Gazteak eta historiaren azkartzea
Gazteak eta historiaren azkartzea –
Zeren ondorengo da euskal gazteri antolatua, zein da gaur egun bizi duen egoera eta zein perspektiba gazteria gisa aktibatzea, ahalduntzea eta burujabetzea lortzeko… Herri gisa erdietsitako lorpenak perspektiban kokatu eta iraganaren mitifikazioan edo eztabaida teoriko antzuetan erortzeko tentazioa uxatuz soilik helduko diegu 2020.hamarkadan ditugun erronkei.
Hilabete iragan da 2013an sorturiko Aitzina gazte antolakunde ezkertiar eta abertzalearen ibilbidearen bukaera iragarri genuenetik. Ardura handiz harturiko erabaki kolektiboa izan da hau, autokritika eta zintzotasuna ardatz izanik azaltzen entseatu garena. Istant batez, egunerokoaren zirimolatik aldendu eta epe luzeko behakoa doitzeko memento egokia izan daiteke hau. Oraina eta geroa aldatzeko parada ezin dugu galtzera utzi, oroz gain, belaunaldi gisa anbizioz jokatzea dagokigu-eta.
Borroka armatua bukatu ondoko zikloan hasi ginen militatzen. Hamarkadatako borrokaren ondorio diren baldintzak izan ditugu lagun. Transmisioak hutsune zenbait izan baditu ere, onena eman zuten hainbat belaunaldiren ondarea jaso dugu. Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna berpiztu zuten Enbatako kideek antolaturiko Aberri Egunetatik gatoz, euskal iheslari politikoen aldeko gose grebetatik, hiru aldiz zapalduak zirela deblauki botatzen zuten EBAko emazteen manifestaldietatik, «Herriak bizi behar du» aldarritik, ikastolen aldeko kantaldi eta talo salmentetatik, gaztetxeen, rock erradikalaren eta intsumisioaren pindarretik, Arrosako zolatik… eta abar luze bat.
Erresistentziatik eraikuntzara
2011az geroztik, erresistentzia fase batetik eraikuntza fase baterako igarobidean martxan da Euskal Herria; auto-afirmazioaren garaia bizi izan dugu Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan, auto-antolakuntzara jauzi egiteko oinarriak eraikitzen ari gara orain. Gure belaunaldiak errotiko estrategia eta taktika aldaketa, kultura eta militatzeko eredua berrasmatzeko errronka edo urte batzuk lehenago pentsaezinak ziren aliantzen artikulazioa ezagutu du. Historiaren azkartzeak ezaugarrituriko hamarkada bukatu berri da. Gaur egun, ezkertiar eta abertzale eta ekologiston gaiak agenda politikoaren erdigunean agertzen dira. Hala, zenbait arlotan, herri akordioak eta kontsentsu zabalak eratu dira Parisen inposaketarekin talka egiteko. Azken bi mendeotan lehen aldiz, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoa barnebiltzen dituen instituzioa sortu zen 2017an. Bakegileen eskutik, gatazkaren ondorioen konponbidean berebiziko ekarpena egin du Ipar Euskal Herriko jendarteak. EH BAIren hauteskunde emaitzen gorakada etengabeak eta azken herriko bozetan zerrenda ezkertiar, abertzale eta ekologistek erdietsiriko garaipen historikoek ez dute zalantzarako tarterik uzten: gure proiektu politikoa eta baloreak gero-eta jendarte sektore zabalagoengana heltzen ari dira. Horren seinalde ere badira sendotzen ari diren herrigintza proiektu alternatibo eta kontrabotere egiturak: Euskoa, Enargia, Laborantza Ganbara.
Agerikoa da askapen prozesuan aitzinapausoak egiteko nehoizko baldintzarik esperantzagarrienak ditugula Ipar Euskal Herrian. Gazteria ez da aipatutako historiaren azkartze horren ikusle soila izan, eragilea baizik. Haatik, egoera politikoak uste baino fiteago aldatzen doazen galderak mahai-gaineratu dizkigun heinean, gazteriak emanen dituen erantzun gaurkotuetarako tenorea da.
Aitzina gazte antolakundearen agur bideoa #BetiAitzina
Garai honen seme-alabak
Fridays For Future mugimendu ekologistaren agerpenak, gazteek joera globalekin berehala konektatzen dutela erakutsi zigun, hauek gure herriaren eskalara eramateko etxeko lana azpimarratzearekin batera. Politizatzeko ezohiko maneren adibide diren natibo digitalak ditugu militantzian kide. Iraultza instagramen edo youtuben eginen ez dela jakin arren, funtsezkoa da egiten ari garena guhaurek kontatu eta euskal komunikazioa esparrua errefentziazko bilakatzea. Zentzu horretan, pantailak zein karrika uztartuko dituzten identitate politikoen eraikuntzarako bitartekoak asmatzeke ditugu. Areago, gazte belaunaldien politizaziorako ezinbesteko tresna izan diren EHZren gisako ospakizun kolektiboak edo mobilizazio jendetsuak antolatu ezin diren garaian. Ipar Euskal Herriko ikasleen %73ak ikas-prozesuan euskararekin harremanik ez izateak, hizkuntza, kultura eta herri honekiko atxikimendua kinka larrian uzten du. 2008ko krisi ekonomikotik hona hezkuntzaren, babessozialen eta lanaren arloetako erreformak gordinki pairaturik, Covid-19aren ondorioz heldu den krisiaren zaplaztekoaren beha egotera kondenatu nahi gaituzte. Gure bizi-baldintzen prekarizazioak eta honen euskarri diren eskubide zibil eta politikoen urraketak militatzeko aukera bera zailtzen digute. Honakoak dira gazteriak bizi duen egoeraren gako batzuk. Garai honen seme-alabak dira askapenaren bidea urra dezaketen bakarrak. Gazteria hau da borondate, nahi eta behar anitzetatik, proiektu ezkertiar, abertzale eta ekologistara bildu behar duguna.
