Gernikako Arbola irabazle, Zuzeu-ko inkestan
Gernikako Arbola irabazle, Zuzeu-ko inkestan –
Egun batzuk badira, Zuzeu.eus online orainkari honek, inkesta ireki zuela irakurleek bozka eman zezaten. Bertan galdetzen zitzaien Euskalherri osoko ereserki modura Gernikako Arbola erabiltzea zuzen ikusten zuten ala ez.
Inkestaren emaitzen arabera luze irabazi du Gernikako Arbolak. Bozka ofizialak balira, Frantziako metodologiarekin, ez luke bigarren bueltarik behar. Egina legoke. Jaso diren 132 bototik 73 atera ditu, guztiaren %55,3. Ez dago gaizki.
Inkesta egitea ideia oso interesgarria iruditu zitzaidan Zuzeu-ko editoreen aldetik, egoerari pultsua hartzeko modu polita delako. Eta euskaraz editatzen den hedabidea denez iritzia euskal hiztun komunitateari mugatzen delako. Asmatze horren lekuko, hainbat egunetan, Bero-Bero sailean lehen postua izan duela da. Gainera, hogeita bederatzi iradokizun jaso ditu. Iritzi landuak eta interesgarriak asko.
Benetan poztu nau, iradokizun hauetan oso gutxi izan direla, ereserkirik ez dugula behar diotenak. %14,39 izan dira bakarrik eta, bizi garen egoera honetan, pandemiak eragindako beste zenbait gai sakon eta premiazkoak dauden sasoian, ehuneko hain txikia lortzeak garbi erakusten du ereserkia izatearen aldeko korrontea garbia dela.
Gernikako Arbola ez eta beste ereserki bat nahi dutenek, gehiago izanik baina larregi izan gabe %30,3 dira, erantzule guztien herenera iritsi gabe. Multzo honen ezaugarri nagusia bere aukeren dispertsioan datza.
Izan daitezkeen hamasei alternatiba desberdin planteatu dituztela kontatu ditut, hemen zerrenda: -Txanton Piperriko “Euskalherriko”, – “Txoriak txori”, -“Agur Jaunak”, -Turn on Your Love Light-en” modukoa, -King Crimson-en “Starless and Bible Black”, -Bat bi hiru lau –Athleticen abestia -guztiz berria izango de zerbait, -“Wilkinson-en” ereserkia”, -“Eusko Gudariak”, -“Gora ta Gora”, -Jeiki Jeiki -“Nafarroako Himnoa”, -“Itsasoan urak handi”, – “Ikusi mendizaleak” eta – “Bagare”. Egia esan denak ez dira maila berean planteatu, gehienak serio jokatu badute ere, txantxetan ibili direnak ere badaude, eta aipamen soila egin diotenak ere. Hala ere guztira hamasei, ez da gutxi.
Horrez gain, alde ez luketenak bozkatuko denetariko argudioak dituzte, musika, erlijio kutxua, ideologia, benekotasuna (bakoitzarena izango delakoan nago), errotik hasi gaurko ideekin (norenekin?), egungo letraduna (eta hogei urte barru, balioko du gaurkoak?), etab. Ez naiz orain argudio guzti hauei aurre egiten hasiko, seguruenik denek dute bere arrazoi zatia.
Aukera egin behar den uneetan norberak jakin behar du, bere iritzia izanik ere, malgutasuna erakusten kontsentsuaren bila. Eta kontsentsu gutxi ikusten da, Gernikako Arbola ez bada.
Alde daudenak % 55,3 izanik, erdiak baino gehiago, merezi ote eztabaida mantentzea?
Badirudi ez dela bigarren bueltarik behar. Inkesta honetan Gernikako Arbolak argi eta garbi irabazi du. Ikusi behar aurrerantzean eta errealitatean zer hedapen lortzen duen.
Pena haundiz ikusi dut han ta hemenka (sare sozialetetan alegia) “hiru probintzi” koen afera bailitzan kontsideratzen dutela sareotan agertzen diren eritzi askok Gernikako Arbolaren kanta himnotzat hartzeko aldarrikapena… Zaila litzateke gai honi buruz laburki idaztea. Horretarako hobe duzue jadanik idatzi dudan artikulura jotzea.. Horra hor esteka:
https://ujue-uxue.blogspot.com/2020/08/divagaciones-tras-una-excursion-desde.html
Momentuz, zera esango nuke: DANOK BAT izan arte, ezinezkoa iruditzen zaidala DENON simboloa liteken himnoa aukeratzea…
Ni optimistagoa naiz. Ekimen hau Mañariatik etorri da. EAEn kontrakoak erd izan ditu.
Nabarratik esatea nahi izan dut, ez Mañariatik.
Dena den, ta sare sozialetan ikusita, egiaztatzen dut Prantzia ta Castillako ikuspuntua oso barneratua duela geure herriko gende askok. Ta hortan dugu gaitza:
Ondoko esteka hortan klikatuta, saiatzen naiz neure kezka modu zabalago batetan adierazten:
https://ujue-uxue.blogspot.com/2016/04/denominacion-de-los-territorios.html
Lehen esandakoa: Danok bat izan arte itxaron beharko geure amankomuneko sinboloak aukeratzeko. Bitartean, baterakuntza alderako bideak jorratu
Mikel Burgi, zergatik bideratzen gaituzu euskaldunok espainolezko zeure artikuluak irakurtzera? Atentziorik nahi baduzu, hartu behintzat euskaraz idazteko lana.
Garret, Mikel Burgi-k iruzkina euskaraz egin du, behar den moduan euskarazko hedabide batean. Uste dut meritu handia duela, Uxuekoa izanik, euskaraz hain ongi moldatzen eta euskarazko hedabideak jarraitzen. Bere blogean erdaraz idazten du, egia da, eta bertan azaltzen du zergaitia. Zuri ez bazaizu gustatzen erdaraz irakurtzea, ez irakurrita nahiko duzu. Baina linka ingelesez edo frantsezez balego, esango zenioke gauza bera?. Nik uste errespetatu duela Zuzeu-ko jokamoldea, Zuzeu-n euskaraz egin eta kanpoko linka irakurtzera gonbidatu. Euskaldunon artean “gozo” jokatzea denontzako mesede.