Hostoak

Hostoak –

Azken udaberrian etxekook balkoitik aurreko zuhaitzen hostoak egunez egun nola ari ziren garatzen jarraitu genuen, inoiz baino arreta handiagoz.

Hostoak
Arg: Pxfuel

Izan ere, konfinamendu hartan leihoetatik eta balkoietatik kanpoko bizitzaren lekuko izatea egokitu zitzaigun, eta etxe aurreko platanondoak kimatuz joan ahala berdetuz zihoazen gure bistak. Egun hauetan, berriz, hostoak horitzen eta erortzen doaz. Eta gu, berriro ere, balkoitik begira gaude, koronabirusak jota gure etxean konfinaturik. Zuhaitzei, seguru, berdin zaie.

Naturak bere bidea jarraitzen du, noiz orekatua, noiz kaotikoa, milioika urtetan orain arte egin duen moduan. Baina gizakiok ez gara natura leihotik ikusten duen kanpoko lekuko hutsa. Gu natura horretan baitan zerbait gara, gainontzeko guztiarekin bilbatua doan zerbait. Irudikeria da natura eta gu aurrez aurre jartzea: animaliak gara, ugaztunak, eta horrek argitzen du, neurri handian, garena. Gure kontzientziak, gure adimenak, egiten gaitu desberdin, lepoak jirafa desberdin egiten duen moduan. Nork bere abantailak ditu mundu honetan.

Eta birusak ere hor daude, natura horretan bilbatuta, gure ondoan, gure inguruan, eta noizbehinka, orain gertatzen zaidan bezala, gure barruan. Batzuetan entzuten denaren kontra, pandemia ez da naturaren mendekua edo guganako zigorra; planetaren kaos/oreka honetan gertatu den zerbait da, halabeharrak ekarrita, agian gizakion jardunak lagunduta. Pandemia hau, noski, guretzat kaltegarria da. Eta klima aldaketa, kutsadura, biodibertsitatearen galera, ekosistemen eraldatze masiboa eta bestelakoak ere kaltegarriak dira guretzat. Horiek guztiak eragin ditugu gizakiok naturan, eta bueltan eragin zuzena dute guregan, gure egoera naturako egoerarekin erabat lotuta baitoa, oihal bereko hariak gara. Eta, dudarik gabe, gure jardunak eragin negatiboa izan du, geuretzat eta geure ondorengoentzat.

Naturak ez du kontzientziarik, bere bidea jarraituko du, milioika urtetan egin duen bezala; planetak bizitza izan du beroago egon denean eta askoz hotzagoa izan denean ere bai. Geu gara baldintza jakin batzuk behar ditugunak ongi bizitzeko, eta geuk dugu aipatutako kalte horien kontzientzia, kalte horiek geuretzat bihurtzen dira arazo. Giltzarria da gure “abantaila” zertarako erabiltzen dugun eta nola definitzen dugun naturan izan nahi dugun lekua.

Horrek epe luzera begira jartzea eskatzen du, eta, egia esan, ez gaude ohituta. Izan ere, etxetik hostoen jaiotza egunez egun ikusten genuenean ez zitzaigun burutik pasatzen balkoi beretik hosto horiexek egunez egun erortzen ere ikusiko genituela.

Hostoak

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.