Gezurrak eta hezurrak

Gezurrak eta hezurrak –

Hogeita hamaseiko altxamendu militarraren ondorengo egunetan gertatu zen, 36ko abuztuaren hasieran. Altxamenduaren aldeko sukarraldian, emakumezko bat atxilotu zuten Ariben, espioia omen zena; ez omen zuen gaztelaniaz ongi egiten, eta arraro jantzita zebilen; mugaz bestaldetik etorria, azpilanak egitera, omen. Auritzera eraman eta udaletxean sartu zuten gatibu. Hurrengo egunean, altxamenduaren aldeko sukarraldiak goia jota, emakume hura atera eta Oiarburura eraman zuten, herritik hurbileko toki batera, eta bertan hil zuten buruan sei tiro emanda.

Gezurrak eta hezurrak
Aurizko hilerria

Urtetan eta urtetan, Auritzen denek zekiten gertatutakoa ustezko espioi horrekin; baina nehork ez zuen deus kontatzen. Alberto Barandiaran altsasuarrak, Gurea falangista zen saiakera-liburutxo bikainean, artoski azaltzen du egoera, mutatis mutandis: «Laino itxiak bideak ezabatzen dituen bezala, urte haiek erabat desagertu ziren elkarrizketetatik. Ixo. Gero esplikatu zen elkarbizitza bera babesteko egin zela, gogorregia izango zelako, eta arriskutsua, dena argitara ematea. Baina gezurra esan zuten. Isiltasun gogorra ezarri zuten bazekitelako parekoek beldurra galtzen zuten egunean jasanezina izango zela lekukotasunak entzun eta begiradari eustea».

Emakume ezezagun horri Auritzen gertatutakoaz ez dugu deus idatzia: ez atxiloketaren agindua, ez atxiloaldiaren txostenik, ez trasladoaren agiririk, ez epaileen agindurik, ez norentzat egiten zuen ustezko espioitza, ez izen-abizenik. Gorpuaren altxatzearen berri badugu idatzirik, Ferroleko artxibategi militarretik erauzitako dokumentu batek «alzamiento del cadaver» delakoaren fede ematen duelarik, Ollarburu (sic) idatzia erdarazko idazki administratibo ezin hotzagoan. Orreagako medikuak ziurtatu zuen emakumearen heriotza; Auritzeko sendagile titularrak ezin izan zuen egin, une horietan Iruñeko kartzelan baitzegoen errepublikazalea izateagatik, eta gerora Valcarderan, Kadreitan, fusilatu zuten. Baina joan gaitezen atzera Oilarburura. Zer egin emakumearen gorpuarekin? Non lurperatu? Nehola ere ez lur sagaratuan… Gaizto-gaiztoekin egin behar zen legera, orduko hilerri zibilean lurperatu zuten gorpua. Antza, kanpotik arraro jantzita ibiltzen bazen eta mugaz bestaldetik etorritako espioia izanik, nolako barneko arropa ikustera joan ziren Auritzeko emakume batzuk jakin-minez…

Handik gutxira, gertatutakoaren gaineko beste bertsio bat agertu zuen Erreketeen buruak: atxilotua Auritzetik Ariberako bidean zeramatelarik ihes egiten ahalegindu omen zen eta Ley de Fugas ospetsua ezarri zitzaiola esan zuen. Zalantza handiko bertsioa, zeren eta, ez dezagun ahaztu, gorpuak sei tiro zituen, seiak buruan. Egun gutxiren buruan Auritzen ospatu zen Bendición a la Bandera y reposición de crucifijos izeneko ekitaldia, Espainiako banderari gorazarre egin eta gurutzeak berrezartzeko ekitaldia, altxamendu militarrarekin estuki engaiaturiko Diario de Navarra-k jaso zuenaren arabera. Ez dago ustezko espioiaren gaineko aipamenik, eta mugaren alde honetan espioi baten atxiloketa arrakastatsuak mereziko zukeen albistearen arrastorik; ederki zekiten gezurra zela, ez zela espioia. Izan ere, espioia bazen, noren alde egiten zuen lan? Gaztelaniaz ez bazuen ongi egiten, zein hizkuntzatan egiten zuen? Espioia izanik, ez zuketen galdekatu beharko Inteligentzia militarreko zerbitzuetakoek? Zergatik ez zuten Agoitzera edo Iruñera eraman? Eta, bestaldetik ikusita, espioi bat infiltratzeko zuhurra al da bidaltzea hizkuntza ongi egiten ez duen inor eta, gainera, arropa deigarriz jantzita?

