Euskararen Txantxangorria

Euskararen Txantxangorria

Patxi Baztarrika Galparsoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak,  Euskararen Txantxangorriaz idatzi du bere webgunean.

Salabardoak bere hitzak jaso eta ZUZEUra ekarri ditu; ea zer iruditzen zaizuen aurkeztu berria den ekimena.

Euskararen TxantxangorriaEuskararen Txantxangorria deritzan ekimena ez da nolanahikoa, ez atzean dituen erakundeei eta eragileei dagokienez eta ezta bere helburuak aintzat hartuta ere. Hil honen 15ean aurkeztu genuen Donostiako San Telmo museoan, Hizkuntza Politikarako Herri Administrazioen Batzordeko (HAKOBA) kide direnek sustatuta eta askotariko hainbat eragilek babestuta. Zehatz, Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru lurraldeetako aldundiak eta hiriburuetako udalak eta Eudel dira euskararen erabilerarako gonbidapena egiteko txantxagorria ikur modura hartu eta ekimen hau gorpuztu dutenak.

Aurkezpen ekitaldian, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Mikel Pagola Eudel-en ordezkariak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura foru diputatuak, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi eta Donostia 2016 Europako Hiriburutza Kulturalaren zinegotzi arduradunak, Igone Martínez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak eta nik neuk hitz egin genuen. Gainera, arlo pribatuko eragile ugarik (EAEko unibertsitateetako ordezkariek, kirolari eta kirol taldeetako ordezkariek, kultur eragileek, enpresariek, finantza entitateetako ordezkariek eta abarrek) parte hartu zuten, txantxangorriaren ekimenarekin bat egiten dutela agertzeko asmoz. Herritar orok ere aukera izango dute euren babesa eta konpromisoa zehazteko, abian jarritako web orrian sartuta.

Cristina Uriartek bertan adierazi zuenez, “euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea da aurrera egiteko modurik eragingarriena”, eta horren adibide jarri zuen hainbat erakunderen elkarlanak emandako fruitu hau. Gainera, esker ona agertu zien ekimen honekin bat egin nahi izan duten gizarte eragile guztiei, “erakunde publikoen obligazioa” baita “euskaraz aritzeko aukerak eta baldintzak ahalbidetzea, baina hori gizarte osora hedatzeko garaian, guztiz erabakigarria” delako horien “borondatea eta konpromisoa”. Ildo beretik jo zuten hizlari guztiek. Lorea Bilbaok, esaterako, txantxangorria eta euskara txikiak direla adierazi zuen, baina “biak txikitasun horretan, handiak”. “Koloretsua txantxangorria eta milaka kolore hartzen dituena euskara. Geure-geureak dira, Euskal Herrian errotuak baina hegoak astinduz edonora heltzeko modua dutenak. Gertukoak dira, baina hegaldian ikuspegi zabala hartzen dute, eta hegopean esparru zabal, ugari eta anitzak har ditzakete. Politak eta erakargarriak dira txantxangorria eta euskara, gonbidatzen ditugu oraindik ezagutzen ez dituztenak aurrera pausua eman eta hurbiltzera. Zatozte euskararen munduetara!”, erantsi zuen Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak. Bere esanetan, “erabileran jokatzen dugu euskararen partida. Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena”. Eta, horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar “ahaleginak eta bi” egingo dituzte “txantxangorria bideratzen” eta “euskararen hegaldia hauspotzen”.

Donostiako Udalaren izenean Miren Azkaratek nabarmendu zuenez, “Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da” ekitaldian bildutako “txantxangorri aldraren txioa eta kantua”. Mikel Pagola Urnietako alkate eta Eudel-en ordezkariak, aldiz, udaletatik gonbidapena egin zien herritar guztiei euskara erabil dezaten: “nork bere mailan; naturaltasunez eta konplexurik gabe; edozein esparru eta egoeratan”. Igone Martinez de Lunaren irudiko, azkenik, “euskararen arloan, Arabako gaurko erronkak dira euskara maila guztietan sustatzea eta haren erabilera areagotzea”.

Horiez gain, ekimenarekin bat egiteko, hitza hartu zuten Itsaso Andueza, Elena Laka, Josu Urrutia, Jokin Aperribay, Pedro Miguel Etxenike, Roberto Larrañaga, Eli Pinedo, José María Guibert, Bixente Atxa, Arantza Urretabizkaia eta Aitzol Atutxak, eta bideo bidez aritu ziren Juan Calparsoro, Alex Aranzabal, Toti Martínez de Lezea, Andrés Urrutia eta Iñaki Goirizelaia. Kirmen Uribe izan zen ekitaldiari hasiera eman ziona, ‘Munduari begiratzeko modu bat’ olerkiaren irakurketarekin.

Euskararekin, euskararen erabilerarekin, euskararen aldeko jarrerarekin lotuko gaituen irudi berri eta freskoa da bertan aurkeztu genuena. Izan ere, txantxangorria beti izan dugu maite. Betidanik izan da gure paisaiaren parte, bere irudi arin, atsegin, jostari eta airosarekin. Maitea dugu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri gertatzen zaigu, geure sentitzen dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskara bezala.

Joxean Artzeren hitzekin eta Mikel Laboaren musikarekin osatutako ‘Txoria txori’ kanta ederrean bezala, txoria bizirik nahi dugu. Eta hegan. Gutariko bakoitzaren borondatea da euskararen hegal. Gutariko bakoitzaren gogoa eta atxikimendua dira euskararen hego. Lehen hitza euskaraz esatea, ondo zein erdipurdi euskaraz hitz egiteko prestasuna adieraztea, euskaraz bizitzeko grina erakustea, euskararik ez jakinda ere badakitenek erabiltzeari ongi etorria egitea…, hori guztiori gure hizkuntzari hats ematea da. Eta gure txoriari hegoak ematea.

Txantxangorria, bere txikian, bere ahulean, oso txori eskuzabala da. Kukuak habian jartzen dizkion arraultzak txitatzen ditu. Zergatik ote? Agian da, gure basoetan kukuaren kantua entzuten jarrai dadin nahi duelako. Denok txantxangorri bihurtzen bagara, euskararen kuku hotsa basoetan bezala herri eta hirietan hedatuko da. Bilaka gaitezen txantxangorri. Eman hegoak euskarari!

Txantxangorriaren irudi atsegin eta maitagarri honen bitartez, herritarrei egin nahi dieguna da, gonbidapen bat: euskara erabiltzeko gonbidapena. Herritar guztientzako gonbidapena: euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat. Denen ekarpena baita baliagarria. Euskaraz dakitenek, euskaraz lasai eginez, euskarari bizia ematen diote. Zertxobait dakitenek, beren neurrian euskara erabiliz, euskaraz egiteko aukerak eta egoerak biderkatzen dituzte. Eta ulertzera mugatzen direnek ere, beren inguruko lagunak, etxekoak, lankideak… euskaraz egitera animatuz, berebiziko ekarpena egiten diote euskarari. Eta elkartasun txalogarria erakusten dute, euskaraz ez jakinda ere euskararen erabilerari atea zabaltzen dioten herritarrek.

Gonbidapena da irudi hau: borondateaz ari gara. Herritarren borondatean sinesten dugu. Herritarren gogoaren indarrean sinesten dugu. Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egoterik. Alderantziz, denok eroso egongo garen gizartea osatu nahi dugu: lehen aukera euskara dutenak eta lehen aukera gaztelania dutenak, eta lehen aukera biak dituztenak. Ez dugu nahi inork uko egin beharrik izatea bere lehen hizkuntzari. Ez dugu hizkuntza bakarra nahi: hizkuntza bat eta bestea nahi ditugu; lehen hizkuntza edo etxeko hizkuntza gaztelania edo euskara izan, lehen hautua euskara edo gaztelania izan, denontzako aukerak sustatu eta errespetatu nahi ditugu. Berdinkidetasunean.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial ditugu; legezko berdintasuna dute biek, bai, baina ez daude biak egoera berdinean, ezta gutxiagorik ere. Desorekan bizi dira. Gero eta indartsuago, bai, hala dabil euskara, zorionez, baina aldi berean, zoritxarrez, ahul da gaztelaniarekiko. Eta gure gizartearen elkarbizitza-ereduan, berdinkidetasuna eta ekitatea dira oinarri eta helburu. Herritarren arteko berdintasuna baita gizarte-kohesioaren zutabe nagusia. Bizikidetzak, hizkuntza kontuan ere, berdinkidetasuna eta ekitatea eskatzen dituelako.

