Gatazkan hazi

gatazkan
Alaba kezkatuta etortzen zen etxera. Institutuan grebarako deialdia zegoen berriz. Hamaikagarren aldiz. Ez zuen bere burua gai ikusten, astero antolatzen ziren asanbladetan, planteamenduen aldeko edo aurkako argudioak botatzeko. Eta deseroso ateratzen zen. Alde bakarreko sufrimendua, soilik, hartzen zen kontuan. Errebindikazio gehienekin ados egonda ere, ezin zituen onartu bitartekoak eta manerak eta beltza ala zuri artean aukeratu behar beti.

Ni, orduan, bera baino gehiago kezkatzen nintzen, eten gabeko gatazka hark onik ekarriko ote zion beldur. Ikasketan eten gehiegi, gazte baten bizitzan horrenbeste tentsio, harremanetan hainbeste aukera egin behar, aukera egiterakoan zenbat alderdi haztatu behar, muturrera (mutur batera edo bestera) jotzeko arriskua, … Ama baten babesteko joerak ekarritako beldurrak, denak.

Geroago –eta seme-alaba pare bat aurrerago– konturatu nintzen hark (eurek) bizi izandako aukera paregabeaz. Institutuan dena ez zela estudiatzea, tentsioa bizitzarekin batera doala, lagunak ez ditugula aukeratzen beren araztasun ideologikorengatik, edozein egoeran alderdi asko daudela, mutur bat eta bestearen artean adar anitz daudela eta txuri eta beltzaren artean, hainbeste kolore! Ez dakit egoera bakeoso batean bizi izan balitz, ñabarduren balioaz jabetuko ote zen horrela.

Ondorengo dokumentua eskuetaratu zait gaur. Eta asko eskertu dut urrutiko gatazken kontakizunean ahazten den hori gogora ekarri izana. Gerra horretan ere, dena ez dela beltza ala zuria. Bonbak botatzen dituztenen herrian badirela kontzientzia-objektoreak. Institutuko gazte batzuek (eta ez dakigun beste asko) liskarrean topatzen dutela gizatiarrago izateko abagunea. Itxaropena dagoela, alegia.

Ingelesez ez dakienarentzat, vimeoko bideoan dago gaztelaniazko itzulpena

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz