Pablo Iglesias armatua

pablo iglesias armatua

Armak hartuta erasora dator Podemos; edo bertako buru Pablo Iglesias bederen, aspalditik aldarrikapen militaristak egin izan dituen gizona. Nola ejertzitoak itsasoz, lurrez eta airez, hiru adibide dakartzagu Iglesias armak erabiltzearen alde dagoela agertzen dutenak, irakurri, entzun eta ikus ditzazuen.

Hasteko, 2012an La Tuerca telebista katean egindako adierazpenak dakartzagu, AEB-etan duten armak izateko eskubidea goraipatzen duena, “indarkeria da boterearen oinarria” esanez.

2014ko azaroaren 4an Arsenio Escolar-ek elkarrizketa egin zion Pablo Iglesias-i, 20 Minutos egunkarirako. Eta beste kontu askoren artean, soldaduskaz galdetu zion kazetariak. “Soldaduska egitea tokatu zitzaidan garaian, intsumisioaren aldeko taldeetako kide nintzen”, onartu zuen irakasleak; gauzak asko aldatu dira harrezkero. “Gero eta argiago dut ejertzitoak ezinbestekoak direla gizarte demokratikoetan”.

Erabateko iritzi aldaketaz harrituta, kazetariak zergatia galdetzen dio Podemos-eko gidariari. “Antimilitarismoaren bilakaera izango da seguruenera, bakea bermatzeko hain zuzen ere gizon eta emakume armatuak, profesionalak eta demokratikoki konprometitua, behar dituzunaz ohartzen baitzara. Heldua izatearekin ere izango du zerikusia, ez baita gauza bera 16 urte edo 36 edukitzea”. Puntu horretara helduta, eta bizi-bizi, 42 betetzen dituenean zein iritzi aldaketa izan dezakeen galdetzen du orduan kazetariak.

 

Elkarrizketa hartatik urte erdira heldu dira Pablo Iglesias-ek Andaluziako hauteskundeak direla-eta, iragan aste bukaeran, martxoaren 14an, Malagan Guardia Zibilari botatako bibak!