Gaztetxeak

Gaztetxeak –

Azken aste hauetan, Gaztetxeek hartu dituzte, berriro ere, egunkarietako azalak. Maravillas Gaztetxearen hustuketak, Kijera Gaztetxearen aurkako mehatxuak, Gasteizkoan udaltzainak bortxaz sartu izana, Talka espazioaren okupazioa…

Gaztetxeak

Hamaika dira, gure inguruan sortzen diren albisteak espazio hauen harira, eta hamaika eztabaida sutsu sortzen dira gure artean albiste horiei jarraiki.

Gazte belaunaldi ugariren bizitzak markatu dituzte gaztetxeek, herriz herri eta auzoz auzo egon da gaztetxerik edo Gaztetxeen aldeko aldarrikapenik. Beste herri batzuetako jaietara, joan garenean, beti izan dugu Gaztetxea irekirik. Esparru musikalean Gaztetxeak gure herriko susperraldian garantzia berebizikoa izan dute, talde ugariri jotzeko lehenengo aukerak eskainiz…

Baina hori baino askoz gehiago dira Gaztetxeak. Bertan izan dugu, antolakuntza esperimentatzeko lehenengo aukerak, asanblada zabalak, eztabaida amaigabeak, turnoak, garbiketak, programazio kulturalaren kudeaketa. Hor izan dugu gure herriko gazteak ezagutzeko aukera, beste belaunaldi batzuetatik ikasi eta etorkizunekoei gure ale txikia utzi diegu.

Oso zaila egiten zait Euskal Herria irudikatzea Gaztetxerik gabe. Seguruenik horrelako esperientziarik gabe, gaur ez ginateke izango garen herria. Gaztetxeak bizitza eskolak izan dira, bertan formatu gara beste esparru askotan jarduten garen militanteak eta bertan formatzen ari dira, egun, mundua aldatzen ari diren ehunka militante gazte.

Helduen boteretik ez hitzegitea zaila egiten zaigu, bertatik pasatakoek uste dugu dena dakigula eta gure urteetako esperientzia horrek, egun dauden militanteei lekzioak emateko eskubidea ematen digutela. Garai bakoitzean eta esparru bakoitzean ordea gauzak aldatzen doaz eta gaur Gaztetxeak betetzen dituzten gazte horiek dira inork baino hobeto dakitenak zer bizi duten, nola egin behar dituzten gauzak.

Gustatuko litzaiguke, agian, azken asteetako gertaerek beste bide bat hartu izana, gustatuko litzaiguke, konponbideak egotea, egun gatazkak dauden lekuan. Gustatuko litzaiguke, gatazka horien erdian aldaketaren gobernuak eta guk geuk harrapatu ez izana.

Gustatuko litzaiguke, guk geuk beste era batetan jokatzeko aukera eta ausardia izan bagenu eta ez dugu izan, gustatuko litzaiguke… Gauzak ordea ez dira askotan gustatuko litzaigukeen eran eta errealitate horretara moldatu behar gara. Kontraesanak gainditu, jaso behar ditugun hostiak jaso eta aurrera egiten saiatu, beti gure herriarentzat hoberena izango den hori lehenetziz, azken 60 urteetan egiten saiatu garen bezala.

Duela urte batzuk, 15 jadanik, Zuian Gazte Asanblada sortzen hasi ginenean, norbaitek esan zigun, Gaztetxe bat izan behar zuela, asmo eraldatzailearekin hurbiltzen zen guztien etxea eta kontraesanak etxean kudeatzen direla.

Egun, orduan bezala, irakaspen horrekin gelditzen naiz, eta hori zabaldu nahiko nuke: eztabaidak, gatazkak, elikatzen gaitu, aberasten gaitu. Saiatu gaitezen kontraesanak kudeatzen eta gure herria aldatu nahi duten guztiei Gaztetxeko atea irekitzen.

Gaztetxeak

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

7 pentsamendu “Gaztetxeak”-ri buruz

  • Azken portu 2019-01-31 18:05

    Eta noizko Oiertxo, artikulu bat explikatuz zer eskuk mugitu dituen Nafarroako Gobernuaren aurkako azpijokoa egin duten Maravillaseko txotxongiloak?

  • Aitzol Azurtza 2019-01-31 20:30

    Iruñeko Alde Zaharrean aurkitzen den Rozalejos Jauregia indarrez beren egiten saiatu diren okupatzaileek zer eskubide dute nafar guztien jabetza den eraikinari erabilera pribatiboa emateko?

    Rozalejos Jauregiaren jabetza Nafarroako Gobernuarena da, beraz nafar guztiena eta beronen erabilerak nafar GUZTIEI mesede egingo dien erakoak izan behar du, ez berau okupatu eta eraikina era pribatiboan erabiltzeko erabakia hartu duen gazte talde baten araberakoak.

    Beren ekintzak antolatzeko lekua behar badute gazte hauek, egin dezatela beste gazte askok egiten duena: Aloka dezatela bajera bat eta bertan antola dezatela beren gaztetxea.

  • Nafar guztiei mesede egiten dien erabilera ematea ezinezkoa da, beti egongo da norbait ados ez dagoena. Eta eraikina era pribatiboan erabiltzen dela uste baduzu, ez dituzu gaztetxeak ezagutzen.

  • “Nafar guztiei mesede egiten dien erabilera ematea ezinezkoa da”: ados, baina Nafarroako Gobernuak ordezkatzen du Nafarroako gizartea kasu honetan eta ez Maravillaseko ustezko iraultzaile horiek.

  • Aitzol Azurtza 2019-02-05 14:51

    Zigor: Zalantzarik gabe (ongi diozun bezala) nafar guztiei mesede egingo dien ezer egitea ezinezkoa da, beti izango bait da kalteturen bat edo egindakoarekin pozik ez dagoen norbait. “Nafar guztiei” ezin da literalki ulertu ezinezko premisa delako. “Nafar guztiei” esatean uler bedi “ahalik eta nafar gehienei”.

    “Ahalik eta nafar gehienei” horrek zer esan nahi duen eztabaidatzeko dago Nafarroako Legebiltzarra.

    Gaztetxeek “ahalik eta nafar gehienei” mesede egiten dieten zalantza dut baina hori nafarren artean eztabaidatu eta erabaki beharko duzue.

  • Maravillas gaztetxekoen arrakasta, instituzio naiz legeak defendatzen dituzuenon ezinak demostratzen du!!

  • Aitzol Azurtza 2019-02-07 23:00

    Gora iraultza!

    Gora legegabezia!

    Gora anarkia!