Urteak joan, urteak etorri, altxamenduaren aldeko sukarraldia motelduz joan zen, baina isiltasuna nagusitu zen; Auritzen denek zekiten gertatutakoa emakume horrekin, baina nehork ez zuen deus kontatzen. Oroimenaren, justiziaren eta duintasunaren izenean, oraindik bada lan handia egiteko, emakume horren izena bera ere ez dakigularik. Emakume ezezagun horren gaineko lehen aipamena, iragan den mendearen azken hamarkadan argitaratutako Gerra urte, gezur urte izeneko liburuaren aitzin-solasean irakurri nuen. Jose Angel Irigaraik idatzitako hitzaurre mamitsuan irakur daiteke:

«Auritzen bi presuna erail zituzten: herriko sendakina (…) eta herrian agertu Ifarraldeko erdi zoro omen zegoen emazteki gaizo bat izpi zela, Pasionaria zela eta halako erasiak zerabiltzan; halere afusilatu zuten». Eta bere aitona Fermin Irigarai Larreko-k idatzitako liburu mardulean gertaera izugarri horiek aipatzen ez direlarik, hauxe diosku bilobak: «Larrekok bazuen gauza guzti hauen berri, naski, sobera ongi eta mingarriki; haatik, larderiaz eta zuhurki, ez zuen fitsik idatzi horietaz».

Auritzeko Udalak 2007ko azaroaren 8an egin udal batzarrean, bertan errepresaliatu eta fusilatuen errekonozimenduaz erabakitako agirian aipatzen da, eta horrela jasota dago, «Oiarburun eraila izan zela herritar bat, ezezaguna, XXX deituko duguna, ustez frantses nortasuna zuena eta espioi izatea egotzi ziotena». Izena duen guztia omen denez, izenik gabe utzi zuten emakume hura.

Orobat, 2018an Auritzeko alkate Joxepe Irigaraik idatzitako Oroit ezazu Gurseko auriztarrak izeneko argitalpen xume bezain interesgarrian, hauxe diosku: «Militarrek 1936an emaniko estatu-kolpeak ondorio latzak izan zituen Auritzen. Izan ere, zazpi lagun erail zituzten (Evaristo Pérez Luquin (sendagilea); Constantino, Isidoro, Bautista eta Luciano Eguía Olaechea; Filomeno Urdiroz Apezarena, eta espioitzat jo zuten emakume identifikatu gabea (…)). Bada garaia zerrenda horri emakume horren izen-abizenak eransteko, zerrenda osatze aldera eta, nola ez, egia jakiteko, injustizia salatzeko eta zauria ixteko».

Bide horretatik, Auritzeko hilerri zibila zegoen tokia aski ezaguna da, eta, besteak beste, hor daude hezurrak, gezurren azpian ehortzirik. Oraindik hor datzan emakume ezezagun horren aldeko oroigarri bat, lekukotasuna emate aldera bederen, polita litzateke. Ekaitz Goikoetxea idazle beasaindarrak ezin argiago adierazi du Balio erantzia aforismo liburuttoan: «Gogoratu nahi ez izatetik ahaztu nahi izatera eternitate bat dago: memoria oso bat». Ez zen Pasionaria; ez zen espioia. Gezurrak ziren kontu horiek guztiak. Gezurrak erantzi eta hezur horiek izen batez bederen jantzi beharko lirateke.

Hezurrek ekar dezatela gezurren amaiera.

Gezurrak eta hezurrak Gezurrak eta hezurrak Gezurrak eta hezurrak Gezurrak eta hezurrak

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.