Getxon egiten ari diren zarama-greba dela eta
Gaur astebete betetzen da Getxoko garbiketa eta hondakin solidoen jasoketa egiten dituzten langileak greban hasi zirela beren lan-eskubideen defentsan. Udalak duen ardura kontuan hartuta, Getxoko EH Bilduk Gobernu Taldearen esku hartzea exijitzen du enpresaren eta langileen arteko gatazkari amaiera emateko, beti ere lanpostu guztiak bermatuz (enpresak despidoak egin nahi ditu-eta).
Era berean, Getxoko EH Bilduk salatu du EAJren Gobernu taldea ez dagoela seriotasunez eta epeetan lanean ari koalizioak hondakinen kudeaketaren inguruan proposatutako hobekuntzak aurrera eramateko. Egun zerbitzua kudeatzen duen enpresaren eta langileen arteko gatazka albo batera utziz eta 2014ko azarotik kontratu berria dagoelarik, ez dira martxan ipini plegu berriak jasotzen dituen hainbat hobekuntza. Oraindik ez da martxan ipini etxeetako olio bilketa, hondakin organikoa jasotzeko proiektu pilotua, kontzientziazio kanpainak, paperontzi berriak parkeetan… Halaber, ez dute Hondakin Foroaren bilerarik deitu, nahiz eta -hiritarren parte hartzeaz- Getxoko hondakinen kudeaketaren hobekuntzarako eta planteamendu iraunkor baterantz lan egin beharko lukeen erakunde irekia izan.
Honek erakusten du, EH Bilduren ustez, EAJren axolagabekeria eta konpromiso falta ingurugiroa errespetatu eta egoera iraunkorrago batera iristeko hartu dituen konpromisoekin hondakinen kudeaketari dagokionez. Esanguratsuak dira, esaterako, udalerriko etxeetako atarietan, berriki, “hondakin organikoak” aipatzen dituzten bandoak , kontuan izanda gaur egun Getxoko Udalak material organikoak biltzeko aparteko sistemarik ez duela, eta horiek ontzi urdinean botatzen direla beste hondakin mota batzuekin batera.
EH Bilduk dio ez duela aitzaki gehiago onartzen, are gutxiago atzerapenak langileen eta Cesparen arteko gatazkarekin justifikatzea eta Gobernu Taldeari eskatzen dio irtenbidea bilatzen saia dadin, beti ere lanpostu guztiak bermatuz. Koalizioaren aburuz, “hau da beste adibide argi bat oinarrizko udal zerbitzuen kanporatzeak dakartzan arazoez, beste batzuetan ikusi ahal izan dugun modura (Etxez etxeko laguntza zerbitzua, TAO, Hondakinak…) gobernu taldeak modu prekarioan eta jarraipen barik gauzatzen dituenak”.
Amaitzeko, EH Bilduk dio jarraituko duela “exijitzen pleguan agertzen diren puntu guztiak martxan jar daitezela eta jasangarritasunaren beharrei erantzuten dion zabor kudeaketa sustatzeko lan egin dezatela, hau langileen lan baldintzak okertzeko aitzakia bihurtu gabe”.