Gema Martinez, Castejongo eskolako zuzendaria: “PAIk ikasleen arteko segregazioa eta hezkuntza eredu elitista sortzen du”
Gema Martinez Castejongo eskolako zuzendaria –
Castejongo ikastetxeak PAI eredutik ateratzeko eskaera egin du, baina Hezkuntza Departamenduaren ezezkoarekin egin du tupust. Eskolako langile batek adierazi digu Hezkuntzak ez dituela aintzat hartu ez eskola beraren ez bertako ikasleen ezaugarriak, eta gobernuko arduradunek eskolako errealitatea ezagutu dezaten nahi dute, kontu epelak alde batera utziz.
Hori bera egiten saiatu gara ZuZeun, eskolako errealitatea ezagutzen. Gema Martinez (Albacete, Espainia, 1973) Castejongo Maiatzak Bi eskolako zuzendaria da. Hamabost urte daramatza lanean Nafarroan, horietarik hamalau Castejonen. Pertsona aproposa, beraz, Erriberako eskola honetan gertatzen denaren berri izateko.
(Erredakzioan itzulia)
Lehenik eta behin, koka dezagun eskola bera.
A, G eta D ereduak eskaintzen ditugu. D ereduaren lehen ikasturtea da honakoa. PAI eredua duela sei urte inposatu ziguten, eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailan ematen dugu. 520 ikasle inguru dauzkagu.
Zer moduz daramazue konfinamendu egoera honetan hezkuntza online ematea?
Zuzendaritza taldea ikastetxean bildu behar izaten da, beraz guri dagokigunez nahiko ongi. Irakasleak ahal dutena eta gehiago ematen ari dira, goizeko 9etatik gaueko 9etara lanean. Haien telefono zenbaki pertsonaletatik ari dira arreta eskaintzen ikasleei eta euren familiei, euren esku dagoen guztia eginez. Gure ikasle ugarik bizi duten egoera tarteko ez dauzkate bitartekoak hezkuntza telematikoki jasotzeko, eta majo kostata izan arren lortu dugu guztiei etxeko lanak helaraztea.
Zer suposatu zuen zuentzako duela 6 urte PAI eredua martxan jarri behar izateak?
Aldaketa handiena txikienentzat izan zen, hamabi saio sartu zitzaizkielako ingeleraz (beste hamabi gaztelaniaz mantendu ziren). Zenbait irakasle, halabeharrez, desplazatuak izan ziren. Umeei eskaintzen zitzaien arreta ere kaltetua izan zen, tutorea izatera iristen ez zen tutore batek hamabi saio eskaini behar zituelako batean eta hamabi bestean, 3 urteko umeekin. Gainera, zentro honek daukan beste bereizgarri bat hartu behar da kontutan, zeren eta esan daiteke adin horretako umeen erdiak ez duela maiz gaztelania ere ulertzen; arabiarra da haien ama hizkuntza.
Nola baloratzen duzu azken 5 urteetan PAI-k izan duen bilakaera?
Txikienekin agerikoa da zenbait eduki ezin direla berdin landu, eduki askoren maila jaitsi egin behar izan genuen, ez ginen gai lehen iristen ginen mailara iristeko. Lehen Hezkuntzan ere dena berrantolatu behar izan genuen: kurtso bakoitietan Natur Zientziak ingeleraz ematen ziren, eta kurtso bikoitietan Zientzia Sozialak. Baina iaz erabaki genuen ezin genuela horrela segi, eta Natur Zientzietako saio bat gaztelaniaz ematen hasi ginen eta besteetan ingelera indartzen saiatu. Baina noski, horren ondorioetako bat da ikasgai horretako eduki asko galdu egiten direla; irakaskuntza maila jaitsi egin zen, beraz.
Gainera, ingelerari dagokionez, barne ebaluazio froga batzuk egiten ditugu urtero, eta PAIrekin lehen hezkuntzan diharduen ingelerako irakasleak azterketa eredua aldatu behar izan zuen, urtero egiten zena ez zuelako ia inork pasatzen. Beste bat sortu behar izan zuen, maila baxuagokoa; teorikoki, maila hobeagoa izan beharko zutenekin…
Orduan erabaki genuen ere bi eduki ingeleraz eman beharrean, bat ingeleraz eta bestea gaztelaniaz ematea, nahiz eta horren albo kaltea eduki batzuk sakrifikatzea izan; ingelera maila bera apur bat hobetzea ere bada asmoa, nahiz eta noski, ez dakigun zenbaiteraino hobetu daitekeen.
PAI ereduak ez dizuela balio ondorioztatu, eta 2021 ikastarorako alboratzea erabaki duzue. Nolakoa izan da erabaki hori hartzeko barne prozesua?
Guri programa hori aplikatzera derrigortu zitzaigunetik bai klaustroa, bai APYMA (guraso elkartea) eta bai eskola kontseilua PAI ezartzearen aurka geunden. Iazko ikasturtean zehar LHko zenbait umeen gurasoak ere gugana jo zuten PAI programaz kexu, orduan baita zailtasun handienak azaleratzen diren unea. 3 urteko haurrak programan ez sartzea ere eskatu ziguten. PAI eredutik irteteko konbokatoria aurkezteko eskatu zitzaigun, baina pasa den ikasturtean ez zigun astirik eman bertan sartzeko. Orduan adierazi genuen aurten egingo genuela.
Zuen posizioaren aurka agertu da, ordea, Hezkuntza Departamentua. Ikastetxea ez al da autonomoa erabaki hauek hartzeko?
