Giltzak diren berbak
Zahartzaroa eta haurtzaroa oso antzekoak omen dira. Burua apur bat galtzean, agureek eta atsoek umeen antza hartzen dute. Burutik pasatzen zaiena galbaherik pasatu gabe esateko gaitasuna daukate, senideak lotsatzeko abilezia garatuz. Zeuen parera pasa denak ipurdi handia daukala oihuka jakinaraziko dizu; irribarre maltzurra aurpegian eta ahotsaren doinuari ez erreparatuz, gainera.
Amama edo Aititearen ahotik horrelako “ale ederrak” entzutea ez da zahartzaroak zabaltzen digun ate bakarra. Joan den astean zera esan zidan lagun batek: “aurrekoan amama bonboiak jaten ari zen bitartean, ‘hondakiñerik ez itzi’ (hondarrarik ez utzi) esan nion eta ahotsaren doinua ere aldatu zitzaion“. Galdezka hasi nintzaionean, zera erantzun zidan “nik uste amak edo aitak esaten ziola, bestela ezin dut ulertu ume doinu hori”.
Detaile txikiak badira ere, denboraren zehar bidaiatzeko modu bakarra dugu ate hauek. Eta sarrailak zabaltzeko, giltzak diren berbak.