Gaurko desorekatik biharko orekara bidean, euskara da arnastu behar duguna. Horra gure gonbitea. Erabil dezagun euskara, konplexurik gabe, han eta hemen, honetarako eta hartarako. Eraman dezagun bihotzetik eta burutik ezpainetara. Erabil dezagun lasai; jakinda, erabiliz egiten dugula euskara bizitzarako hizkuntza bizia; jakinda guk bakarrik egin dezakegula. Guk ez bada, nork erabiliko du? Gurea da aukera.

Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan, norberaren paparrean… zabalduta, jarrita eta hegan ikusi nahi dugu txantxangorria. Datozen hilabeteetan, datozen urteetan: euskararen gonbidapena, euskararako gonbidapena, han eta hemen. Horregatik eta horretarako herri erakundeok eta hala nahi duten elkarte eta enpresa eta entitateek txantxangorriaren irudia kaleratu eta zabalduko dugu euskarri ezberdinetan: paparrerako pinak, mahai gainerako eta hormetarako soporteak, biniloak… Euskararen Txantxangorria jada ez da inorena, denona baizik, gizarte osoarena. Euskara bera den bezala. Gizarte osoaren helburua delako: eman hegoak euskarari!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

20 pentsamendu “Euskararen Txantxangorria”-ri buruz

  • Autobonboa. Diru publikoz ordaindutako alderdi publizitatea.
    Ekimen antzua, kanpaina ezgauza, egungo egonia betikotzera zuzendua.
    Galdera bat:
    AEK, Topagunea eta beste zenbait eragile bat datoz kanpaina baragarri honekin?

  • Ez dugu inor behartu nahi? Beraz ezer berririk ez, erabilpena zer? Zaila izango dut erabiltzea albokoa ez badaki, osakidetzan ez badakite, langile publiko andana ez dakitenean…

    Ez dakitenei gonbidapena? Ez dakiena ez badu behar, ez du Euskara inoiz ikasiko, gutxiago erabiliko. Hori behintzat gertatzen zaio biztanleriaren gehiengoari.

    Donostiako Udalaren izenean? Ez dira ba Donostiako Udal berriaren agintariak eskatu zutenak Euskal kontseiluko kideak gazteleradun elebakarrak izan zitezen?

    Gaur egungo Donostiako gobernuan ez al dago EAJk ba? 40 urteetan Osakidetza euskalduntzea nahi izan ez duen EAJ hori?

    Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan, norberaren paparrean egiteko, leku guzti hoietan Euskalduna euskaraz hartatzeko gai izan behar dira.

    D-Busen %40a ez du zertan Euskara ikasi behar, beraz….

    Berriro presioa Euskaraz bizi nahi duenarentzako, Euskalduna dalako, Gazteleraz mesedez (hori ondo erraten badiote) entzun beharko duena aldiro.

    Ta Gazteleradunei zer eskatzen zaie?Mesedez ikas ta erabili dezaten? Beraz ezerrez berdin zaielako. Ta beraien borondateari men egin behar diegunez…
    Ta ikasi baina dirutza ordainduz noski.

    Diru gutxiago kanpainetan ta benetazko konpromisoa euskararekiko, ta ez dut erraten egitasmoaren egile guztiei, baina bai boterea dutenei hori aldatzeko, lege batekin ta diru barik, askoz gehiago egin daiteke euskara zabaltzeko, ta gehiago egingo ziran horrelako egitasmo asko bertan behera gelditu baziran, ta diru hori euskararen dohakotasunean inbertituko balitz.

    Edo euskaraz hartatzen dutenei laguntzak emateko, edo kenkariak zergetan…

    Ni ez naiz Euskaraz bizitzen erakunde publikoak ta izan diren gobernuak ahalbidetu dutelako hori (Espainia ta Frantzia lehengo erantzuleak direla jakinda noski), ze gaur egun ditugun lege ziztrinekin, ia guztiak behartu ditzazkegu euskara ikastera.

    Ta halare gehiengoak ez du ikasten.

    Orduan bai erran genezaken euskaraz egin behar dela ta jendea animatu, baina animatu hainbeste jende ez dakienean? Eskubide osoa dutenean ez jakiteko erdara derrigorra dan bitartean?

    Gainera deitzaileen artean euskara egunero iraintzen dutenak daudenean?

    Zergatik ez enpresa haundien idatzia zergak pagatu behar direla erranez, beraiek milaka milioi defraudatzen dituztenean?

    Animatzeagatik edonor animatzen saiatu gintezke baina emaitzak begi bistan dira, txarrak benetan.