Autonomoak gara hezkuntza ereduak hautatzeko, baina PAI programa bat da, eta hori gobernutik ezartzen da; beraz, ez da egia familiek libreki hautatzen dutenik. Esparru horretan ez gara autonomoak. Eskaera garbia egin dugu, eta ukatu egin digute.
Maiatzak 2 eskolaren webgunea
Emandako ezezkoa justifikatzeko Hezkuntza Departamenduak adierazi du ez dela aipatzen programatik atera ondoren zertan geldituko den langile plantilla; eta bestetik, ez duzuela kontuan izan 147/2016 Foru Agindua, non zehazten den zentroak bermatu beharko duela programaren jarraipena jada finkatuta dagoen kurtsoetan.
Klaustroak, eskola kontseiluak eta gurasoek adierazi didatenaren arabera errekurritu egingo dute erresoluzio hori. Adierazi didate erresoluzioa gaizki dagoela formetan. Bestalde, plantillari buruz esaten dutena horrela ez dela ziurtatzen dizut, neronek idatzi nuelako (3. puntuan barnebiltzen da). Klaustroaren arabera Foru Agindua betetzen da. Bertan esaten dena da PAI ezarrita dagoen kurtso arte eman behar dela, eta Castejonen kasuan hori LH 2. maila da. Hezkuntza Departamenduak “etapa” amaitzeko eskatzen digu, baina Foru Aginduan “etapa” kontzeptua ez da inondik ageri, “kurtso” hitza baizik. Logikoa da, zeren eta ikusten baduzu LHko 1. mailan zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen ez dituzu ikasleak behartuko beste 5 kurtso horrela jarraitzera.
Gurasoak aipatu dituzu. Nola posizionatu dira, orohar?
APYMA abstenitu egin zen lehen bozketan, erabakiaren aurka eta alde zeuden gurasoak ordezkatzen zituelako. Nik uste dut guraso gehienak ohartzen ari direla PAIk ez duela ikastetxe honetan funtzionatzen. Bilera orokor bat egin genuen hartutako erabakiaren inguruko azalpenak emateko; bilkura okerragoa izango zela aurreikusten genuen, baina jendeak argudioak ulertu zituen.
Bere garaian PAI ereduan sartzeko eskatu ziguten hainbatek eskatzen digute orain ospa egiteko programatik, ahal bezain pronto.
PAIrekin oso ondo ezagutzen ez ditugun promesa batzuk egiten aritu ziren, eta familiek ez dute ikusten helburu argirik… Ikasleek LHn geroz eta aurrerago egin orduan eta familia gehiago jabetzen dira egoeraz.
Navarra Suma eta PSNk PAIrekin hartu duzuen erabakia udalbatzara eraman zuten. Zergatik?
Eskolak badu erabakiak hartzeko bere esparrua, eskola kontseilua. Ez dugu ulertzen zergatik eztabaidatzen den udaletxe batean eskolan hartutako erabaki bat, eskola kontseilu hori indargabetzeko eskatuz. Guk ez ditugu eskola kontseiluan udaleko aurrekontuak eztabaidatzen, eskatuz onartu ditzatela edo ez. Ez dugu ulertzen jokabide hau.
Etorkizunera begira, zein uste duzu izango litzakeela eskolarentzako eredu pedagogikorik onena?
PAI gabe, eta beste hezkuntza ereduetan sakonduz. Izan liteke PAI programak funtzionatzea Iruñeko, Tuterako, Corellako edo Cintrueñigoko eskola batean; baina Castejonen ez. Ikasleen %45aren ama hizkuntza arabiarra da, eta dakiten gaztelania eskolan ikasten dutena da. Horretaz gain, ikasleen gehiengoarentzat ingelera eskolako lau hormetara mugatzen da. Ikasleetako asko etorkinak dira, tartean adin esanguratsu batekin iritsitakoak, hizkuntza ezagutu gabe eta curriculum atzerapen garrantzitsu batekin.
PAIk Castejonen (eta Castejongoa bezalakoa den beste edozein eskolan) eragiten duena da ikasle “onenei” ondo joango zaiela; baina ikasteko zailtasunak edota egoera sozioekonomiko kaltegarri bat daukatenei, Castejonen gertatzen den gisan, ez zaie hain ongi joaten. Hezkuntza arrakala sakona zabaltzen du, geroz eta handiagoa. Ikasleen arteko segregazioa eta hezkuntza eredu elitista bat sortzen du.
Zeren eta Hezkuntza Departamenduak ez digu esaten ume hauek behar dituzten errekurtsoak gazteleraz emateko; eta nik klase erdia atera behar badut zientzia gazteleraz irakatsi behar izateko beste erdiak ingeleraz jasotzen duen bitartean, zerbait ez dabil ongi.
Lehen aipatu duzu D eredua martxan jarri den lehen urtea dela, eta beraz, PAI-D eredua jasotzen dute euskarazko lerroko ikasleek. Zertan datza?
Guztia euskaraz egiten dute, eta sei saio ingeleraz.
Nola baloratzen dituzu eredu honek Castejonen emandako lehen pausuak?
Tokatu zaigun ikasturtearekin zaila da balorazio bat egitea… Ez dakit, nik daukadan beldurra da hemen, Castejonen, euskara ez dagoela inon eskolatik at, ez da hitz egiten. D ereduko umeen guraso gehienek ere ez (bizpahiru familia ezik). Espero dut funtzionatzea, oxala. Dakidana da hemen ez dela batere hitz egiten euskaraz, eta ez daukatela hizkuntzan integratzeko mediorik kanpoan. Dena den D eredua libreki hautatu daiteke, familiek eskubide hori daukate, baina PAI ereduarekin ez da berdina gertatzen.