Gas argia

Gas argia –

Gas argiaGas argia kontzeptua orain dela gutxi deskubritu nuen Derioko Koxak talde feministako kide bati esker (ingelesez gaslighting). Honela definitu dezakegu gutxi gorabehera: “abusatzailea beste pertsonaren errealitatearen pertzepzioa aldatzen eta bere autokonfiantza murrizten ahalegintzen da, bere oroimena edo zuhurtzia zalantzan jarriz eta ezegonkortasun emozionala eraginez”.

Hasiera batean, kontzeptua ulertu nuen (eta neure inguruan bizitako kasu pare batekin akordatu nintzen). Baina gero … buruko errota beharrean hasi zen eta …

Kontzeptu hori bikote-harremanei ez ezik, herriei ere aplika dakiekeela iruditu zitzaidan (herriei edo hizkuntza komunitateei, gurago duzuen moduan). Eta, ostras, zenbat biderrez egin didaten/diguten gas argia niri/guri? Milaka adibide etorri zitzaizkidan burura …

Carlos Callonen “O libro negro da lingua galega” lanean adibide asko ageri dira, baina egunerokoan ere milaka ditugu: zer gura duzu mediku ona ala euskalduna? Edo jasandako eraso linguistikoa menosten aritzen zaizun laguna (euskal hiztuna hainbat kasutan, jakina), edo Telpeko egoeretan agertzen zaizkigunak, edo sare sozialetan agertzen diren milaka iritzi (neofaxistak horietako batzuk bai, baina horiez gain beste hainbat), edo …

Eta argi dago hau biolentzia sinbolikoa dela, hau da, biolentzia moduan atzematen ez den biolentzia da, pentsamendu kategoria negatiboen inposizioa, desprestigio eta desautorizazioa artikulatzen duten kategorizazioa. Eta horrek zerikusia du autogorrotoarekin, autolesioekin, konplexuekin.

Gas argia bai, baina honen aurrean zer egin beharko genuke? Zein da horri eman beharreko erantzun pertsonal zein kolektiboa? Ba ez dut ideiarik ere ez … Agian, gure kontra erabiltzen diren erreminta hegemoniko horiek (estereotipo eta irain horiek) berreskuratu eta modu kontrahegemonikoan erabili genitzake, esangurak birdefinituz. Agian.

Gas argia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude