Gasteizko zaharrean
Gasteizko zaharrean –
Hiri guztiek dute beren bihotza. Beren arima gordetzen duten kale estu eta meharrak. Batzuetan aldapan gora, besteetan behera. Gutxitan leku lauan. Euskal Herrian Goikokale, Goienkale edo Goikuriak, erdiko kale naiz Artekaleak eta beheraxeago Barrenkaleak edo Bilbaoren kasuan bezala, Barrenkale barrenak ere, beheko kalearen barrenean, behe aldean dagoena, alegia.
Eta hauetan guztietan, zaharrean gora eta behera, sortu dira mendez mende eta urtez urte hainbat ekimen politiko sozial eta kultural.
Herri edo hiriei beren izaera gauzatzen lagundu dieten proiektu berritzaileak. Alde Zahar horietan egosi dira maiz, herriak hobetzeko proposamenak, hausnartu dira sarri hiriak eraldatzeko egitasmoak, eta antolatu dira usu, herrialdeak iraultzeko matxinadak. Zaharrean gustura ibil daiteke pasaden asteko egun kiskalgarrietan gerizpea aurkituko baitugu alde batean edo bestean. Eta zaharrean harro ibili ziren aste osoan zehar ume zein nagusi, gazte eta zahar, jolas, kontzertu, antzezlan, hitzaldi, filma eta jai artean. Zaharrean pozik festak antolatzeko beste modu batez harro.
Festak amaitu ziren baina festa gogoak badirau, eta kaleei tabernek hartu diete erreleboa. Jazzaharrean musika jaialdiaren txanda da aste honetan. Atzo hasi zuen Petti handiak, blues doinu ederrekin, eta gaur hartuko dio lekukoa Gurutze`s Manouches taldeak, atzo bezala, Frantzisko Xabier Deunaren zeharkalean. Izan ere, kale batetik bestera igarotzeko zehar kaleak asmatu baitzituzten behialako euskaldunek, eta horrela, kale bat bestearekin lotuz, beti Gasteizko zaharrean, hiriari arnasa emanez.