Ikasi?

Une honetan bertan, ez dira gutxi izango datorren ikasturteari begira jarriak direnak, unibertsitatera lehen aldiz -edo enegarrenez- joateko asmoz. Beste askok ostera, gurasoek behinola gomendatutakoa ikastearen frustrazioa jada horren miresgarri ez zaien horditze ostegundar batekin itotzen dihardute ziur asko.

Lehenengo ikasketak, eta gero gerokoak“. Esaldi honen oihartzunpean egin dugu hainbatek nerabezaroko bide labainkorra. Zentzuz jantzitako -edo mozorrotutako- ahotsa desafiatuz tarteka, eta hari men eginez bestetan.

Baina gauzak zer diren, aspaldiotan, begiak norberaren zilborrera zein ingurura zuzenduz gero, datorrenak ez du itxura onik.  Etorkizun oparo eta loriatsua irudikatzen duenak ere, nekez lotuko du balizko ongizatea lorpen akademikoekin, itxaropena emigrazioan ezarri ez badu bederen.

Inoiz baino zentzu gutxiago du zinezko interesa pizten ez duen zerbait ikasteak. Zer esanik ez dirutza ordaindu eta bizitzaren erdigunean huraxe kokatzea eskatzen badu. Lanpostua edota soldata jokoz kanpo geratu diren honetan, soilik erraiek eskatzen duten horrek -ikasketa edo ez- merezi du lehentasun maila hori.

Zentzugabea da era berean gradu bat ikasten aritzeagatik beste dena -edo ia dena- albo batean uztea. Ikas-gelatan baino irakaspen duinagoak kausitzen dira maiz afizioak eta jakin-minak gidatuta. Horretarako daude liburutegiak, hitzaldiak edota internet bera. Garrantzitsuagoa  da expediente akademiko bikaina izatea interesgarri zaizkigun gaietan sakontzea baino? Ikasketen aitzakian norberaren ideiekin bat datozen ekintza eta mugimenduetan parte hartzeari uko egitea are larriagoa da.

Ez ote dugu lehentasunen ordena aldatu behar, Lehentasunak mantentzen saiatzeko?

Alperkeria justifikatzeko sasi-teoriatzat joko du baten batek. Nik iritzia bota dut, orain zuk ik(a/u)si!

 

 

iritzia
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK