Gaurko politikan fedeak ez du tokirik
Gaurko politikan fedeak ez du tokirik –
Hain ohikoa izanik egia batzuk onartzea, benetakoak edo ustezkoak diren jakin gabe, komunikatzen dituenari agintea edo konfiantza aitortuz, hain da saihestezina ezagutza eskuratze bidean, ia-ia “fede-egintza laikoa” dela esan genezake.
Horregatik da hain harrigarria pertsona askok horrela ulertzea errealitatea; ez ikusten edo hautematen duten modura, baizik eta beste batzuek kontatzen dieten bezala. Fede-egintza, orain, ez da ikusten ez duguna sinestea, baizik eta ikusten ari garena kontatzen digutena bezalakoa dela sinestea.
Gogoeta hori deribatu egin daiteke, noski, baina nik azpimarratu nahi dudana da “fede-egintza laiko” horrek mesfidantza pertsonalean duela jatorria, irizpide faltan, norberaren ahultasun eta heldutasun ezan. Beti kanpoko ustezko agintaritza onartuz. Eta hori arriskutsua da. Oso erosoa, bai, baina arriskutsua.
Beste deribazio oso garrantzitsu bat, hau ez pertsonala baina bai gizartekoa; azken hamarkadetan Euskal Herriaren hegoaldean gertatzen ari dana, eskuin abertzalearen mezu eta praxiaren arteko dibortzio nabarian. Kaltegarria eta arriskutsua da, alde batera uzten duelako bakoitzaren gaitasuna, eta egiazkoa balitz bezala onartzen eta gureganatzen dugulako, irekita uzten dugun faltsutasunaren atetik sartzen zaiguna. Antzeko zerbait gertatzen da esaten dutenean beraiek ez dakitela ezer bere alderdian den usteltasunaren inguruan. Inteligentzia eta senetik urrun dauden estrategiak ehuntzen ari dira. Soilik boterearen inperatibo kategorikoari fidela zaion kontzientzia bete nahi dute. Baina Hori ez da nahikoa sistemaren kalitate morala ziurtatzeko.
Demokrazia konstituzional batek alderdien pluraltasunean oinarritu behar du, hauteskunde aske eta lehiakorretan, botereen banaketan, herriaren subiranotasunean. Hau da, funtsezko eskubideen eta askatasun publikoen bermean.
Gaur egun Estatu espainiarrean dagoen sisteman, azken berrogei urteetako historiak erakusten du gobernuen aukeraketa ez dela gizarte plebiszitutik proiektatzen, baizik eta epaileen ustezko inpartzialtasunetik.
Parlamentuak, “ustez” sistemaren muin diren legebiltzarrak, itxurakeriak baino ez dira, ordezkoak, botere aseezinaren oihartzun.
Botereen banaketa, praktika politikoan, erabat lausotuta geratzen da, errealitatetik oso urrun. Eskubide eta askatasunen bermeari dagokionez, Estatu espainiarra bezalako leku batean, non epaile independenteak gutxi diren, ezinezkoa da egiten den justizia zuzena izatea.
Nire ikuspegitik, hemen Nafarroan, garbi dago gatazka politiko honetan ia ezer ez dela ematen duena. Hori orain arteko leloa, baina egoera aldatuz doa eta denbora gutxi barru, benetako gatazkaren gakoari erantzun beharrean jarriko ditugu; euskaldun gehiengoak baieztatzen dugunari: ez garela espainiarrak. Eta izatez dugun eskubidea erabili nahi dugula, garena izan nahi dugula, euskaldunak alegia.
Bere burua demokratikotzat duen sistema batean, onartezina da, lotsagarria, zinikoa, baita antzerkia ere, jakintzaren eta ezagutzaren maila hauetan planteatzea, mugakide diren Estatu Espainiar eta Euskal Herriaren arteko elkarbizitzaren “korapiloa”, ezinbesteko behar etiko batean dagoela; Garai bateko biolentziaren gaitzestean. Horrela ezkutatzen dituzte Madrildik inposatzen duten erregimenaren gabeziak.
Aitortu behar dut negargarria iruditzen zaidala tribuna prestigiotsuetatik, jakintsutzat jotzen diren jokabideetatik, nazionalismo zehatz bat (espainiarra) inposatzen duen proiektu bat defendatzea, eta, inolako lotsarik gabe, baztertzailetzat kalifikatzea determinazio askea gauzatzeko eskubidea aldarrikatzen duena. Gogorarazi nahi dut behin eta berriro memoria selektibora jotzeak garuneko atrofia sortzeko arrisku nabaria dakarrela, garunaren zati bati apropos muzin egitean. Intelektual batzuek onartu egiten dute arrisku hori, nire iritzian, errentagarritzat jotzen dutelako. Printzipio-kontua da, noski.
Antzeko zerbait gertatzen zaio “oraindik” La Moncloan dagoen Sánchez honi. Beharbada Gerraren artea irakurtzea gomendatu behar nioke, Sun Tzu txinatar jeneralak idatzia. Inoiz idatzi den estrategia-libururik onena omen. Bi mila eta bostehun urte dituen liburu hori testu klasiko txinatar garrantzitsuenetako bat da, eta, hainbeste denbora igaro den arren, indar betea du eta erabilgarria da gaur egun ere. Are gehiago borrokarako eskaintzen dituen estrategiak politikaren mundura eramanez gero, izatez horixe baita egungo borroka-eremua.
Izan ere, Sun Tzuren obra ez da praktika militarreko liburu bat soilik; konfrontazio-uneetan gizakiaren ezagutza jakinduriaz aplikatzeko estrategia erakusten duen tratatu bat ere bada. Beraz, gatazkaren sustraiak ulertzeko eta konponbidea bilatzeko idazlan bat da.
Ziur asko, Sánchez jaunak ez dauka behar bezalako prestakuntzarik oraingoa bezalako erantzukizun historikoa bere gain hartzeko, edo, bestela, La Moncloan mantentzen dutenek ez diote uzten. Berdin dio. Kontua da gizarte abertzaleak ikasi eta ikusi duela, heldu dela erabakiak hartzeko eta gauzatzeko ordua. Erabaki on, serio eta ezeztaezinak. Heldu nahi dugun helmugara heltzeko, behar diren borondateak batuko dituzten erabakiak.
Beraz, ez da fede kontua, erabakiak gauzatzekoa baizik.
Gaurko politikan fedeak ez du tokirik