Salba nazazu

Salba nazazu –

Adinaren kontuak izango dira: batzuetan inguruari begiratu eta harrituta geratzen naiz, eguneroko gauza arruntetan izugarrizko aldaketak gertatu direla ikusita, eta, batez ere, ez naizelako gauza zehazteko aldaketa horiek zer momentutan gertatu diren. Ikusi haurrei ematen diegun tratua, esaterako. Zer momentutan pasatu gara gure gurasoen “aizu, joan kalera eta ez agertu hemendik afaltzeko ordura arte!” gaur egungo ume hiperkontrolatu eta ultrazainduen garaira? Aldaketa hor dago, zalantzarik ez. Baina, noiz gertatu da zehazki? Non dago bere umeei “ez bueltatu afalordura arte” esan zien azken gurasoa? Museo antropologikoan?

Salba nazazuBatzuek esango didazue aldaketa graduala izan dela, denbora tarte luze batean gertatu dela, eta ez dagoela aldaketaren momentua ‘datatzerik’. Baina umeena ez da kasu bakarra. Esaterako: noiz erabaki dugu Facebook komunikazio kanal neutro eta unibertsala dela, telefonoa, posta arrunta edo uhin bidezko irratiaren pareko?

Facebooken eragin ahalmen izugarria behin baino gehiagotan geratu da agerian azken boladan. Eta beharbada horregatik, are izugarriago egiten da eguneroko martxan geldialditxo bat egin eta Facebook egunerokoan tratatzen dugun moduari erreparatzea.

Erakunde publikoek, adibidez, formazio saioak eskaintzen dituzte merkatari eta enpresa txiki eta ertainentzat. Hainbat gai lantzen dituzte ikastaro horietan: kudeaketa, markagintza, komunikazioa, marketina… Marketineko horietan, behin eta berriro errepikatzen den eskaintza: “Nola egin zure publizitatea eraginkorrago Facebooken iragarriz”. Eta bai, arretarik jarri ezean, ba normala ere eman dezake, ezta? Egunero entzuten ditugun koplak: munduko sare sozialik handiena da, erabiltzaile mordoa dago, “jende guztia dago bertan”… Baina hartu arnasa eta kontatu hamar arte: noiz barneratu dugu normala dela erakunde publikoek multinazional baten komertzial gisa jardutea? Noiz aitortu diogu Facebooki komunikazio kanal neutro baten izaera?

Esan nahi dut: imajinatu marketin formazio hori Internetetik telebistaren mundura eramaten dugula. Normala irudituko litzaiguke diru publikoz ordaindutako ikastaro horien formulazioa izatea, adibidez, “Egin zure publizitatea eraginkorrago Tele5en (edo CNN-n) iragarriz”? Esango nuke ezetz. Polemika latza piztuko lukeela kontuak. Gauza bat da merkatariei azaltze “nola optimizatu zure publizitatea telebistan”, edo “nola optimizatu zure publizitatea Interneten”. Baina hortik publizitate agente zehatz bat preskribatzera, bakarra eta neutroa balitz moduan, salto handia dago!

Baina tira, erakunde publikoak ez dira arazo hau duten bakarrak, e? Ez dakit noiz eta nola, baina Facebookek hipnotizatu egin gaitu kanal neutro gisa trata dezagun, eta halaxe egiten dugu behin eta berriz, komunikabideotan, esate baterako. Espainian, prentsaren lobbyek horrenbesteko presioa egin diote Googleri euren edukiak erabiltzearen truke tasa bat ordaintzeko, ezen azkenean Google News zerbitzua bertan behera uzte erabaki baitzuen. “Ez da justua prentsak landutako albisteak Googlen agertzea, eta orrialde horietako publizitate sarrerak Googlek poltsikoratzea” argudiatu zuten Espainiako egunkari handiek. Tira, ados egon naiteke neurri batean. Baina orduan, zergatik ez zaio gauza bera planteatu Facebooki? Egunkari horiek beroriek nahita publikatzen dituzte bertan haien albisteak, erabiltzaile askorentzat Facebook informazio iturri nagusi bihurtu arte, horrek atzetik ekarri duen albiste faltsuen auzi guztiari bidea irekiz.

Baina erabaki korporatiboetatik at ere, kazetarien elkarte, sindikatu, akademia eta abarretan ere etengabeak dira Facebookekin lotutako formazio saioak: “nola optimizatu albisteen erredakzioa Facebookerako”, “nola prestatu bideo albisteak Facebookerako”, “nola erakarri zure audientzia Facebooken”. Ez, ez! Facebooken dagoen audientzia ez da ‘zurea’, Facebookena da! Eta komunikabide batek Facebooken publikatzen pasatzen duen denbora guztia, multinazional batentzat dohainik lan egiten pasatako denbora da. Multinazional horren botere posizioa sendotzen pasatako denbora. (Beste egun baterako utziko dugu komunikabide guztien seta edukiak Facebooken ez ezik, norbere webgunera estekak jartzerik ere onartzen ez duen Instagramen publikatzearekin!).

Are gehiago: hain sendo heldu diogu Facebooken neutraltasunaren amuari, non komunikabideetatik batzuetan prentsaren salbatzaile gisa ere begiratzen hasi gatzaizkion. Zuckerbergek programa bat iragarri du Estatu Batuetako tokiko prentsari laguntzeko. Gizona konturatu da bere negozioa pikutara doala inguruan ez badu sarea kalitatezko edukiz beteko dionik, eta ondorioz, eskuzabaltasun keinua bailitzan, 300 milioi dolarreko laguntzak iragarri ditu tokiko prentsarentzat. Eta Atlantikotik honantz, batzuk hasi dira eskua altxatzen: “Eh, salba nazazu ni ere, salba nazazu ni ere!”

Zer nahi duzue esatea: nire ustez nekez izango da Facebook ez tokiko, ez bestelako ezein prentsaren salbatzaile, milioiak eta milioiak oparituta ere. Bere negozio ereduaren oinarria betiko komunikabideei arnasa ukatzea da: irakurleak, eztabaida, sinesgarritasuna, erreferentzialtasuna eta, noski iragarleak eta publizitatea bereganatzea… Eta oxigenoa kendu nahi dizunak nekez salbatuko zaitu, tarteka atseden bat ematen badizu ere, bonbari eragiten jarrai dezazun.

Salba nazazu Salba nazazu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude