Gasteiz-15 aldarria
Gasteiz-15 aldarria –
- Ez goaz inoren aurka -entzuten diot manifa aurkezten ari den esatari bati- baizik giza eskubide eta askatasunen alde.
- Egoera honen aitzakiaz eskubide horiek murriztearen aurka gaudela erakustera gatoz -dio bigarren esatariak-, tximinia handi baten inguruan bilduta dagoen lagun talde trinkoaren aurrean.
- Hemen bildutakoak pentsaera eta ideologia anitzeko jendea izan gaitezke. Gu denok batzen gaituen gauza bakarra, berriz, giza-eskubideen defensa!
Eta txalo artean abiatzen da, ETB aurreko egoitzatik, maiatzaren 15eko manifestazioa, pankarta ugariz hornituta. Bidean gero eta jende gehiago atxikitzen zaio, belaunaldi berriko jendea, ni haien artean agure. Bidean, euskal kantak, soinulariak, kale-antzezleak, dantza erritmikoa, erreibindikazio leloak…
Zera ematen du Udaberria indar handiz loratu dela bapatean. Apropos eragindako panikoaren kariaz kikilduta zegoen jendea Eguzki Amaren argitara atera dela. Gasteizko manifestazioa, zeinetan euskal lurralde ezberdinetako populua batu den, autobusetan etorrita. Orain Ama Zuriaren plazara iritsi da, 3.000 lagun inguru, aspaldiko manifa handiena.
Eta ikusiak ikusita, esandakoak entzunda, ez deritzat batere hanpatua aldarrikatzea ezen lehena eta geroa markatzen duen puntua izan dela. Hurrengo egunean, igandea, errealitate hitsera jaitsita, zera egiaztatuko dugu: gure hedabideek, ez publiko ez erdi-publikoek, ez dutela aipatu ere egin atzokoa. Lau lerro ere ez. Jokoz kanpo berriro, hirugarren txartel horia?
Egiaz, Gasteiz-15eko aldarri hori lehena eta geroa banatzen duen puntua izan daitekeela uste dugu. Hara zergatik. Zantzu guztien arabera, noizean behin baino gertatzen ez diren bidegurutze batean aurkitzen garela iritzita.
Izan ere, duela bi urte, “jauzi kualitatiboaren itxaropenaz” aieru nenbilenean, une berezi bat bizi genuela idazten nuen: egoera eta egitura “hauskor” batean, alegia. “Halakoak gertatu izan dira zenbaitetan historian -nioen-. “Adibidez, nork pentsa zezakeen Kaukasoz iparreko estepak lehortzean Europara mugitu ziren ganaduzale nomada ario haiek Garaldeko zibilizazio autoktonoa eraitsi eta gaur egun daukaguna ekarriko zigutela? Edota Europa iparraldeko oihanetan bizi ziren “barbaro” haiek Erromako Inperioa suntsituko zutenik? Gutxien espero den gunetik sor daiteke “ezuste periferikoa” deritzana eta statuo quo irauli ustekabean.”
Zein da, gaur egun, periferiako ezuste edo ustekabe hori? Agerian dago: pandemia delakoa eta ostean etorriko zaigun guztia. Zera genioen orduan: “eskerrak eboluzioaren garapenean jauzi kualitatiboak gertatzen direla. Fisika eta biologia mailan gertatzen direnean jauzioi, “kaos edo katastrofe egoera” deritzote. Baina giza historian ere gertatzen da halakorik: eta oraingo honetan bada halako sintomarik. Batetik migrazio masiboen atarian gaude. Horri mehatxu guztien ama den klima aldaketa gehitu behar zaio. Bestetik, erdiko klasea deritzona erortzeaz batera, langile prekarioaren bakardadea daukagu. Egur meta nabarmena, hori guztia, jauzi kualitatibo bat gerta dadin. Une horretan, baldintza ezinbesteko bat izango dugu iraultzara jauzi egiteko: kritiko izatea”.
Baina hara. Nork pentsa zezakeen orduan, erbia nondik azalduko zen! Bada, azaldu zaigu muturren aurrean eta muturreko galanta eman. Bada, izan gaitezen kritiko oraingo honetan!
“Askatasunen murrizketaren aurka”, aldarrikatu dugu Gasteizko kaleetan. Eta “askatasunak” ez dira aireko gauza abstraktua: lagunarteko solasa galtzea da, kasu, edota musean edo briskan ahaztea.
Bestalde, kritiko izateko, tamalezko “eki-urruntasuna” laga behar dugu.
Kazetaritza jarriko dut adibidetzat, guztion gaitz hau, “eki-urrutiar” izatearena, zertan datzan azaltzeko. “Palestinarrek hau eta hau diote; eta Netanayuk hori eta hura”. Eta kito, akabo auzia. Horixe da eki-urrutiar izatea. Bada, inor ezin gara mugatu eki-urrutiar izatera, eta orain inoiz baino gutxiago. Justiziaren aldeko izan behar dugu.
Kazetaritzaren adibidera itzuliz, mundu osoko informazioa lotzen duten Agentzia Handikiek platerera ematen ez dutena, kalean eta nonahi ikertzea dagokie kazetari jatorrei (horietariko langile jator asko baita gurean), Gasteizkoari buruz egin dutena berriro egin ez dezaten. Eta Gasteiz-15ekoa garrantzitsua izan da, besterik ez bada ere Covid/Txertoen kalaka-orbitatik atera gaituelako.