Gehiegi eskatzea
Informatzeko baino gehiago, jendeak bere iritziak berresteko irakurtzen ditu egunkariak. Gertatu dena gure gustuko galbahetik pasatuta irakurri nahi izaten dugu, gure lerro editorialarekin bat, eta zilegi da. Konfiantzazko egunkariko kazetarien esku uzten dugu begirada kritikoaren ardura, geure gain hartzeak lan handia suposatzen duelako egun osoan zehar. Eta ez da ironia, benetan da nekeza.
Horregatik mintzen gara gure egunkariarekin guk espero gabeko titulu bat hautatzen duenean, edo ez duenean garrantzizko gai baten jarraipenik egiten. Zer esanik ez gure lerro editorialetik urrun kokatzen diren egunkariekiko hartzen dugun jarreraz. Egunkariak guri axola digun errealitatearen eraikuntzaren parte garrantzitsua dira, eta eraikuntza horretan huts egiten dutenean, badirudi gure errealitatea ez dela existitzen. Babesgabetasun moduko bat sentitzen dugu, “hauek ez badute esaten, nork esango du?”.
Baina hori eskatzea egunkari bati gehiegi eskatzea da. Beraien xede-talde osoaren ñabardura ideologikoak islatzeko ezintasunaren aurrean (hau ez delako beraien funtzioa ere), nik ahalegina eta konpromisoa eskatzen dizkiet irakurtzen ditudan egunkariei; gutxienez hori, ez nazatela engaina, ez dezatela gutxiets nire gaitasun kritikoa, ez daitezela eror botere faktikoen atzaparretan (edo ahalik gutxiena behintzat). Eta ondo hauta dezatela zein albisteri egiten dioten lekua, eta zein uzten duten kanpoan horren ondorioz. Lasai irakurriko dut egunkaria, ikuspuntuarekin ados egon gabe ere, eskaera horiek kontuan hartu baldin badituzte errotatibetara eraman orduko. Oinarri oinarrizko baldintzak izan beharko lukete, baina hau ere gehiegi eskatzea da gehienentzat.
Euskal Herriko egunkari salduenek txundituta uzten naute oraindik; eta, hortaz, euskal herritar gehienen mundu ikuskerak txunditzen nau. Ez da soilik ez dituztela kazetaritzaren kode deontologikoak errespetatzen —albisteak kontrastatzea, egitateak ez ezkutatzea, akatsak zuzentzea, zurrumurruak ez zabaltzea albisteak balira bezala, publizitate kamuflaturik ez egitea…—, baizik eta inongo lotsarik gabe egiten dutela.
Aste honetako adibidea. Ilunben 10.000 pertsona elkartu ziren pasa den domekan Gara-ri ezarritako zorra ordaintzen laguntzeko, eta prentsa askatasunaren alde. Zure lerro editoriala Egin-enarekin edo Gara-renarekin bat etorri ez arren, bertaratu direnen artean zure irakurle gutxi egon arren (uste baino gehiago ziur asko), eta beharbada zorraren kontua justua iruditu dakizukeen arren, ezin da ekintza bera ukatu. Ezin da, Vocentoko egunkari bat ez bazara behintzat.
Zerbait hain jendetsua ezkutatzea gezurra esatea da, 50 pertsona baino gutxiago bildu diren bertaratzeen berri eman izan duzunean. Donostiako irakurleei esan diezu aste honetan garrantzitsua izan dela Twitterren eman den eztabaida bat (Naiz-ek ere argitaratu zuena eta mindu ninduena), baina ez beraien etxe ondoan milaka pertsona elkartu izana (berdin dio zergatik). Milaka pertsona kausa baten alde, hori notizia da edonon, gustukoa izan ez arren.
Baina ez dakit zergatik tematzen naizen, gutxienekoa eskatzea ere gehiegi eskatzea den egunotan.