“Euskaldunen iraultza txiki” eske

Euskara, politika, selekzioa eta futbolari buruz naturaltasun osoz hitz egin du Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak, ‘Aho bizarrik gabe’-n. Solasaldi zikloa hamabigarren saio harekin bukatu da. Udara baino lehenago sareko liburu bat argitaratuko dute antolatzaileek.

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileaEuskal Herriko prentsaurrekoetan euskaraz soilik hitz egin nahi du Gaizka Garitano (Derio, 1975) Eibar futbol taldeko entrenatzaileak, Sanagustin kulturgunean Aho bizarrik gabe saioan aitortu duenez, baina eskatu du horretarako euskal hedabideen eta kazetarien “laguntza” behar duela. Adibide modura, adierazi du David Moyes Realeko eskoziar entrenatzaileari itzultzailea jarri diotela —ez daki euskaraz eta espainolez—, Ernesto Valverde Athleticeko teknikaria gazteleraz aritzen dela —ez daki euskaraz—, eta, aldiz, berak ezin duela euskaraz soilik aritu Euskal Herrian egiten dituen agerraldietan. “Desgrazia dut erdaraz dakidala eta, beraz, egin egin behar. Horrek euskaldun gisa dauzkadan eskubideak urratu egiten ditu. Euskaraz soilik mintzatzea gustatuko litzaidake, baina ez daukagu behar dugun erraztasunik”.

Euskal hedabideen konplizitatea lortu nahian, ETBrekin bildu izan da Garitano, adibidez. Eskertu du ETBk egiten duten ahalegina, “laguntzen baitu, baina ez beti”. Euskal Herriko hedabideetan espainolez hizketan agertzeak ondorio negatiboak dituela uste du. “Bergaran-eta entrenatzen dugu guk, eta saioaren ondoren ume euskaldunak ‘Garitano, ¿me firmas un autógrafo?’ galdezka etortzen zaizkit”. “Asko kezkatzen nauen gaia da”, esan du, eta gaineratu du jendaurrean euskaraz bakarrik aritzeko lanean jarraituko duela.

Solasaldian naturaltasun osoz mintzatu da politikari buruz ere. Euskal independentista dela aitortu du, eta puntako futboleko entrenatzaile izateagatik jendaurrean hori azaltzeak arazoak zergatik ekarri behar dizkion aipatu du. “Ez dit gehiegi axola Espainian horrek zer eragin duen. Kontzientzia lasai eduki behar duzu, eta inori min ez egitea garrantzitsua da. Zure ideiak plazaratzea ezin da arazo izan. Lotsatu behar dena erabakitzeko eskubidearen kontra dagoena da, oinarrizko eskubide bat baita. Argi dago [Euskal Herriaren] independentziaren alde nagoela. Hori argi eta ozen esan behar dugu, gainera, hedabideetan agertzeko aukera dugun independentistok”.

Egoera politikoaz, baina, “ezkor” azaldu da, Euskal Herrian ez baitu “mugimendu handirik” ikusten. “Jendea, oro har, nahiko konformista da. Ikusten dudanak ez dit itxaropen larregirik ematen etorkizun hurbilerako”. Gainera, txarretsi du Espainiako Estatuak “eragozpen asko” jartzen dituela.

Euskal selekzioari buruz ere, baikortasunik ez. “Ezkorra naiz, jokalari gisa barrutik bizi izan dudalako hori guztia. Jokalarien aldetik beti ikusi izan dut, orokorrean, konpromiso falta handia. Eta federazio aldetik, trabak daude. Denon aldetik dago zerbait egiteko”. “Euskaldunen artean iraultza txiki bat” beharko litzatekeela ondorioztatu du.

Aho bizarrik gabe, Gaizka Garitano from Erlo Telebista on Vimeo.

Futbola

Futbola, kirol gisa, izugarri gustatzen zaiola azaldu du, baina ez du hain gustukoa han barruan edota haren bueltan dagoena. “Gaur egun egoera sozialki dagoen bezala, klub bat salbatzeko gizarteak dirua jartzea ez dut ondo ikusten. Futbolak jo behar du etxean egiten dugunera; hau da, zenbat diru daukazun, hainbeste gastatu behar duzu, ez gehiago”??. Aipatu du gizartean jendea mugitzeko “arazo larriak” badirela, “baina ez da mugitzen. Aldiz, futbolagatik bai; futbolak badu hori”.

Eibarrek Espainiako Lehen Mailan jokatzeko akzio zabaltze bat egin behar izana “injustiziaren ondorio” gisa jo du hango lehen taldeko entrenatzaileak, eta iritzi dio jendeak horregatik erantzun zuela hain ondo, klubak babes handia jaso baitzuten. “Gauza ilun asko gertatu dira futbolean. Eibarri gertatu zaiona izan da bidegabeenetako bat. Futbolaren funtzionamenduaren kalteturik handiena Eibar izan da beti”.?

Futbolean matxismoa dagoela ere deitoratu du. “Gizartea matxista da, eta futbola, pixka bat gehiago”.

Kazetaritza ikasketak ditu eginak. Oraingoz, ez da kazetari ikusten, baina ez da betiko futbolean ere ikusten.?? “Bizitza bakarra da, eta bizitza osoa gauza bakarrari zuzentzea tristea da. Futbolak desgaste handia dakar, ez dut ikusten neure burua beti hau egiten, eta egunen batean saiatuko naiz beste zerbaiten”. Salbuespenak salbuespen, kirol kazetaritza ez du jarraitzen. “Zirko hau egunero jarraitzea…”???. Baina nabarmendu du Eibarko kirol kazetariekin “oso ondo” ematen dela. “Izan ere, errespetua dagoen bitartean kritikak ez dit minik egiten”.

 

Zikloaren amaiera

Atzo arratsaldekoa, Aho bizarrik gabe-ko hamabigarren saioa izan zen, eta harekin bukatu da zikloa; duela bi urte hasi zen. Beste 11 protagonistak: Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien, Amets Arzallus, Jesus Egiguren, Jon Sarasua, Edurne Brouard, Fermin Muguruza eta Ramon Saizarbitoria. Garitano Ander Ugarte kazetariarekin aritu zen solasean.

Azpeitiko kultura eta komunikazio arloko eragileek antolatu dute: Kultur Mahaiak, Sanagustin, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak. Uda baino lehen sareko liburu bat argitaratuko dute.

Euskaldunen, iraultza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude