Gillermo Larregi, eskorgako eroa
Gillermo Larregi, eskorgako eroa. Bere berri lehen aldiz Iguazuko ur-jauzietan izan nuen. Duela urte batzuk adiskide batekin joan nintzen Hego Amerikara, eta Paraguay, Brasil eta Argentina batzen diren puntutik pasatzeko aukera izan genuen. Ur-jauzi ezberdinei aho zabalik begira tarte luze bat eman genuen, eta itzulerakoan karteltxo bat ikusi bide bazterrean. Orduan jakin genuen nor zen “El vasco de la carretilla“ edo “el loco de la carretilla”; horrela jarrita sinonimoak dirudite.
Larregi ez zen galdu Historian, eta bere fitxa ondo gordeta dago gaur egun, baita sarean ere. Hemen baino, ezagunagoa da Argentinan. Errotxapean jaio zen 1885ean, Iruñean. Hamabost urterekin, 1900. urtean, Argentinara joan zen itsasgizon, eta urte batzuk beranduago Patagonian amaitu zuen petrolio ustiapen batzuetan. Diotenez, bertan egosi zen ondoren ospetsu egingo zuen ideia: oinez bidaia ikaragarri luzeak egitea.
130 kg inguruko eskorga bat eraiki zuen, eta bertan sartu zituen beharrezkoak zituen gauzak: mantak, lanabesak, janaria, sendabelarrak, arropa… Eskorga bera denda bihurtu omen zitekeen. Ondo prestatuta egongo zen gizona, Argentinako geografian zehar topa daitezkeen tenperatura aldaerak ez baitira txantxetarako kontua. Salta edo Jujuy inguruko basamortuetan sufritzen den berotik Patagoniako izotzetara.
Bere bidaia esanguratsuenak honakoak izan ziren:
- Lehena: Comandante Luis Piedrabuena (Santa Cruz) hirian hasi eta Buenos Aireseraino. Hamalau hilabetetan 3400 bat kilometro egin zituen.
- Bigarrena: Coronel Pringlesetik (Buenos Aires probintziako hegoaldea) La Quiacaraino (Jujuy, Boliviako mugan), 26 hilabetetan 2.900 bat kilometro.
- Hirugarrena: Villa Maríatik (Córdoba) Santiagora (Txile). Hamaika hilabeteetan 1.100 bat kilometro egin zituen eta Txilez gain Córdoba, San Luis eta Mendozako probintziak zeharkatu zituen, Andeak gurutzatuta.
- Laugarrena: Trenque Lauquenen (Buenos Aires) hasi eta Iguazu ur-jauzietatik hurbil 1945ean amaitu zena, 1300km ingurukoa.
Iguazuko ur-jauzitik gertu bere eskorga etxola bihurtu zuen, eta bertan oihanean eman zituen bere azken urteak. 1964an hil zen Gillermo Larregi. Bere bizitzan zehar 22.000 km baino gehiago egin zituen oinez eskorga pisutsu hura berarekin eramanaz; eta hori gutxi balitz, Quechua eta North Face asmatu baino lehenago egin zuen balentria hura.
Gillermo Larregi, bidaiatzeko low cost formularen aitzindari txit gorena.
Gillermo Larregi, eskorgako eroa