Geletara bueltan

Geletara bueltan –

Geletara bueltan

Ez daukagu Covida beste gairik  gure elkarrizketetan. Gure egunerokoan asko baldintzatzen gaitu eta normala da. Irakaskuntzan ere, jardunean momentu oro dugu traba. Irailaren 15ko greba zalantzan jarri zuten asko egon zen eta ez dut ulertzen zergaitik. Ikastetxeetan baldintzak ez badira hobetzen, gaitza familia askotara zabal daiteke eta ditugun baldintza hauek ez dira egokiak behar bezelako hezkuntza eskeintzeko.

Mobilizazioek, ordea, jarraitzen dute. Ostiral honetarako sindikatuek deialdia egin dute [urriak 2, iragan ostiralaz mintzo da]. Sindikatuek Bildarratzi bilera eskatu die aste honetan. Hark dio elkartuko dela baina ez aste honetan. Ez dakigu sailburu berri honek zerbait egingo duen ala ez baina aurrekoak ez zuen ezertxo ere egin eta denbora izan zuen. Berrogeialdian sartu eta irailean hasi arte nahikoa denbora izan zuen baina ikastetxeetara bueltatu eta eskolak egindako aldaketak eta protokoloak besterik ez zeuden. Zuten informazio eta baliabide gutxirekin moldatutako protokolo eta aldaketak.

Onartu behar da Ikasleak gogoz etorri direla klaseetara. Baita irakasleok ere. Ez dute beste berrogeialdirik nahi. Ezta irakasleok ere. Nahiago dute klasean bertan egon lagunekin eta irakasleekin. Guk ere nahiago dugu ikasleekin eta lankideekin egon. Harremanetarako egarriz datoz/gatoz baita presentzialki lan egiteko gogoz ere. Hala ere, ez gara bueltatu lehen genuen egoerara. (Orduko egoera ere ez zen ideala!) Protokoloak oso murriztaileak dira. Ikasleek EZIN dituzte lagunak ikuitu, distantzia batera egon behar dute. EZIN dute, beraz, taldeetan jarri klaseetan. Mahaiak bakarka daude. Ahal den urrutien gainera. Metodologiak atzera egin du berriz ere. Gela ezberdinetako ikasleak EZIN dira nahastu. Patioan ere bakoitzak bere zona du. Beraz, ez dago beste geletako ikasleekin egoteko aukerarik. Orain arte lantzen aritu garen BALOREAK ere atzerakada ikaragarria jasan dute: elkarbanatzea, elkarrekin egotea, …

Egia da pandemia baten erdian gaudela eta ez dela txorakeria bat. Egoera ez dela batere ona. Euskal Herriko eguneroko datuek erakusten digute hori. Egunero positibo asko ditugu, ospitalean diren asko. Ospitaleak eta osasungintza ere gainezka dagoeneko. Argi ikusi da berrogeialdian hain garrantzitsuak zirela genion langileak, berriz ere baztertuak izan direla eta osasungintzan, hezkuntzan bezala ez dela hobekuntzarik egin. Hildakoak ere asko dira. Horietako asko zahar etxeetakoak. Egoerak bere horretan darrai.

Bien bitartean, ikastetxe eta etxeetan (ikasle horien gurasoen egoera ere halakoa izango da!) AHAL DENA egiten ari gara covidari aurre egiteko. Baina ez dakit egiten ari garen guztiak benetan balioko duen ala hezkuntzan azken urteetan egindako aurrerapenak haize hartzera bidaltzeko bakarrik balioko duen. Udazkeneko haize freskoa geletako leihoetatik sartzen  hasi zaigu. Ea batzuen borondate ezak ez gaituen gaixotzen.

Geletara bueltan

Geletara bueltan

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.