Gazteentzat auzolandegiak udan: Gerra Zibila eta Erdi Aroa
Hainbat eragileek 18-30 urte bitarteko gazteentzat bi auzolandegi antolatu dituzte. Gerra Zibilaren ingurukoa bat Aduna-Asteasu-Zizurkilen (Gipuzkoa) eta ERdi Aroari buruzkoa bestea, Galipentzun (Nafarroa). Gazteen formakuntza eta elkar ezagutza sustatzeaz gain, Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea dute helburu auzolan hauek.
Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila eta Nafarroako mugak Erdi Aroan auzolandegiak antolatu dituzte udarako Aranzadi Zientzia Elkarteak, UEUk, Udalbiltzak, UPV/EHUk, Adunako Udalak, Asteasuko Udalak, Zizurkilgo Udalak, Galipentzuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Auzolandegia Aduna-Asteasu-Zizurkilen
Lehen auzolandegia, Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila, uztailaren 7tik 20ra bitartean egingo dute Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa). Josu Amilibiak, Adunako alkateak aipatu du “orain arte ahaztuta” egon direla hiru herri horietako gatazka eta gertaerak, eta tokiko eragileekin batera, “ahanzturan utzitako historia zatia” gaurkotu nahi dutela.
Izan ere, lehenengo erresistentziaren gune izan ziren Tolosaldeko hiru herri horietako gatazka guneak Gerra Zibilean. Amilibiak beharrezkotzat jo du oroimen historikoaren berreskurapen lan hori egitea.
Auzolandegia Galipentzun
Bigarren auzolandegia, berriz, Nafarroako mugak Erdi Aroan, uztailaren 21etik abuztuaren 3ra egingo dute Galipentzun (Nafarroa). Erdi Aroko eraikin erromanikoak eta alde zahar berezia dira herri horren adierazgarri, Juan Jose Arrizabalaga UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskolako zuzendariaren hitzetan.
“Natura eta kultura uztartzeaz gain, kultur ondarea eta herri nortasuna lantzen laguntzea izango dute helburu auzolandegiko parte hartzaileek”. Hori gaineratu du Arrizabalagak, izan ere, haren arabera, Nafarroako eskualde horrek bizitako azken hamarkadetako despopulazio prozesuak “galbidean” utzi ditu gune historiko eta arkitektoniko “adierazgarriak”, eta horiek zaharberritzea dute xede barnetegiaren bitartez.
Bi auzolandegietan, landa-eremuetara bisitak, hitzaldiak eta klaseak izango dituzte parte hartzaileek. Irakasle lanetan ibiliko dira, esaterako, Francisco Etxeberria UPV/EHUko irakasle eta antropologoa, Lourdes Herrasti Osteoarkeologian aditua, Juantxo Agirre-Mauleon arkeologoa, Juanjo Arrizabalaga arkitektoa eta Aitor Pescador historialaria.
Matrikula
Auzolandegietan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ekainaren 27an amaituko da. Auzolandegi bakoitzak 150 euro balio du, eta prezio horren barnean sartzen dira ostatua, ikastaroaren barneko garraioa eta janaria. Informazio gehiago jaso edo matrikula egin nahi duenak www.ueu.org helbidean aurkituko ditu xehetasunak.