Besta Komiteko lehendakaria, libertimenduko zirtzila, elikagai bankura jotzen duen gazte langabetua, Urruñako 22 urteko hautetsia, Toulousen lurralde antolaketa ikasten ari den Kanboarra, herriko gaztetxean eraso sexisten aurkako protokoloa plantan ezarri duen neska gaztea, Maulen kooperatiba bat muntatuz lan mundura sartu dena, instalatu berri den laborari gaztea, bere burua Euskal Herritartzat jotzen ez duen BABko auzo behartsu bateko nerabea, sindikatua den erizain gaztea… Hauen eguneroko kezkei irtenbidea emanen dien gazte borroka sortzeko erantzunkizuna dugu; ez gazteriarentzat, gazteriarekin baizik.
Aktibatu, ahaldundu eta burujabetu
Bada gazteria, eta ortzimuga zein den argitzeko pistak baditugu. Zapalkuntzak mailakatu ez eta engaiatzeko forma eta ildo ugariei bide ematea; frantses Estatuarekiko apurketaren hautua orokortzeko desobedientzia eta konfrontazio eremuak biderkatzea; gazte esparruan ere indar-metaketaren potentziala askatzen segitzea; gure herriari inposatu dioten zatiketa politiko-administratiboa gainditzen duten errealitateak proiektatzea; gazteria gisa aktibatzea, ahalduntzea eta burujabetzea… Historia erritmoa azkartzen ari da eta gure belaunaldiak ere hitzordu bat du historiarekin, burujabetzaren hitzordua.
Jakin nahi nuek Aitorrek zertan pentsatzen duen ezkertiar eta abertzaleen gaietaz ari denean, ez baitut entzuten iparraldean independentzia, ofizialtasuna eta abar aipatzen direnik… are gutxiago instituzioetan.
Bestalde, nola da posible gatazkaren ondorietaz hitz egitea eta aurrerapenak goraipatzea, gatazka oraindik bukatu ez denean? Ala erakundeak armak frantziar estatuari entregatzea gatazkaren amaiera da?
Hauteskundeetako emaitzen gorakadaz ari da, ekertiar abertzale eta ekologisten garaipenetaz hain zuzen. Tranpetan dabil hor ere, irabazi edo emaitza onak lortu dituzten zerrendak ez dira abertzale ezkertiarrak. Bertan ezkertiar eta abertzale batzuk daude, baina beste batzuk frantziar ekologista, frantziar sozialista, frantziar abertzaleak etabar daude, eta seguruenik urte luzeetan zehar etsai izandako bat edo beste ere bai.
Ez dakit nolatan orain hain itxaropentsu agertzen zaigun Aitor, Aitzinaren autodisoluzioa hain zuzen egoeraren okertzearen islada bat denean.
Eta ez gaude eraikuntza fase batean, erresistentzia baztertu ondorengo asimilazio fase batean baizik. Erresistentzia fase batean pentsaezina zen etsaiei omenaldiak egitea, pentsaezina zen eroritako gudariei omenaldiak egitekotan ezkutuan egitea, pentsaezina zen norbaitek euskararen alde posizio tinko bat hartzean “ezkertiar eta abertzaleen” zerrendatik kanporatzea, pentsaezina zen zerrenda “ezkertiar eta abertzale” batek hautekundeak irabazi eta frantziako banderarekin argazkian ateratzea, eta pentsaezina zen ere 60 bat egun hil ala biziko borrokan murgilduta dagoen euskal preso politiko baten kontrako iritzia ateratzea, bi hilabete luzetan zehar bere borrokan zehar isilik egon ostean. Egun berean etsaien lubakian hildakoen omenaldian parte hartu eta gero eta faxista baten senideen kristalean margoketatxo bat kondenatu ondoren
Gazte euskaldun peto eta zinpatiko baten ganik horrelako testu politiko tristearen irakurtzeak eni ez dit pena baizik emaiten. Ene inpresioa da duela zenbait urte gaztetasunari doakion abertzaletasun espontaneoarekin abiatu zela erreferentzia eta ezagutza politikorik gabe (erakunde nazional bat ez izaitearen ondorioa) eta gero etsiturik kausipenik ez lortzeagatik, hasiera idealistari buelta emanez oraindik ordu deno entseiatzen dela igaiten azken urte hauetan iparraldeko “abertzale guzi”ak eremaiten dituen printzipiorik gabeko kolaborazioaren treina lilluragarrian.
Txingudi, erranez “Eta ez gaude eraikuntza fase batean, erresistentzia baztertu ondorengo asimilazio fase batean baizik” egia bete betean zira, ezin zinuen hobeki erran. Zorigaitzez.