta kontuan hartzea. Foru Aldundiarentzat, aurreikuspen ezkorrak baikor bihurtuko lituzketen bi parametro garrantzitsu oharkabean pasa dira: Europak ekonomia zirkular eta efiziente baterako abiatuko duen trantsizioa eta Gipuzkoan gaikako bilketan egin den aurrerapenean geratzen den potentziala.

Europak ekonomia zirkular eta efiziente baterako abiatuko duen trantsizioa

Baliteke, Foru Aldundiko arduradunek, birziklapen helburuak finkatzeko Europak esku artean darabilzkin balioak hartu dituztela esanez, baieztapen hau baliorik gabe utzi nahi izatea.

Baina Europan planteatzen ari den aldaketaren nondik norakoak ezagutzen dituenak, badaki politikarien ohiko zurikeriaz harago doazen neurri sakonetaz diharduela, benetako aldaketaz. Europan eztabaidan dagoena ez da mugatzen birziklapen tasa erakargarri batera. Produktuen diseinuan eragitean, produktuen bizitza luzatzean, desmaterializazioan, iraungipen programatuaren aurkako neurrietan, trazabilitatean eta materialen ekonomia ereduan eragiten duten funtsezko beste hainbat mailatan eragiteko neurri eraginkor eta lotesleak dira erabakitzen ari direnak. Honek, eragin nabarmena edukiko du sortuko den hondakin kopuruan eta hauen ezaugarrietan.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Hondakin kopuruak behera egin behar du eta ez gora. Erabili eta botatzeko kultura errotik aldatu eta material eta produktuen bizitza luzatuko da., material beharrak eta sortutako hondakin kopurua murriztuz

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Produktuen bizitza luzatuz material beharra murriztu eta hondakin kopurua gutxitu daiteke. Ekonomia zirkular eta efizienterako trasnsizioa egiteko neurrien artean produktuen bizitza luzatuko duten arauak aurreikusten dira.

Hondakin kopurua murrizteko bada indarrean jarri nahi den printzipio garrantzitsu bat: Ekonomia hazkundearen eta hondakin sorreraren arteko korrelazioa apurtu nahi da. Foru Aldundiaren prognosian aldiz, ekonomia jarduera eta hondakin sorreraren arteko erlazioa kalkulatzeko iraganera bakarrik begiratu dute, aurreikus daitekeen aldaketa garrantzitsu hau kontuan izan gabe.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Batzordeak garbi dio neurriokin ekonomia hazkundea eta hondakin sorreraren arteko lotura eten egin behar dela. Foru Aldundiak aldiz lehen bezala lotu ditu biak.

Produktuen diseinuan produktuak birziklagarriagoak izan daitezen Europan arautu nahi diren aldaketek ere eragin nabarmena izango dute geratuko den errefus kopuru eta honen izaeran, baina hori hurrengo puntuan aipatuko dugu.

Gipuzkoan gaikako bilketan egin den aurrerapenean geratzen den potentziala

Sinestezina bada ere, gaikako bilketan Gipuzkoako herri askotan izaniko esperientzia mundu mailan eredutzat aipatua den honetan, Gipuzkoako Aldundiak ez du inondik ere aipatzen bere azterketan, ez ikusiarena egiten du. Hamarnaka herrik %70etik gorako gaikako bilketa daukate, eta, %80tik gorakoak ere ez dira gutxi. Aipamen berezia merezi du 63.000 biztanleko Debagoienako mankomunitateak, zeinak bilketa sistema ezberdinekin, %75tik gorako gaikako bilketa erdietsita daukan.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Urte gutxian gaikako bilketan aurrerapausu handiak egin daitezkeela ikusi da azken urteotan.

Herri hauek denek, oso denbora gutxian emaitza itzelak lor daitezkeela erakutsi digute. Gaikako bilketa maila horrek, ia-ia abiapuntua izan beharko luke, borondate politikoa egonez gero, oso urte gutxitan emaitza hori Gipuzkoa mailan berdintzea posible litzatekeelako, eta ez, 30 urte barru erdiesteko helmuga.

Oraindik ere, Gipuzkoan, gaikako bilketari dagokionez, errealitatea asimetrikoa da oso (ikus mapa), oso ondo ari diren herri batzuk daude, eta, oso gaizki dihardutenak ere bai. Azken hauen emaitza kaxkarra ez da saiatu eta porrot egitearen ondorio, saioa egin ez izanaren ajea baizik. Horrek, garbi adierazten du gaikako bilketan aurrera egiteko dagoen potentziala.

Aipatzen ari garen emaitza hauek gaur egungo produktuekin eta gaur egungo materialen ekonomia linealean gertatzen dira. Baina kontutan izan behar dugu ekonomia zirkular eta efizienterako aldaketa horretan, material birziklaezinak baztertuak izango direla produktuen ekoizpenetik, produktuen diseinua materialak errazago birziklatzeko pentsatuta egongo dela eta materialak berreskuratzeko neurri eraginkorragoak indarrean jarriko direla “ekoizlearen ardura luzatua” eta errefusaren sortzez besteko ordainketa adibidez.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Ikus daitekeen bezala bilketa eraginkorra egiteak errefusaren izaera aldatzen du. MAterial birziklagarriak gutxitzen dira eta haiekin batera botere kalorifikoa.

