Loto lorearen egoskia apaiz eta fraideentzat?

Loto lorearen egoskia apaiz eta fraideentzat? –

Loto lorearen egoskia. Hori hartzen zuten monje budistek sexu apeta apaltzeko: loto lorearen egoskia hartuta, sexu grina apaltzen omen da eta, horri esker, zelibatuari eusten zioten monje budistek. Budismoak, erlijio katolikoak ez bezala, ez du zelibaturik ezartzen; haatik, espiritualitatearen izenean, loto lorearen infusioa hartzeko ohitura zuten, sexu grina baretzeko edo.

Loto lorearen egoskia apaiz eta fraideentzat?

Erlijio katolikoaren zerbitzari batzuek ikasi beharko lukete budistengandik? Ikasle ohien salaketei esker apaiz eta fraide askoren kontu ilunak agerian gelditu dira, Eliza Katolikoa jo-puntuan utzita. Aste honetan bertan, Salestarrak, lehen Maristak, Garesko fraideak ere bai… Gure Nafarroa txikian ere zerrenda handia da.

Ikasturte honetako azken irrintzia bota nahi diet erlijio katolikoaren zerbitzari horiei errespetu osoz bota ere: Nahi al duzue ezkondu? Bada ezkondu! Ez dituzue emakumeak gustuko eta gizonezkoak nahiago? Nahi duzuena, niri bost… baina utzi bakean umeak, utzi bakean ikasleak; enrrolla zaitezte zuen adinez nagusi den eta gustuko duzuenarekin. Ez da izango, ez horixe, lehen kasua! Sexualitatea zoragarria da, zilizioa ez da bidea eta, mesedez, elkartu, ezkondu edo nahi duzuena egin, baina aski da! Saiatzen zarete auziak estaltzen ad maiorem dei et ecclesiae gloriam, baina, nahikoa da! XXI, mendeko gizarteak ez luke arazorik izango onartzeko apaizek ere familia izatea. Hemeroteketan dauden eta noizean behin agertzen
diren kasu eskandalagarriez gain, denok ezagutzen ditugun beste batzuk badaudenez gero, bada Eliza Katolikoak erabaki ausartak hartzeko tenorea, Bestela, horrela jarraituz gero, kristautasunak bereak egin du.

Izan ere, Eliza katolikoak gero eta antza gutxiago du Jesukristoren jatorrizko egitasmoarekin eta gero eta antz handiago du enpresa batekin. Eta enpresa horretako langileen sexu grina asetzeko zelibatua, anakronikoa da eta asko frogatuta dagoenez, ez da bidea. Errealitatea gordinak hala frogatzen digu behin eta berriz: mundu osoan ez dago lore loto nahikorik apaiz guztien sexu grina asetzeko.

Ezkondu, elkartu edo nahi duzuena egin, baina adinez nagusiak direnekin, umeak bakean utzita: kristau ez garenok eskertuko dizuegu eta kristau gelditzen diren gutxi horiek are gehiago.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 11koa]

Loto lorearen egoskia apaiz eta fraideentzat?

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.