#Gascokeriak (kontzeptu gisa)
#Gascokeriak (kontzeptu gisa) –
Xabier Etxaniz Rojok, Donostiako Gabonetako argiak itzali berritan Irutxuloko Hitzan idatzia, ironia finez.
Ziurrenik, gaur ere barkamena eskatu beharko dut. Izan ere, izenburuan bertan traola bat (#) jartzea erabaki dut, nahiz eta jakin zeinu ulergaitza dela. Azken batean, traolak gehiago du Twitterren unibertso azkarretik herri-kazetaritza xumetik baino, eta badakit hainbati arrotz gerta dakiokeela horrelakorik hemen ikustea. Eta badakit, halaber, parentesien artean jarritako «kontzeptu gisa» hori oso ezaguna izango dela Twitterren euskal mundutxoko biztanleentzat baina oso ezezaguna irakurle arruntarentzat. Bai, erabaki arriskutsua da hartutakoa, onartzen dut. Nire alde zera esango dut, gero eta zaharragoa naizela eta zorionez beldurrak galtzen hasita nagoela.
Itzul nadin, baina, harira. IRUTXULOKO HITZAko lagunek zutabe hau idazteko eskatu bezain pronto etorri zitzaidan burura izenburua: #Gascokeriak (kontzeptu gisa). Ez zen denbora luzean hausnartutako zerbait izan, ezpada bat-bateko bihozkada bat, edo, nahiago baduzue, agerpen zerutar bat.
Gogoan dut Santa Katalina zubia zeharkatzen ari nintzela.
Eta, bat-batean, argia ikusi nuen. Hura zen zutabeak behar zuen izenburua.
#Gascokeriak (kontzeptu gisa).
Aitor dut izenburua izaten dela zutabe batean idazten dudan azkena. Nork bere ohiturak ditu eta nirea lehenik mamiari heltzea izaten da, apaingarriak bukaerako utzita. Alabaina, zerbaitek esaten zidan oraingoan beste era batera egin behar nuela.
Izan ere, bat-batean argia ikusi nuen eta harez geroztik hor izan dut izenburua garunean bueltaka, etengabeko jirabiran, noria erraldoi bat balitz bezala. Hor izan dut, gainetik kendu ezinik, txakur bati lepoan jarritako zapi bat balitz bezala. Egunotan, behin baino gehiagotan egin dit gainezka izenburuak, eta itota sentitu naiz, glamourrez beteriko Paris txiki batean banengo bezala. Ok egiterainoko itolarria, hiru dozena San Sebastian´s Tipical Gilda jan izan banitu bezala Institute of the Pintxo Donostiarra-n.
#Gascokeriak (kontzeptu gisa).
Susmoa nuen ez nuela idatzi arteko bakerik izango, eta horregatik horixe izan da idatzi dudan lehenengo gauza.
Alabaina, idatzi izanak ez nau lasaitu. Orain mamia dut falta.
Apaingarri eder batek ez baitu zoriontasuna ekartzen.
Eta orain argia itzali da.
Argiak desagertu dira eta ez dakit nola bukatu zutabea.
Argirik gabe, zulo iluna baino ez.
Barkatuko didazue, baina uste dut nire buruaz beste egingo dudala Santa Katalinako zubitik.