    Euskaraz benetan bizi nahi duena aldiz jada animatua dago ta saiatzen da, baina gauz gehiegi ditu aurka.

    Ta gazteleradunen erantzunkizuna? Gonbitea onartu edo ez? Guau.

    Zenbat enpresetan egingo didate Euskaraz? ta jada enpresa haundiak badira? %5an?

    Nik animatzen ditut euskaldunak, ahal duten heinean, euskaraz hartatzen ez dituzten lekuetan ez kontsumitzera, horrela ikusiko genuke ze azkar ikasten duten askok euskara, ze azkar eskatuko zuten euskararen dohakotasuna….

    Animatuko nituzke gazteleradun elebakarren aurrean euskaraz egitera beraiek deseroso sentiarazteko, animatuko nituzke beraien senide erdaldunei helaraztea dioten begirune gutxia…..

    Ongi izan.

  • El chorreo:
    TVE pide canciones en español
    Según ‘Abc’, la cadena pública quiere seguir apostando por el castellano y ha pedido a sus candidatos que incorporen un mínimo de español en sus letras.
    Espainiarrek ez dute astirik galtzen imintzioetan. Hori da hizkuntz politika, eta ez hemengo miseria.

  • Donostiako Udal ordezkaria, Alfonso Gurpegi gaztelera hutsez Victoria Eugeniako Haur Tanborrada ekitaldian.
    Txantxangorri edo txantxa?

  • Lotsagorria…

  • Hainbat guraso, hainbat erakunde, hainbat diputazio, hainbat eitb, unibertsitate eta beste, eta mendi handi hark erditu zuen… zer eta sagutxu bat!

    Ondo laburtu zuen Berriak kanpainaren muina:

    “Txikitasuna du ezaugarri kanpainak. Mezuari dagokionez, Baztarrikak azaldu du «gonbidapena» dela, euskara gehiago erabiltzea duena xede. «Borondatea» aipatu du, «herritarren gogoa». Kontzeptu hori oraindik orain ere aipatu du Jaurlaritzak hizkuntz politikaren etorkizunari buruzko gogoeta egitean —uste du herritarren «nahia» izango dela «enborra» euskara biziberritzeko—. Hala berretsi du Baztarrikak: «Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egotea»”.

  • Beti behar izaten da borondatea. Ez du inork ukatuko hori.
    Baina beste baliabiderik ez duen gizataldearen tresna da borondatea, ez bere buruaren agintari omen den Herri batena
    Iparraldean da baliagarria eta nahitaezkoa borondatea; aginte politikorik ez duen gizarteak xaxatu eta sustatu behar du jendearen nahia eta borondatearen haria.
    Baina erkidego bateko gobernariak? Hain laburra, epe motzekoa, indarrik gabea eta antzua al dute ikusmira?

  • Orain guztiok txantxangorria paparrean.
    Eta aurrerantzean, EITBn euskara nagusi, Eusko Jaurlaritzako bilerak euskaraz, EUDELekoak ere bai, eta zer esanik ez Araba, Bizkaia eta Donostiako diputazioetan eta hiriburuetako udaletxeetako plenoetan.
    Orain denok papargorri.
    Txori txikia, hegaldi motzekoa, izutia, beldurtia, Baztarrikaren Hizkuntza Politika bezalakoa.
    Hau da eskaintzen zaigun Hizkuntza Plangintzaren muina eta bitarteko bakarra: borondatea, nahia, irribarrea eta txapliguak. Eta amaitzean, kea, kea baino ez.

  • Txantxangorri tiro pun 2016-01-18 23:32

    Auzo lotsa, erridikulu etengabea, ezina, nazka, botagura ematen dute “euskararen txantxangorri”, “Ukan birus” eta “poziktibity” hauek denek.

    Bere burua serio hartzen duten nazioek beren hizkuntza ezartzen dute beldurrik eta konplexurik gabe. Diglosia larrian gaude eta erdaldunei irribarre egin eta “gonbidapenak” emateak ez duela ezertarako balio ikusia dago aspalditik. Borondatez ikastea ondo dago eta txalogarria da, baina hori ez da nahikoa inoiz. Gutxiengoa beti.

    Hasteko, ekimen honek dioen bezala “inor ez behartzeko, inor inoren gainetik ez egoteko eta denok eroso sentitzeko”, denok eskubide berdinak izateko alegia, beste guztien aurretik dagoen baldintza ezinbestekoa DENEK EUSKARA JAKITEA da, euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzea bermatzeko.

    Inbidia linguistiko mugagabea Kataluniari, independentzia lortuko ez balu ere.

  • Leher Txundituta 2016-01-19 00:15

    Ez duzue ezer ulertu.
    Mezu subliminala helarazi nahi digu Baztarrikak.
    Hauxe:
    Txori ttikia nintzelarik
    esan zidaten,
    kaiolan bizitzeko
    sortua nintzela,
    gero arrano bihurtuko nintzanean
    kaiola hautsita aldegingo
    nuen beldurrez,
    libro nintzela sinistarazi
    nahi zidaten,
    horregatik iriki zizkidaten ateak
    egin nezan hegaz,
    bainan luze gabe ohartu nintzen
    hanka harkaitz bati
    lotu zidatela
    kate motz eta astun batez.

  • ta beste bat ta beste bat 2016-01-19 02:07

    Laster barkamena eskatu beharko diegu elebakarrei gure hizkuntza erabiltzerakoan. EAJ herriaren azken zainak mozten. Tristura.

  • Eta hurrena txakurrei eta umeeei baimena eskatu beharrra izango da, gure nazio foral txit ederrean.

  • Zer diote?
    Cameronek ere Baztarrikaren txantxangorria erabiliko duela emakume atzerritarrek ingelesa ikas dezaten?
    http://www.thetimes.co.uk/tto/news/uk/article4668052.ece

  • Basque News 2016-01-21 10:55

    Azken albistea. Gasteizko Txantxangorritxu erietxean ingresatu dute HPSren txoritxoa, oso larri. Erietxeko iturriek adierazi dutenez, pozoinketa zantzuak agertu dira odolaren analisietan: hegazti-gripea. Lakuako pasilloetan, komunikatu bat aurkitu dute Segurtasun Saileko ikerlariek:

    «Bai, nire mendekua izan da. Hain goxo tratatu ninduten hasieran…; bat-batean, ez dudala nigandik espero zuten “irismena” lortu, goroldioa lotu zaidala besapean eta hankartean…, trapu zahar bat bezala bota naute bazterrera, eta txori txatxu horrek bete du nire tokia!»
    Sin.: Ukan Birusa

  • Leher Txundituta 2016-01-21 17:56

    Pixka bat es mucho, eta pixka bi, una pasada!

  • Juan Inazio Hartsuaga 2016-01-22 00:24

    Bere arrautzak hondatzen dituen kukuarenak hazten ditu.txantxangorriak. Eta irudiaren sustatzaileek aipatu egiten dute gainera. Joooooodeeeeeee!!!!! Hau da hau gailurra jotzea! Ez dakit ergelkeriarena ala zinismoarena baina gailurra zeinnahi izanda ere. Zorionak marketin!

  • Peru Dulantz 2016-01-22 11:03

    PNVk bihotz bilbotarra du, erdalduna. Ez dute sinesten, eta ez dute inoiz sinetsi euskara Euskal Herriaren bizitza publikoaren ardatza izan litekeela, folkore hutsetik harago; horra egoera tamalgarri honen azalpena.

  • Nago, bihotz donostiarrak, gasteiztarrak, edo iruñearrak, ez direla bilbotarrak baino erdaldunagoak. Hizkuntz sailburuordeak berak, Baztarrikak, bihotz goierritarra dauka, baina hara… Kukuak oker jo digu, beste behin ere!

  • Bihotz donostiarrak, gasteiztarrak, edo iruñearrak, ez direla bilbotarrak baino euskaldunagoak, erran nahi baita.

  • Patxi Baztarrikak dioenez, “Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial ditugu; legezko berdintasuna dute biek,…”
    Oker dabil Baztarrika, edo gezurra dio.
    Espainiako Konstituzioak argi eta garbi zedarritzen du gaztelaniaren eta gaztelania ez diren Estatuko beste hizkuntzen arteko maila ezberdintasuna:
    3. artikulua
    1.- Gaztelania da Estatuko hizkuntza ofizial espainiarra. Espainiarrek oro gaztelania ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dute.
    2.- Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango dira dagozkien autonomia erkidegoetan, haien estatutuen arabera.
    Hots, guztiok daukagu gaztelania, ez besteak, ezagutzeko betebeharra. Euskararentzako, ofizialtasun teoriko zatikatua baizik ez da geratzen, ofizialtasun praktikotik oso urrun oraindik, eta Euskal Herriaren hegoaldean, kasurik onenetan.