Gezurtiak ez ditut gogoko (Madrilgo negoziaketaren ajeak)

Gezurtiak ez ditut gogoko –

Inertziari so eginez idatziz, gaurko hasiera koronabirusa aipatuz beharko du izan, eta nola ez,  zartada honen ondorio ikaragarriak gainditzen dituztenei nire zoriona agertuz. Norbaitzuk diotenez, askok uste baino nabariagoak litezke ondorengo aldaketak, bainan nire ustez, -gogorrak izan arren-  ez dira belaunaldi asko behar izango, betiko lehentasun eta arazoak, aurrez aurre ikusteko.

Gezurtiak ez ditut gogoko
Arg: Ahotsa.info

Dena dela, eta, nahiz horrelako astinduak ez ditugun  behar bezala ezagutzen, nabaria da bide ezberdinetik doazenak ba direla. Eta, nahiz itxuraz denen ardura izan  egoera onetik zutik ateratzea, baita bide beretik urratsak ematea, ez dira denak bide hori jorratzen hari direnak. Eta ez da harritzekoa.

Badakit -denak batera- egin behar horrek ez duela tokirik utzi nahi, sator lanean ari direnen helburuak mahai gaineratzea. Baina -besteak beste- pandemia honek sortu duen agintearen erabateko zentralismoak,  garai bateko bide zaharren balioa gaurkotzeko erabiltzen ari da estatu espainiarra. Edo ez?

Lehen aipatutako inertzia bazterrean uzten badugu, konturatuko gara giro politikoa berotzen hasia dela, eta ez dakit zenbait gauza aldatzeko zorian bizi garela diotenak ere badira. Beharbada ez kalte egitekotan, baina uste dut, agian sobera arin eta azaletik ez ote garen egoeraren aldaketa “sumatzen” ari.

Egia da, aldaketak izan badaude, nire herrian,  espainiar armadako hainbat militar dabiltza gora eta behera, nahiz desinfektatzeko tren geltokirik ez izan. Baita mugan kanpalekua ezarri. Horrelakorik ez genuen ikusi azken  berrogeita hamar urtean. Beraz egia da, aldaketak badaude.

Bide horretatik gauzak okertzen lagundu baino lehen, non, nola eta norekin bizi garen ezin dugu baztertu. Espainian egun indarrean dagoen sistemak -gaur egun, gaur bertan- ehundaka preso politiko ditu, beraz zerbait aldatzen ari da, bai, baina aldatu behar direnak, ez.. Gehiago sakondu aurretik, eta orain artekoak, kontutan harturik, galdera bat merezi du: zergatik, zergatik orain?

Teorian nik baino informazio gehiago dutenak, -Madrilen duela gutxi negoziatu dutenek- isil isilik daude, batzuk eta besteak, ez baitira denak traineru berekoak.

Litekeena da erabakiak hartzeko ardura dutenek, -gaur egun- aurrera egiteko tresna eraginkor eta egokiena, hautestontzira hurbiltzea dela, geldirik eta iskanbila handirik gabe. Beraz, Madrilen izandako negoziaketaren ondotik abian ezarritako zentralismo -ia frankista- Lurralde Autonomoak erabat indargabetuz, kasualitatea da, edo ez? Agian bai, izaten al da, bale, baina gezurtiak ez ditut batere maite.

Ez dut uste bide egokia denik, horrelako erabakiak hartzen direnean esaten ari baikara, bozka gehien ematen duen bidea jarraitu behar dugula, gero gure egitasmoa garatu ahal izateko, eta hori ez da  bidea. Beste batzuena bai, nirea ez.

Nik ikusten dudana da, demokraziaren adigai bera manipulatua dagoela hasieratik. Gauzak argi esatekotan, frankismoaren oinorde zuzena ziren – eta diren – batzuk, hainbat egitasmo kanpoan utzirik, osatzen dute joko bat, espazio eta araudi batekin. Zuretzat, niretzat eta beste batzuentzat. Gero esaten dute; etorri, joka ezazue gurekin, “gure” jokoa. Baina jokoak, jokoaren definizioaren hasi beharra zeukan, demokrazia izatekotan. Eta ez da horrela izan.

Egunero entzuten ditugu – gero eta maizago – demokraten esatariak bere “ebanjelioa” oihukatzen; hau ez da onartzen, hura ezin dezakezu esan, beste hura debekatuta dago, gure zigorra demokraziaren babesle da. Eta kito, ez dago besterik.

Hori ez da demokrazia eta horiek ez dira demokratak. Demokraziak egin behar duen lehenengo gauza, demokrazia posible egitea da. Eta nork esango nau niri, PP eta Vox La Moncloan egonik, egiten dela posible demokrazia?

Hemen gertatu dena da, jende batzuk pentsatu zutela demokrazia ere, diktaduraren pare, kolpe batekin instalatu eta konponduta geratzen dela. Baina oker daude, diktadura bai, baina demokrazia ez.

Hain jantziak omen diren pertsonak jakin beharko lukete ba, konstituzioarekin hasi besterik ez dela egiten demokrazia bat. Beraz, beste hasiera bat bilatu behar dugu. Hemen gertatzen denak antza gutxi bait dauka demokraziarekin. Beste gauza da, sistema honekin agintzen eta gizentzen ari direnak, ezer aldatzea nahi ez izatea. Eta hor dago arriskua.

Madrilera begira, oraingoz dagoen “sozialismo” bakarra eta bide posible bakarra, badirudi hori dela. Bere alderdi negatibo askorekin, jakina. Baina alderdi negatiboak ikaratzen duten politikari abertzaleak egin behar duena da, lehen bait lehen, etxera joan.

Alderdi negatibo gabeko errealitate politiko-sozialik ez dira irudikatu ere egin behar. Horiek liburuetan bakarrik ikusten dira. Beraz, ez da komeni, ideala eta posiblea, ez dira identifikatu behar inoiz, egoera politikoaren analisian. Utopiak gau beltza argitzeko balio du, baina ez helburuen kapitulu bihurtzeko.

Itsasoan ez da erraza izaten ontzia zuzen eramatea, eta poliki, poliki, norabidea aldatzen joan behar izatea ez da harritzekoa, batez ere zakartzen danean. Baina hori, zakartzen danean. Itsaso zabalean, bare eta urdin dagoenean, norabide aldaketak gezurretan oinarritzen dira. Eta nik, gezurtiak ez ditut gogoko.

Gezurtiak ez ditut gogoko
Gezurtiak ez ditut gogoko
Gezurtiak ez ditut gogoko
Josu Iraeta

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude