Gerrikorik ez oporretan
Gerrikorik ez oporretan –
Batzuoi oraindik ere opor honar batzuk geldituko zaizkizuelakoan, Emaize Sexologia Zentroaren aholku batzuk dakartza salabardoak, Alea agerkaritik jasoak.
Uda garaia iritsi da eta eguneroko erritmo biziari jarraikiz, oporretan ekintza bereziak egiteko joera izaten dugu maiz. Oporrak, ordea, deskantsatzeko eta ohikeriaz deskonektatzeko parada eskaintzen digu eta gure sexualitateak (gorputza, emozio, desio, harreman, plazera…) merezi du aukera hau izatea. Hori dela eta, ekintza berezien zerrendan txertatzeko zenbait ideia proposatu nahi dizkizuegu, barrualdera begirako esperientziak, alegia.
-Laztandu azala krema ematean
-Urak gorputzean sortzen dituen sentsazioetan erreparatu (hotza, epel, gazia, gozoa…)
-Eskatu gustuko dituzun gauzak
-Eguzkia hartu norbaiten gorputza ukituz
-Isiltasuna entzun
-Itsasoko bainu osteko azal gazia dastatu
-Desio eta fantasiak piztuko dituen kontakizuna irakurri edota idatzi
-Janari berri bat dastatu
-Gorputza astindu (dantzatu, biluztu, duna batetik bota…)
-Maitasuna adierazi
-Gorputzak oinetatik burura, burutik oinetara, bizkarretik sabelera… gozatu
-“Zoragarria naiz” esan
Hauek guztiek helburu bera dute: gure gorputzaz gozatzea eta barne sentsazioekin kontaktuan jartzea.
Inork ez dezala betebehar gisa hartu. Sexualitateak ez du harreman onik betekizunekin, bere etsai handiena baitira. Gure gorputza ezagutzeko eguneroko gerriko estuak askatu behar ditugu. Gerriko bera jartzen digu gizarteak eta (gu geu askotan) guztioi, gure gorputzak erabat anitzak diren bitartean.
Gorputza entzutean, gure nahi, beldur, desio eta sentsazioak entzun eta azaleratuz joango dira, bizipen berriak eta asegarriak izateko aukera eskainiz.
Oporretako helburuetako bat bizipen berriak eta ohikoak ez diren esperientziak izatea da. Hainbeste dira egunerokotasuneko zurrunbiloan sartuta hauei leku emateko zailtasunak, edota erresistentziak, garaia hau pixkanaka horiei bide irekitzeko baliatu dezakegula.
Zerrenda horretatik batzuk aukeratu, berri batzuk txertatu, batzuk hamaika aldiz egin eta besteren bat aldi bakarra. Zuk aukeratu, zure grina jarraitu. Eta gogoan izan gorputzak deskantsua eta deskonexioa behar duela, beraz ez sartu gerriko esturik motxilan. Bueltan, bakeroak eta botak jartzea alboratuko dugun bezala, gerrikoa jantzi gabe uztea proba dezakegu.
Gorputza, eta ondorioz sexualitatearen dimentsio osoa, natura, gozamena eta munduarekin harremanetan egoteko dugun tresna erabilgarriena da. Zaindu dezagun eta berak bizipen mundialak oparituko dizkigu.