Neurri hoiek guztiak aplikatzeak, gaur egun gaikako bilketa eraginkor bat egin arren errefusan bukatzen duten material asko etorkizunean errefusatik “ateratzea” ekarriko du, ahalegin berdinarekin emaitza hobeak erdietsiz. Bilketa hobetuz, are eta emaitza hobeak lortuko dira.

Errausketa balorizazioa ala isurketa?

Hasieran aipatu dugun bezala, errauste planta eraikitzeko Foru Aldundiak erabiltzen duen argudio bat, hondakinen kudeaketan jarraitu beharreko hierarkian behera begiratu eta “balorizazio energetikoa” (beste balorizazioetan sartzen da) “isurketaren” aurretik dagoelakoa da. Horretan ez du arrazoirik falta, baina haien argumentazioa birrintzen duten garrantzi handiko zenbait nabardura egin beharra dago.

Efizientzia energetikoa

Aurreko puntuan aipatu dugun bezala, gaur egun errefusan bukatzen duten material askok hor egoteari utziko diote. Errefusan bukatzen duten material horietako asko birziklatu ezin diren plastikoak dira. Zenbait plastiko motek “materialaren nekea” bezala ezaguna den fenomenoa jasaten dute. Hauek, birziklatzen diren bakoitzean propietateak galtzen dituzte, eta, ondorioz, ziklo gutxitan birziklaezin bilakatu eta errefusan bukatzen dute. Ekonomia zirkular batean material hauek birziklagarriak diren materialengatik ordezkatuak izango dira eta, ondorioz, errefusan egoteari utziko diote.

Honen ondorioa ez da errefusa gutxitzea bakarrik izango. Plastikoak dira errefusaren botere kalorifikoa gehien handitzen duten materialak, kartoi, paper, egur eta ohialekin batera, denak birziklagarriak. Hauek denak errefusetik kanpo geratzen badira, errefusaren botere kalorifikoak behera egiten du nabarmen, errausketaren efizientzia energetikoarekin batera. Errausketa hierarkiaren azken mailatik azken aurrekora igaro dadin gutxieneko efizientzia energetikoa bete behar du errauste plantak. Hori lortu ezean, errausketa, hierarkiako azken mailan kokatzen da isurketarekin batera eta ez azken aurrekoan balorizazio energetikoan. Aurreko errauste planta proiektuak efizientzia hori ozta-ozta lortzen zuela jakinda, egin kontu etorkizunekoak zer lortuko duen (egitea lortzen badute).

Foru Aldundiak balorizazio energetikoaz hitzegin nahi baldin badu, erraustuko dutela aurrikusten duten errefusaren konposizioa zein den esan behar du eta horrekin balorizazio energetikora nola iritsiko diren azaldu. Gainerakoan hierarkiaren azken mailan geratuko litzateke errausketa Gipuzkoan, eta, beraz, hierarkia betetzea ez litzateke baleko argudioa izango.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Botere kalorifiko handiena material birziklagarriek daukatela ikus daiteke

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
Zabalgarbik (Bizkaia) 2014an erraustu zuen materialaren %85 birziklagarria zen

Errausketa vs zabortegia dikotomia faltsua

Aipagarria den beste puntu bat errausketa eta zabortegiaren artean hautatu behar delako adierazpena da. Adierazpen horrek errealitate bat ezkutatzen du: Erraustutako hondakinen %25-%33 inguru eskoria eta errauts toxiko moduan geratzen da eta hauentzat zabortegia behar da ere. Zabortegien beharra benetan gutxitzeko bide bakarra hierarkiaren lehenengo hiru mailetan jardutea da, Zero Zabor eredu edo ekonomia zirkularrean. Hortik aurrerako guztia sistemaren porrota da eta zabortegian bukatzen du bide batetik joan zein bestetik.

Ekidin ezin den zaborrarekin bi gauza egin behar dira:

  • Errefusa, ahalik eta toxikotasun txikiena izan dezan tratatzea, zabortegiak ahalik eta kalterik txikiena eragin dezan.
  • Errefus hori ekidin ezin izateko arrazoiak zein diren aztertuz, aurrera begira konponbideak bilatzea, hauek aplikatuz, errefus hori sor dadin eragoztea.

Urratsez urrats Zero Zabor eredu batetara iristea posible da, baldin eta horretarako borondate politikoa baldin badago. Helburua eta lehentasuna halako edo bestelako azpiegitura eraikitzea baldin bada, iragan kutsagarri horren lokatzetan trabatuta geratuko gara. Oraindik norabidea zuzentzeko garaiz gabiltza. Ez gaitezen lokartu.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.

Gipuzkoako Aldundiaren prognosia. Porrotaren iragarpena.
ekonomia zirlukarra, errausketa, errauste planta, Gipuzkoa, hondakinak, pronosia, zero zabor

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude